Jon Ander Albisu. Asegarceko pilotaria

«Buruari bueltak ematen hasten gara atzetik joanda»

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Olaia Juaristi -

2014ko otsailak 20
Estu dago sailkapena, eta are estuago laugarren postua. Binakako Txapelketako finalerdietan sartzeko bost partida falta direnean, seigarren postuan daude Pablo Berasaluze eta Jon Ander Albisu, hiru punturekin. Dena den, bost bikote daude puntu baten bueltan. Beraz, baikor da oraindik Albisu, (Ataun, Gipuzkoa, 1990). Goiko postuetara begira dago.

Iaz, gaizki hasita, buelta eman zenioten, eta finala jokatu. Aurten, oraindik ez duzue behetik gora egin.

Ez, azken hiru jardunaldietan ez dugu punturik lortu; lo hartzen baduzu, besteek aurreratzen zaituzte, eta hori gertatu zaigu guri. Jokoz ondo gaude, baina emaitzek ez digute laguntzen.

Hiru partida puntu bakar baten aldeaz galdu dituzue.

Bai, eta beste bi 17 eta 19 tanto eginda; hor egon da gakoa. Tantoetan aldea daukagu; zazpi partida irabazita, agian beste bikoteren batekin berdinduta geldituko ginateke, eta sailkatzeko aukerak edukiko genituzke. Datozen bost partidetatik lau irabazita, finalerdietan sartzea lortuko dugu.

Zerk egiten du huts azken unean?

Aurreneko bi partidak 21ean galdu genituen, eta, agian, horrek min handia egin digu. Nahiko erraz irabazten hasi ondoren, aurkariek gain hartzen badigute, buruari bueltak ematen hasten gara, eta ez dugu gure jokoa egiten; beldurtu egiten gara.

Iaz finalera iritsita, aurten presioarekin ari al zarete jokatzen?

Ez, ez. Berasaluze II.ak iaz hala bukatuta, eta bost hilabetez geldirik egon ondoren, ez daukagu presiorik. Egia da jendeak guregan konfiantza handia duela, baina, oraingoz, ez gaude goian. Ni oso gustura nabil; eskuetatik eta fisikoz ere ondo nago.

Nola dago Berasaluze?

Pablo ez dago sasoi betean. Oraindik erritmoa eta indar pixka bat falta zaio. Astetik astera goraka doa; entrenatuz eta lana gogor eginez, asko hobetuko du.

Iragan igandean ez zenuen ondo jokatu. Zer gertatu zen?

Oso haserre atera nintzen, ez bainuen nire jokoa egin. Hasieratik hasi nintzen gozakaitz, eta ezin nintzen kantxan ondo jarri. Egun txar bat edozeinek izaten du. Hasi eta segituan pilota bat gora bota nuen, eta hark, akaso, mugatu egin ninduen. Nik ez nuen ezertan asmatu; Aimarrek [Olaizola II.a], ordea, denean.

Txapelketan debutatu zenuenetik urtez urte gorantz zoaz.

Duela bi urte, finalerdietan sartuta, eta iaz, finalera iritsita, ea aurten bi ezkero hiru seguru izaten den [barrez]. Oraingoz, gauzak ez ditugu erraz, baina dena da posible, aurkari zuzenak puntu bat gehiagorekin baititugu. Finalerdietan sartzeko aukerak ditugu, eta, zergatik ez, baita finalean sartzeko ere.

Lehia oso estu dago.

Bai, bai; hasieratik ikusten zen bi bikote gailenduko zirela, baina bost bikote gertu gaude. Oraindik badago denbora honi buelta emateko. Azken jardunaldian erabakiko da laugarren bikotea. Lan asko egitea egokitzen ari zaigu; dena gauza txikietan erabakiko da. Hurrengo partida guztiak finalak bezalakoak izango dira; galtzea, atzerapauso handia

Zein bikote ikusten dituzu finalerdietan?

Xala-Zubieta bikote arriskutsua iruditzen zait. Irujo ere partida serioak ari da egiten, eta hor ibiliko da. Olaizola II.ak eta Irujok egiten digute min handiena pilotari guztioi. Guk, zorionez, dagoeneko pasatu ditugu, eta, orain, aurkari zuzenak gelditzen zaizkigu.

Bengoetxea VI.a-Beginoren aurka jokatuko duzue etzi Zornotzan (Bizkaia). Zuen aurkari zuzenak dira; berdinduta zaudete.

Bai, irabazteko modukoa da, baina lan handia egin beharko dugu; nik atzean agintzea komeni. Begino oso ondo ari da jokatzen, hala defentsan, nola pilotari ematen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna