Berria.eus

Iritzia Izen bila

Publizitatea

Iritzia

Hitz beste

Izen bila

 

2012-04-25 / Anjel Lertxundi

Fabrice del Dongo, Parmako kartusia nobelako pertsonaia nagusia, soldadu da bataila batean. Kanoikaden eta eztanden artean dabil, egoera lazgarri baten lekuko da, baina haren begiek ez dute hurbilekoa baino ikusten: soldadua nekez ohart daiteke batailak daukan garrantziaz. Bizitzen ari denak ez du artean izenik, Fabricek ez daki laster Waterlooko bataila deituko diotela protagonizatzen-edo ari den gertakari historikoari. Joan zen mende hasierako krisi ekonomiko latza bizitzen ari zirenek ez zuten ezagutzen deskalabru hark hartuko zuen izena, ez zekiten 29ko krackaren biktimak zirela. Nire belaunaldikook bizi izandako 68ko Maiatza edo Trantsizioa orain izen huts dira; edukia —bizitza— zutenean, ez zuten izenik.

Egungo krisiari ere emango diote izenen bat, auskalo zein. Baina ziurra da: izen labur arrunt horrek inortxok ere isla benetakoa ikusten ez diogun errealitate sekulakoa bilduko du bere altzoan.
 

Publizitatea