Berria.eus

Iritzia Z

Publizitatea

Iritzia

Jira

Z

 

2012-05-09 / Xabier Gantzarain

Ia sinistu ezindako modukoa da zein egoskor itzultzen den iragana aldian behin, zein anker datozen garai aspaldikoak gogora, zein zorrotz betetzen diren zikloak. Hauteskundeak izan dira Grezian; Costa-Gavrasen Z pelikula ikustera joan naiz museora biharamunean. Aretoaren herena bete dugu, gutxi gorabehera, doan zen. 25 urtetik beherakorik ba ote zegoen begira ibili naiz ilunpetan sartu aurretik. Bakarren bat, akaso.

Barre algara gazte batek hautsi du isiltasuna filmaren amaieran, kontakizuna daraman kazetaria bera ere atxilotu eta kartzelara sartu zutela esaten duenean off-eko ahotsak. Tentsioa baretzeko izango zela pentsatuta saiatu zara ez ernegatzen. Barre txikiak hedatzen joan dira gero, Junta Militarrak ezarritako debekuen zerrenda aletzen hasi denean: ile luzea gizonezkoetan, Beatles taldea, Ionesco, Beckett, Dostoievski, eta Z hizkia. Eta irribarrea amorru keinu bihurtu zaizu.

Amari deitu diozu gero, telefonoz, eta etxe aurreko pagoez aritu zaizu miraz, haien berdetasunaz, udaberriaren indarraz, penaren arrastorik gabe esan dizu joan dela konturatzeke urtearen herena.

Ia sinistu ezindako modukoa da zein zorrotz betetzen diren zikloak, ama, loretan dira zuhaitzak etorbidean.
 

Publizitatea