Berria.eus

Harian Hiltzailea, ihesbiderik gabe

Publizitatea

Harian

Frantzia. Okzitaniako hilketak

Hiltzailea, ihesbiderik gabe

Haur palestinarren egoera eta Afganistango esku hartzea izan dira erasotzailearen arrazoiak lau judu eta hiru militar hiltzeko

Poliziak esan du harrapatu ez balute atzo bertan beste hilketa bat egingo zuela

2012-03-22 / Amagoia Mujika

Tolosako Sergent Vigne kaleko etxe batean inguratuta izan zuten atzo egun osoz Frantziako eliteko 300 bat poliziak: Mohamed Merah du izena hiru militar eta lau judu hiltzeagatik Frantzia osoa aztoratu duen motorzalea, 24 urteko gizona. «Ziur» daude bera dela martxoaren 11ko, 15eko eta 19ko gertaeren erruduna. Claude Gueant Barne ministroak eman dio nortasuna atzo arte ezezagun zenari. Setiatuta egon bitartean, solasean aritu da Poliziarekin, lasai eta hiztun aritu ere, eta helburuak, nahiak, pentsatzeko erak eta jarrerak atera dizkiote; beste asko bazekizkiten aurretik, Frantziako informazio zerbitzuek bazuten-eta haren fitxa. Atzo arratsalderako etsiko zuela esan zuen goizean, baina, ez, luzeago jo zuen agoniak. Senide baten bitartekaritzaren bidez saiatu ziren eguna berandu baino lehen amaitzen, baina ez zuten lortu, eta auzoko argi guztiak itzali zituzten.

Gertaerak nola amaitu jakin bitartean, berriz, ez da arazorik egon interesa bizirik mantentzeko. Nicolas Sarkozyk berak ere lagundu du horretan, esan baitu gaztea harrapatu ez balute, atzo bertan jende gehiago hiltzera ateratzeko asmoa zuela. François Molins Parisko fiskalak Merahen helburuak bi polizia eta militar bat zirela gaineratu du, eta ekintza guztietan ez duela kontzientzia harrik izan; areago, damu dela jende gehiago ez hiltzeaz.

Hiltzeko arrazoiak

Molins fiskalak egin du publiko etxe hartan gertatutakoa, Poliziak susmagarriari ustez ateratako informazioaren laburpena: palestinarren umeen egoerak bultzatua mendekua nahi zuelako hil zituen hiru ume judu eta irakaslea; Afganistanen frantziarren esku hartzeak eraman zuen hiru militar hiltzera —ez jatorri magrebtarra zutelako—, eta Frantziak emakume musulmanen zapia debekatu izanak ere indartu zion ekintzaren arrazoia. Forsane Alizza legez kanpo dagoen talde islamistako kide gisa identifikatu da, Al-Qaedaren gertukoa. Molinsek Merahen hitzak errepikatuz, «Frantziari erasotzeko misio orokor bat onartu» zuela esan du. Etxean harrapatu aurretik Merahek Abbe Kalondo kazetariarekin hitz egiteko aukera izan du telefonoz. Lyonen, Marseillan eta Parisen atentatuak egiteko asmoa agertu dio, eta poliziek edota hiltzaileak berak soilik eman dezaketen informazio zorrotza eman diola esan du Kalondok.

Barne ministroak jarri zuen atzo goizean hankaz gora bezperan emandako bertsioa, militar ohi neonazi antisemitarena: talde salafistekin izan du lotura. Tolosakoa bertakoa da, mekanikoa, ama aljeriarra du, eta hainbat bidai egina da Pakistan eta Afganistanen arteko mugara, 2010ean eta 2011n. Le Monde egunkariaren arabera, Pakistango Talibanen Mugimenduaren taldeetan izan zen, eta entrenamendua jaso ondoren, NATOren indarren kontra borrokatzen izan zen Afganistanen. Bidai batean Polizia afganiarrak kontrolatu zuen, Kandaharren, baina ez zuen atxilotu.

