Berria.eus

Gizartea Nafarroako oinarrizko osasun laguntzan, grebak

Publizitatea

Gizartea

Nafarroako oinarrizko osasun laguntzan, grebak

Abenduan egingo dute protesta, 11, 17 eta 21ean; gobernuak oinarrizko laguntzan egindako aldaketak salatu dituzte

2012-11-21 / Erredakzioa

Hiru greba egun jarri dituzte Nafarroako osasun zerbitzuan, oinarrizko laguntzan: abenduaren 11n, 17an eta 21ean protesta egingo dute sendagileek eta erizainek. Nafarroako Gobernuaren neurriek oinarrizko laguntzaren kalitatea kaskartu egingo duela diote.

Medikuen Sindikatuak eta SATSE erizainen sindikatuak egin dute grebarako deia. Jopuntuan dute Nafarroako Osasun Departamentuak lehen arretako zerbitzua arautzeko ezarri duen dekretua. Herri txikietako larrialdi zerbitzu batzuk itxi egin nahi ditu Marta Vera kontseilariak, eta ordutegietan aldaketak egin nahi dizkie sendagileei eta erizainei: aurrez aurreko zaintzak kendu nahi dizkiete, eta, trukean, zaintza duten orduetan aurkitzeko moduan egoteko betebeharra jarri. Sindikatuek ohartarazi dute landa herrietako langileen laurdenak kaleratuko lituzketela.

Sistema aldatuta kalitateak okerrera egingo lukeela salatu dute. Aurrez aurreko zaintza kentzeak izango luke eragin bistakoa. Gaixoak bertatik bertara artatzeko zailtasunak lituzkete, eta lanaldi luzeagoak. «Oinarrizko laguntzan, 10-12 orduko lanaldiak inposatu nahi dizkiete, maratoiak».

Elkarrizketa eske

Osasun Departamentuaren planek ezinegona eragin dute langileen artean; sindikatu guztiak agertu dira aurka, eta herri txikietako alkateek ere salatu dute aldaketarekin osasun zerbitzu kaskarragoak izango dituztela.

Horrelako aurkakotasuna ikusita zerbait egin beharko duela adierazi diote sindikatuek Vera kontseilariari: «Proiektuaren kontra guztiok agertu gara; ezinezkoa da denok nahastuta egotea». Medikuen Sindikatuak eta SATSEk egin dute deia, baina ez dute adierazi gainerako sindikatuen babesik ba ote duen deialdiak. Hiru greba egun egingo dituzte oraingoz, baina ez dute baztertu protesta gehiago ere egitea: «Ez da epelkeriatan ibiltzeko garaia: zezenari adarretatik heldu behar diogu. Ez gaude prest erreforma horiek indarrean jartzeko, eta neurriak hartuko ditugu».

Gobernuak atzera egitea nahi dute, eta negoziazioak hastea. «Hitz egitea da gure helburua, eta akordioak egitea Osasun Departamentuarekin, gaixoen arreta hobetzeko». Kasuaz galdetu izan diotenetan, Verak beti erantzun du eztabaidak egin dituela osasun alorreko elkarteekin, eta jada ez dagoela horren beharrik. Sindikatuak ez daude horrekin konforme: ohartarazi dute eztabaidarik ez dela izan. Herritarrei ere dei egin diete protestarako: greba egunetan osasun zentroetara ez joateko eskatu diete. «Azkenean, langileei ez ezik, erreformak herritar guztiei egingo baitie kalte».
 

Publizitatea

Gizartea saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

UPNren aurrekontu proiektua atzera bota du oposizioak

2012ko aurrekontuak luzatu beharko ditu berriro gobernuak, hirugarrenez. "Oposizio suntsitzailea" kritikatu, eta aurrekontuak babestu ditu Goikoetxeak. Gobernuaren proposamenaren kontra Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketaren alde bozkatu dute PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Baik; UPN eta PPNk, aldiz, kontra.

Gehien irakurriak