Beste munduon poeta

Azkeneko 50 urteotako sortzaile eta eragile inportanteenetakoa izan da Lou Reed. Arauen kontra altxatu eta bere bidea egin zuen artista.
Lou Reed, 70eko hamarkadaren amaieran emandako  kontzertu bateko irudian.
Lou Reed, 70eko hamarkadaren amaieran emandako kontzertu bateko irudian. BERRIA

Amagoia Mujika -

2013ko urriak 29
Lewis Allan —Lou— Reedek (1942-2013) burua altxatuko balu purrustadaka hartuko lituzke berari buruzko albiste eta iritziak, sailka ezin dena sailkatu behar hori gorroto baitzuen; espero denaren kontrakoa aldarrikatzen dutenen taldekoa baitzen, eta beharbada horregatik, zakarra, oldarkorra eta marmartia zen. Poeta ere bai, musikari aparta, errealitate ezkutukoenen oihu ito eta gordina. «Gaiztoa naiz, Brooklyngoa naiz» esanez laburbiltzen zuen poeta zen aldetik autosuntsitzeko zeukan beharra. Gazteetako gehiegikeriek-edo gibela pasa-pasa utzi ziotela esaten dute; horregatik egin ziotela gibeleko transplantea.

Bizitzaren joan-etorri maldatsua aukeratu zuen. 1980eko hamarkadaz gero drogak eta alkohola taitxiarekin aldatuta ere, amaierara arte denetarikoak eman ditu, prosa eta doinu bilaketa etengabearen bidean. Amaiera, berriz, «lasaia» izan du, Andrew Wylie agenteak esan duenez: «Gertukoek inguratuta» hil zen herenegun etxean.

Batxilergoa hasi zuenerako talde bat sortua zuen Reedek. 14 urterekin grabatu zuen So Blue (1957) lehen diskoa, The Shades institutuko taldearekin. B azalean sartu zuen Leave Her For Me. «Gure aukera Murray the K-k abestia bere saioan jarri zuenean heldu zen. Supermerkatuak inauguratzeko deitzen gintuzten. Zamarra distiratsuak generamatzan, orduan estilo estilosoa zen; gero punka izango zen. Garai hartan punk hitza irain gisara erabiltzen genuen: 'e, zu, punk!'—.

Ordurako Lou Reedek rock izarra izan nahi zuen. Rockarekiko zuen harreman bitxiarengatik, eta rockaren bidez ezagutzen zituen pertsonaia are bitxiagoengatik, psikiatrarengana eraman nahi izaten zuten gurasoek. Klase ertaineko familia estatubatuar ohikoa zen berea, bi anai-arrebetan zaharrena. Pianoa ikas zezan nahi zuten aitak eta amak, modu tradizionalean: «Beka bat eska nezala nahi zuten, eta hori dena. Ez, ez. Eskerrik asko. Ez zitzaidan batere dibertigarria iruditzen».

Mutil nahikoa arrunta izan zela esan izan dute institutuko lagunek: asteburuetan kontzertuetara laguntzen zuten gazte nahikoa lotsati bat. Baina gurasoek ez zuten normaltasun kontzeptu hori partekatzen seme barnekoi eta ezentrikoari buruz. Horren arraroa iruditu zitzaien ospitale batera eraman zutela 18 urte zituenean, electroshock batzuk eman ziezazkioten: «Ez zizkidaten txar horietakoak eman, dibertigarri horietakoak eman zizkidaten. Shock bat izan ziren, baina era guztietara, garai hartan elektrizitatea asko interesatzen zitzaidan».

New Yorkeko Syracuse unibertsitatera Filologia ikastera joan zenean utzi zuen sorterria, 1960ko hamarkadan — «herri txiki batean jaiotzearen onena hura uztea da», esaten zuen—. Han ezagutu zuen Delmore Schwartz poeta, inoiz ezagutu zuen «pertsonarik zorigabeena». Mentore izan zuen, eta mozkorraldietan lagun, bere ibilbidean eragin handiko poeta «paranoikoa».

