Berria.eus

Gizartea 40 udako ikastaro eskainiko ditu UEUk, inoiz baino gehiago

Publizitatea

Gizartea

40 udako ikastaro eskainiko ditu UEUk, inoiz baino gehiago

 
Karmele Artetxe eta Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen aurkezpenean, atzo, Iruñean.
Karmele Artetxe eta Irati Iciar, UEUren Udako Ikastaroen aurkezpenean, atzo, Iruñean. J. MANTEROLA/ARGAZKI PRESS

2012-05-17 / Erredakzioa

UEU Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroak 20 urte beteko dituzten aurten. 40 ikastaro antolatu ditu aurtengo udarako. Hain justu, ekainaren 26tik uztailaren 18ra bitartean egingo dira ikastaro horiek: 22 Eibarren (Gipuzkoa), hamar Iruñean eta zortzi Baionan. Sei jakintza arlo landuko dituzte: artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, eta gizarte zientziak. Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta ikastaroak hasi baino aste bat lehenago arte egin ahal izango da matrikula.

Ikastaroen aurkezpena atzo egin zuten Iruñeko Elkar aretoan. Han izan ziren Karmele Artetxe UEUko zuzendaria eta Irati Iciar Udako Ikastaroetako arduraduna. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak UEUrentzako diru laguntzak etetea erabaki zuen iazko abenduan; hala ere, UEUk azken urteetako ikastaro kopuru handiena prestatu du 2012rako. Iciarrek azaldu zuen erronka «handia» izan dela, egoera ekonomiko zail honetan, «betiko kalitateari» eutsi eta hainbeste ikastaldi antolatzea: «Gure bazkide eta gertukoek babes izugarria erakutsi digute. Haiei esker aurkezten dugu aurtengo eskaintza oparoa». Artetxeren ustez, UEUk ekarpen handia egin du azken 40 urteetan, «eta etorkizunean ere badu zereginik». Horregatik, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza kentzea erabaki izana «guztiz bidegabea» iruditzen zaio: «Datorren urterako hausnarketa egin dezan eskatzen diogu».

Udako Ikastaroen zabalkundea egiteko, «pil-pilean dauden gaiekin» hitzaldi ziklo bat antolatu dute Bilboko Burtsa aretoan, ekainaren 4tik 7ra bitartean. Horrez gain, blog bat ere sortu dute, ikastaroek zer eman dezaketen adierazteko. Bloga osatzeko, 40 urte hauetan ikastaroetan parte hartu dutenei dei egin diete euren esperientziak bidaltzera.
 

Publizitatea