Montejurrako azken txapelak

Igandean 30 bat lagun elkartu ziren karlisten igoeran, adintsuak gehienak; garai batean jendetza biltzen zen. Bidean eta mezan, hildakoak gogoratu zituzten, tertzioetakoak eta 1976ko gertaeretako biak.
Gurutze bidearen hasieran, karlistak bidean gora; atzean, erdian, meza emango zuen apaiza.
Gurutze bidearen hasieran, karlistak bidean gora; atzean, erdian, meza emango zuen apaiza. FERMIN PEREZ

Jon Ordoñez Garmendia -

2013ko maiatzak 7
Ez da ezer pasatzen igoeran gurutzeetako bat pasatzen badugu, ez dago atzera itzuli beharrik. Zahartuta gaude jada. Geratuko gara beherakoan». Gutxi dira, eta zahartu dira. Badakite hori. Hala ere, San Andresen bandera eta hiru gurutze eskuetan hartuta, abiatu dira tipi-tapa bidean gora. Txapel gorriak, jertse berdeak, alkandora koadrodunak eta igoera errazteko makilak eta mendiko bastoiak. Ondo moztutako bizarrak eta patilla luze pare bat edo beste ere bai. Leotardo lodiak pauso txikiko bi zangoetan. Beste garai bateko argazkia izan zitekeen gehiago balira eta gazte gehiago baleude. Baina ez da horrela, ezta karlismoaren ikur nagusienetako batean, ezta karlismoaren hiriburutik gertu ere. Eguraldia lagun izan dute, urdin da zerua, berde Montejurra, eta, hala ere, zuri-beltzeko irudiak urrun geratu dira, zimur artean gordeta, igoeraren oroitzapenetan iltzatuta, bideko gurutzeak bezala, sastraka artean.

Jesukristok gurutzera bidean egin zituen hamalau geldialdiak errepikatzen dituzte urtero karlistek maiatzean Montejurran (Estellerria, Nafarroa). «Ibiltari, egin otoitz gurutze bide honetan, XIX. eta XX. mendeetan idealarengatik hil ziren karlisten oroimenez», dio bidearen hasieran oroitarri batek. Otoitzak eta aurreko bi mendeetan hil ziren karlisten memoriak hausten du talde txikiei bakardadeak ematen dien isiltasun hori. «Eta geldialdi honetan Begoñako tertzioa gogoratuko dugu, eta horrekin batera, eroritako karlista bizkaitarrak».

Indarrak, eskas

Epikarako tarte handirik ez da, ordea. Gurutze bidea hasi eta gutxira, apaizak agurtu egin ditu txapelgorriak, arrosarioaren zati bat errezatu ostean. Ez da bakarra. Taldeko zaharrenek metro batzuk besterik ez dute egin, eta lurrezko eta harrizko bidean buelta hartu dute. Gazteago direnek ere ez dute indarra sobera: «Aizue, gazteak: nik ezin dut gehiago eta atseden hartu beharrean naiz. Igo ezazue zuek bandera nahi baduzue», amore eman du banderadunak aldapa handitu eta bidea bihurritzen hasi bezain pronto. Eskuko gurutzeetako bat daramanak, berdin: «Segi zuek».

Montejurrako igoera ez baita jada garai batean zena, ezta bidea bera ere. Hamalau geldialdietan daude gurutzeak, baina ikusi ere ez dira egiten horietako batzuk. Lehenengoa, gainera, puskatu egin dute. «Traba egingo zion baten bati...», esanda egin dute aurrera, ironiaz eta etsita.

1873an Hirugarren Karlistaldian karlistek garaipen garrantzitsua lortu zuten Montejurran. «Moriones jenerala eta liberalak Logroñotik etorri ziren, baina hemen topatu gintuzten, eta ez ziren hemendik pasatu», dio Ramon Abregok. Estellerrikoa da bera, eta orain dela 140 urteko bataila bizi izan balu bezala kontatzen du, lehen pertsonan. «Erreka balitz bezala jaisten zen odola erretenetatik». Loriaren bidea izateaz gain, arantza bide ere izan baita Montejurra, 1976an azken aldiz. «Ez ezazu hura gogoratu! Hura beldurra pasatu genuena. Aipatu ere ez ezazu egin! Pixarik ere ezin genuen egin, pasatu genuen beldurra pasatuta». 27 urte pasatu dira Montejurrako gertaerez geroztik, baina gogoan dute igandean bildutakoek, eta bidean, Ricardo Garcia Pellejero hil zen lekuan, Aita Gurea errezatu dute. «Barajastik kontrolatu zuten gure aurkako erasoa», bota du apaizak sermoian, goian, ermita ondoan harkaitzean sartuta dagoen aldarean egindako mezan. Autoz igo da bera, eta guztira 30 bat dira han bildutakoak, ez gehiago.

«Gu erreketeak gara»

«Han goian jarri zuten metraileta 1976an ultraeskuindarrek», dio Gilbertok. Cuencakoa da bera, baina Katalunian bizi da. Nafarrez gain, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ere badira, bizpahiru euskaldun tartean. «Baina zuek zer zarete, Alderdi Karlistakoak edo CTCkoak?», galdetu dio kazetariak Gilbertori, argitze aldera. «Gu erreketeak gara, nik Carlos Xabier erregearengandik soilik jasotzen ditut aginduak; militarra naiz, baina ez ditut beste armadaren aginduak betetzen». Hiru izar daramatza txapel gorrian.

«Hiltzen naizenean erraustu eta nire errautsak hemen botatzeko agindu dut», esan du Emilio haren anaiak. Lizarran karlismoak bere museoa du, eta bai, urte gutxi barru Montejurrako igoera ere museoko kontua izango da. Eta epikarik eta jendetzarik gabe, apaizak berak ere badaki azkenetan dela igoera. «Ondo iruditzen bazaizue, hurrengo urtean gurutzeetako geldialdietan ordezkatzen dituzten tertzioak gogoratuko ditugu. Ondo iruditzen bazaizue, eta Jaunak hemen egoteko osasuna ematen badigu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna