Onintza Enbeita.
Bira

Iparra

2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Sorginei buruzko hitzaldi batean izan ginen, eta atera ginenerako gau zarratua zegoen Artzentalesen. Lagun batek zerura begiratu zuen, eta «begira, hori, besteak baino pixka bat laranjagoa den hori, Marte dela uste dut», esan zigun. Burua jaso genuen guztiok, eta zerua zoragarri zegoen. Garbi-garbi ikusten ziren izarrak, eta argi bereizten ziren hartz handia eta txikia, eta garbi ikusi genuen ipar izarra. Brujula perfektu haren berri lehenengoz izan nuenetik dakit ze garrantzitsua den iparra ez galtzea. Baina, gaur egun, inoiz baino brujula eta GPS gehiago ditugun sasoiotan, sekula baino galduago gabiltza: beti geure buruaren bila, eta egundo aurkitu ez guztiz. Itsasontzi bakarra ozeanoaren inmentsitatean galtzen den moduan galtzen gara hiri handietan. Denbora inoiz baino gehiago betetzen dugu. Goizero joaten gara lanera, lagunekin elkartzen ahalegintzen gara ordu erdirako bada ere, afaltzeko orduak bileretan harrapatzen gaitu, tarteka ikastaro interesgarriak egiten saiatzen gara, eta goizaldeko ordu txikietan irakurtzen ditugu azken nobedadeak. Eta hala ere, inoiz ez gaude ziur: eguneroko autopista hau ote da nire bidea? Sarriago hartu behar genuke gora begiratzeko astia. Iparra hantxe dago gauero norabidea erakutsiz; baina guk ez daukagu begiratzeko astirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.