Sterling Morrison musikariak ere Syracusen ezagutu zuen Reed. Schwartzekiko miresmena partekatzen zuten biek, rockarekiko zaletasuna eta era guztietako esperimentazioetarako gogoa: zuzena izan zitekeenaren kontrako abentura. «Tipo ikaragarriekin» elkartzen zirela esan izan du Morrisonek, «beltz eta zuriekin, rock izugarri zuri eta beltza jotzeko». Unibertsitatea amaitu zuenean New Yorkera itzuli zen Reed, eta han sortu zuten Velvet Underground, 1965ean, Reedek, Morrisonek, John Cale musikari handiak eta harekin bizi zen Angus Maclisek. Maclis eta Cale ordurako arituak zeuden Reedekin, The Ostrich «itsu-itsu jarrita» zegoela konposatu zuen nahasketa «arraroa» interpretatzen.

Taldeak egin zuen lehen diskoan —The Velvet Underground & Nico— utzi zuen ere bere zigilua Andy Warhol artistak —banana bat marraztua duen azal ezaguna—; gero taldearen ordezkari ere izan zen, hainbat eta hainbat emanalditan taldearen kolaboratzaile artistikoa ere bai, eta gau amaigabeetan lagun. Warholek Reedi esaten zion bere musikarekin hark koadroekin egiten zuen gauza bera egiten ari zela. «Uste dut errealitatera hurbiltzen zen talde bakarra ginela. Gure musika oso-oso erreala zen. Horregatik lan egin ahal izan nuen berarekin. Autentikoa zen», Reeden iritziz.

Disko harekin joko arauak aldatu zituzten, soinua dinamitatu zuten, eta rocka errealitate krudelak zipriztin zezakeen artea ere bazela erakutsi zuten, aditz eta hitz gordinez, doinu hauskorren laguntzaz. Rockaren historiako diskorik onenetakotzat jotzen dute gaur egun. Calek eta Reedek, baina, lidergo lehia handia zuten, eta horrek eragin zituen seguruenik lan emankorrak, baina Calek taldea utzi zuen, taldekideek bien artean Reeden aldeko apustua egin zutenean. 1971n taldea utzi zuen Reedek, eta urtebetera Morrisonek.

Gorabeherak

Lou Reedek nortasun handia zuen; beharrezkoa, zeukan bizitzarako. Senideen elektroshocketarako joeraz gain, errekonozimendu berantiarra iritsi arteko tarte luzeak izan zituen, apenas saltzen zituen diskoak ere bai. Bere bi abesti handienetako bi — Walk on the Wild Side eta Perfect Day— 1972an atera ziren, David Bowiek ekoitzitako Transformer-en. Ondoren etorri zen Berlin, bere maisulanetakotzat jotzen dutena. Adulterioa, maitasunik eza, intoxikazioa eta suizidioa irudikatu zituen, eta porrota ezagutu zuen. Ondoren, berpiztu nahi izan zituen Velveteko doinuak, Rock'n'roll Animal-en, banda izugarriaz inguraturik, eta alkoholean eta anfetaminetan itota, 1970eko hamarkadan. Urte batzuetan publikoarengandik aldendu zen.

1980ko hamarkadan itzuli zen The Blue Mask (1982) lanarekin, existentziaren krudeltasuna modu kementsuan eta positiboan emana, —ate-joka etorri zitzaion Delmore Schwartz poetaren ekarria—. Ordutik denetarik jaso zuen, harrera onaren eta hotzaren artean. Letrista eta musikari gisara haziz joan zen, aldatuz eta eraldatuz. Esanguratsua da Andy Warhol hil zenean, John Calerengana gerturatu eta Songs for Drella egindako biografia musikatua. Edgar Alan Poeren unibertsoaren The Raven ez ulertua egin aurretik landu zituen ere, berrikuntza artistikoak, pertsonaia arriskutsu eta gehiegizkoak, erromantikoak eta sentsibilitatez josiak. Metallicarekin egindako Lulu-k ere harrera txarra izan zuen.

Publikoa zutik jartzen zuen Reedek, baina era berean, poztu egiten zen mitoa ikustera joan zirenek aretoa uzten zutenean. «Esperimentatzea da gehien interesatzen zaidana». Gaizkia egitera bultzatzen gaituen autosuntsiketa zuen gogoetaren zentroa. «Lauriek salbatu nau», Laurie Anderson artistak, 1996tik bidelagunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna