Berria.eus

Gizartea Goi tentsioko linearen «ordezko irtenbideak» galdegin dituzte

Publizitatea

Gizartea

Goi tentsioko linearen «ordezko irtenbideak» galdegin dituzte

Proiektua gauzatzearen «beharra» ez dagoela justifikatuta salatu dute Euskal Herriko 69 erakunde publikok

2013-07-25 / Eneritz Albizu Lizaso

69 erakunde publikok sinatu dute Lurra kolektiboak eginiko goi tentsioko linearen aurkako helegitea; 41 udalek eta 28 udalbatzak, hain zuzen. Alegazioan salatu dute Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko goi tentsioko linearen proiektua «bideraezina» dela, eta, horretarako, zortzi argudio aurkeztu dituzte. Autopista Elektrikorik Ez plataformak idatzian bildu dituzten zortzi argudioak aurkeztu zituen atzo Donostian eginiko prentsaurrekoan.

Argudio horien artean, herritarren desadostasuna nabarmendu zuten lehenik; plataformaren hitzetan, 216 erakundek erakutsi baitute proiektuarekiko «guztizko desadostasuna». Herritarren osasunari eta ingurumenari proiektuak egin diezaiokeen kaltea ere gogoratu zuten. Bestalde, inguruko herrietako jarduera ekonomikoarentzat oztopo izango dela salatu zuten.

Autopista Elektrikorik Ez plataformaren hitzetan, egingo diren instalakuntzen «beharra» ez dute justifikatu, eta inguruetan horrelako azpiegiturak badira lehendik ere. Hori dela-eta, uste dute «ordezko irtenbideak» ez direla bilatu eta proposamen berriak egiteko garaia dela: «Ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik gutxiago kostatuko diren alternatibak ez dira kontuan hartu orain arte».
 

Publizitatea