Albistea entzun

Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

El Hierro, euskal sumendien parekoa

Koldo Nuñez -

2011ko urriak 20

Egunotan, Kanaria irletako El Hierro uharteko jarduera bolkanikoa dugu hizpide. Uztailaren erdialdean hasi ziren lehenengo lurrikara txikiak, eta ordutik hona hamar milatik gora neurtu dira. Gehienak oharkabean gertatu izan dira, eta zientzialariek baino ez dituzte sumatu sismografoen bidez. Dena den, bertako biztanleek ere sentitu dituzte lurraren hainbat dar-dar, baina horiek ez dira inoiz oso indar handia hartzera iritsi. Zalantzarik gabe, lurrikarak zerbait gertatzen ari zen sintoma ziren, eta horrenbeste eta horren maiz izanda, aktibitate bolkanikoaren adierazle zirela ondorioztatu zen. Hasieratik, lehorretik kilometro gutxi batzuetara dauden faila multzo batean eman ziren lurrikarok, eta lur azpian 8 bat kilometroko sakoneran. Lurrikaron iturria igo beharrean maiz sakonera handiagoetara jaitsi da, ohikoa kontrakoa izaten bada ere jarduera bolkaniko baten ondorio direnean. Uhartea bera ere azken asteotan zertxobait hazi egin da, milimetro gutxi batzuk. Magma eta arroka urtuak, igotzen ari ziren faila horietan gora, eta azkenik azaleratu dira itsasoaren azpian ehunka metroko sakonera duten uretan.

Orain arte gertatukoa lehenengo aldiz behatu izan da zuzenean El Hierro uhartean, historikoki ez baita horrelakorik gertatu bertan. Momentuz erupzioa uraren azpian gertatzen ari da, eta uraren sakonera nahikoa da uretan dena disolbatzeko, leherketak ere, baina badoa laba eta arrokak pilatzen bi ahotan eta ur-azalera hurbiltzen. Horrela segituz gero, erupzioa hasiko da airepera zabaltzen, gasak askatu, errautsak zein tamaina askotako arroka bolkanikoak jaurtiko ditu inguruetara, eta biztanleentzat arriskua eta kalte materialak ekarri ahal dizkie. Oraintxe, erupzioan ateratzen den magma edo laba berehala gogortu egiten da kuxin edo bola handien modura itsasondoan pilatuz.

Euskal Herrian, bestalde, mendi asko badaude ere, bakar bat ere ez da sumendia. Duela mende pare bateko marrazki zahar batean, Santurtziko Serantes mendia sumendi moduan deskribatu zuen egile kanpotar batek, itxuran oinarrituta. Baina mendi horretan arroka bolkanikorik ez dago, bai, aldiz, Abraren bestaldean, Leioako Erromo auzoan, Enekurin eta inguruko hainbat tokitan. Oso ikusgarriak dira, esaterako Sopelako Meñakoz muturreko arroka bolkaniko beltzak, ur sakonetako arroka sedimentario argiekin tartekatuta. Bertan dauden kuxin labek bola handiak eratzen dituzte, metrotik gorakoak, berde ilunak eta barruko egituraketa zentrokide eta erradialarekin. Baina Bizkaiko inguru horretan ez ezik, beste toki batzuetan ere beha daitezke labak, esaterako Gernika zein Mungia inguruan eta Gipuzkoan Eibar eta Soraluze inguruetan, besteak beste. Azken horiek erraz ikus daitezke Donostiarako autobideko labarretan, adbidez, arroka ilun modura. Oso ikusgarriak dira, esaterako, Fruiz ondoko harrobi pare batean ikus daitezkeen basaltoak, zutabe hexagonaletan azaleratzen baitira.

Gure artean sumendirik ez badago, nondik datoz euskal labak? Arroka horiek duela ehun milioi urte inguru eratu ziren itsasoaren azpian, egun El Hierron gertatzen ari den bezala. Erupzio horietako gehienak uraren azpian geratu ziren, baina batzuetan airepera zabaldu ziren, eta errautsak ingurura zabaldu ziren. Garai hartan Atlantikoaren Kantauri itsasoa ari zen zabaltzen, alegia, Iberiako Penintsula egungo Frantziatik urruntzen, ordura arte Galizia eta Bretainia bat baitziren eta horrek lurrazalaren mehetzea ekarri zuen, zartaduretatik arroka bolkanikoak atereaz. Beraz, egun hedabideetan El Hierroko erupzioei buruz ikus dezakeguna Euskal Herrian orain dela ehun milioi urte gertatu zenaren erakusle bizia da. Jakina, Kanaria uharteen izaera geologikoa oso desberdina da, eta gure artean inoiz ez dira garatu horrelako irla bolkanikoak, baina El Hierroko itsaspeko erupzioa eta bertan gertatzen dena gure artean jazo zen Kretazeoan, eta balio digu ulertzeko euskal laben jatorria. Ikusiko dugu hurrengo asteotan zer gertatzen den, baina agian hasi baino ez da egin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.