Haren izena polizien artxiboetan bazerabilkiten arren, joan den hilabetean baimenik gabe harrapatu zuten gidatzen, eta apirilean epailearen aurrera joatekoa zen horregatik. Susmagarriak ez zuen artean arrisku itxura gehiagorik.

Poliziak, ikertzaileen iturrietatik atera denez, anaiaren ordenagailuaren identifikazio zenbakiaren bidez atzeman dute; atxilotu egin dute hori ere, Ibu Ziaten hil zuen lehen militarrarekin motorra erosteko internet bidez geratu baitzen. Anaiak ere talde islamistekin harremana dutela esan dute, zehazki Irakeko jihadarekin. Poliziak astelehen arratsaldean jarri zen gaztearen arrastoan, interneten motorra salgai zegoela zioen iragarkia ikusi zuenean, eta iragarkiari kontsulta egin zitzaiola gaztearen amaren IP helbidetik. Fitxatuta zegoenez, haritik tiraka hasi ziren. Astearte arratsaldean polizia batek Tolosako Yamaha kontzesionario batean jasotako informazioa erabakigarria izan zen: motorretik GPSa nola ezabatu galdegin zion-eta gazte batek hango langileari. Armak, berriz, anaiaren autoan zituela esan, eta atera ditu handik Poliziak; lehergailuak ere bai.

Bizirik ateratzea helburu

Bizirik ateratzea izan dute helburu, epai dezaten, eta «Frantziak mendekurik ez duelako behar», Sarkozyren hitzetan. Amaren laguntza eskatu dute horretarako, baina alferrik, esan duenez, ez daukalako harengan inolako eraginik. Ama ere atxilotu dute, badaezpada. Herenegun goizaldean, etxea setiatu berritan, sartzen saiatu ziren poliziak, baina tiroka erantzun zuten barrutik.

Etxe inguruan anbulantziak egon dira eta polizien autoz josia dago eremua, zer esanik ez kazetariz, eguneko munduko albiste nagusietakoa hantxe, amaiera zuzenean emateko prest. Gueant Barne ministroak Molins fiskalaren ondoan jarraitu du kaletik ikuskizun osoa, orduz ordukoa, eta presidenteak xehetasun guztien berri izan du haien bitartez.

Eraikin osoko bizilagunak ateratzen hasi ziren atzo eguerdian, hainbat orduz etxetik ez ateratzeko esan ondoren. Azkenak 19:30ean irten ziren, ingurua erabat hustuz.

Etxea eskolatik hiru kilometrora dago, non 4,5 eta 7 urteko umeak hil zituen, eta 30 urteko errabinoa. Han gertatu zena jaso zuten bertako kamerek, 2005az geroztik segurtasun neurri bereziak zeuzkatelako juduen egoitzetan, baina berak soinean zeraman kamerak ere irudiak hartu ditu; hil dituen militarrenak ere bai. Kamera aurkitu dutela esan dute, baina irudien arrastorik ez.

Sarkozyren eguna

Atzo goizean goizetik agenda estua izan zuen Nicolas Sarkozy presidenteak. Lehenik Eliseoan juduen eta musulmanen buruzagiekin bilera egin zuen, asteartean egin bezala, ez baita utzi behar «terrorismoak» komunitate nazionala zatitu dezan: «Ez da mendekuan erori behar». Hori esan eta konturatzerako Tolosan zen, eliteko poliziekin, Barne ministroarekin eta fiskalekin. Zuzenean jakin nahi izan zuen zertan zen egoera. Eliteko poliziak kanpalekua duen lekuan izan ostean Montaubanera joan zen hiru paraxutisten hileta militarrera, eta handik Parisera, distantzian amaiera jarraitzera.

Hollandek ere ahal duena egin du, hura ere presidentearen ibilbide bera eginez, baina ez oihartzun berarekin. Biktimen senideekin izan zen Montanbaun, eta batasunaren aldeko hitzak egin ditu hark ere: «Terrorismoaren kontrako borrokak etengabea eta Errepublika osoarena izan behar du, bana gaitzaketen gauzen gainetik». Parisen amaitu zuen eguna hark ere, baina ez Eliseoan.
 

Informazio osagarria

Publizitatea