Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Zerubiden

2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Iraganean gertatzen da dena, irakurri nuen nonbaiten, eta baietz egin nuen buruaz, halaxe da, ez dago orainik, joan da, iraganean gertatzen da dena. Txillardegi nekusan argazkian, zeinek ekarriko zuen hona, zer pentsatu ote zuen hainbeste urteren ostean bere lehen nobela idatzi zuen lekua berriz ikusita, zerekin akordatu ote zen, halaxe da, iraganean gertatzen da dena, bakarrik nago Patagonian, bazkalordua da, eguraldi muzina dago benetan, taberna honetara etortzen naiz aspaldian, txineraz aritzen dira zerbitzariak euren artean, euskaraz egiten du nire bihotzak taupa. Gaur igandea da, iragana, egunkari ezkutu baterako ari naiz idazten, mundu guztiaren aurrean.

Mezua jaso dut sakelakoan: Epelde hil da. Zergatik irakurri behar nuen gaur esaldi hori, dorre okerra osatzen dute terrazako aulkiek espaloi ertzean, autoak ziztuan doaz, iraganean gertatzen da dena. Gerrara eraman zuten frankistek, Bruneten ibili zen, baimenarekin etxera etorritako batean anaiari eman zion agindua, botatzeko ur irakina hanka gainera; lehenengoan kale; artilezko galtzerdiak jantzita hurrena, hala ere erre ez. Berriz ere gerrara. Iraganean gertatzen da dena.

Bakarrik nago Patagonian, ez dago urmaelik parkean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.