Berria.eus

Harian «Benetako jendearen benetako istorio bat»

Publizitatea

Harian

'Gazta zati bat' film dokumentala

«Benetako jendearen benetako istorio bat»

'Gazta zati bat' film dokumentala estreinatuko dute gaur Donostian, kultura eta politikako eragileen presentziarekin

Autodeterminazio eskubidearen inguruan jendea batu nahi dute filmaren bitartez
Nazioen Munduko kideak, atzo, Jon Maia zuzendariarekin eta Xabier Solano zein Zigor Lanpre musikariekin batera.
Nazioen Munduko kideak, atzo, Jon Maia zuzendariarekin eta Xabier Solano zein Zigor Lanpre musikariekin batera. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2012-04-21 / Oihana Elduaien

«Benetako jendearen benetako istorioa» kontatzen du Gazta zati bat filmak. Idiazabaldik mundura gazta zabalduz autodeterminazio eskubidearen alde ahalik eta jende gehiena batzea helburu duen «benetako jendearen» istorioa. «Gazta bola bat den mundu horretan gazta zati bat» izan edo ez erabakitzea nahi duen mugimenduaren istorio bat. Lokaztutako gai bat lokatzetatik ateratzeko saioaren kontakizuna da Nazioen Munduak dokumental honen bitartez pantailara eraman duena, istorio humano bat, une hunkigarri eta alaiekin.

Gaur estreinatuko dute filma, Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian —sarrerak amaituta daude—. Nazioen Munduaren ekimenez egindakoa dokumentala, eta Jon Maiak zuzendu du; Juantxo Sardon izan du argazki zuzendaria, eta Xabier Solanok eta Iñigo Azkuek jarri dute musika. Guztiak ere gustura daude emaitzarekin, atzo gazta janez emandako prentsaurrekoan esan zutenez. Estreinaldian politika eta kultur munduko jende ugari egongo da, bai filmean agertzen direnak baita agertzen ez direnak ere. Brian Currin Donostian izango da, esate baterako.

Ideologia desberdinetako jendea egotea bera lorpen bat da filmaren egileentzat. Horixe baita haien xede nagusiena, jendea batzea, duen pentsamoldea edukita ere, autodeterminazio eskubidearen inguruan. Horixe egiteko asmoa dute herriz herri filma zabaltzen dutenean ere: herri bakoitzean autodeterminazioaren aldeko jendea batu.

Azken batean, Nazioen Mundua mugimenduak egindako ibilbidea kontatzen du filmak. Maia zuzendariak dioenez, lanetik irten eta bere gizarteaz arduratzen den jendearen istorioa da, istorio xumea, sinesten den horretan tematuz gero fruituak jasotzen direla erakusten duen istorioa. Batzen gaituena desberdintzen gaituenaren gainetik jartzeko deia. Autodeterminazio eskubidea lortzeko, elkarri lotu eta ekiteko deia.

Politikariak ere agertzen dira dokumentalean, baina ez dira protagonista nagusiak. Herritarrak dira protagonista nagusi, Nazioen Munduan bezala. Mugimendu horretako kideek estrategia politiko guztietatik aparte egon nahi izan dute beti, Angel Oiarbide filmeko protagonistetako batek dioen bezala, haiek egiten ari direna «pre-politika» baita. «Eskubideez ari gara, ez gara politikaz ari».

Autodeterminazio eskubidea dute aldarri, eta hori independentziaren aldekoen zein kontrakoen bilgune gisara ulertzen dute. Nolanahi ere, ez dute lortu PSE-EE eta PPko jendea haien ingurura batzerik. Eta saiatu dira. Saiatu dira telefonoz, saiatu dira aurrez aurre, saiatu dira ahal izan duten bide eta era guztietara, baina ez dute lortu, haiek ez dutelako nahi izan. Nolanahi ere, PSE-EEren jarrera PPrena baino irekiagoa izan dela argi utzi dute. Baina ez dira azaltzen. Maiak ez du dudarik: «Etorriko dira; denbora kontua da».

Eskozia abiapuntu

Idiazabalgo bikote batek Eskoziara egindako bidaia du abiapuntu film honek. Eztei bidaian joan, eta Eskozian herri kirolak egiten zirela konturatu ziren. Hala, herri kirolen inguruan hasi ziren harremana egiten. Autodeterminazio eskubidearen eta herri kirolen inguruan. Bi bidaia egin zituzten Eskoziara; eskoziarrak ere ekarri zituzten Euskal Herrira. Euskal Herriko pentsamolde ezberdinetako politikariek Igartzako Agiria sinatzea lortu zuten.

Filmean ikusi egiten da herritarren ilusioaren indarrarekin egin dutela hori guztia. Miramarrera inoiz joan gabeko bat han pertsona ezagunekin ekitaldi bat antolatzen ikusten da, euria egin edo ez, kezka ez ezik nahigabe bihurtzen diren une agonikoak, ondo egindakoaren uzta jasotzearen malkoak, ingeniariak zein geologoak pintxoak banatzen... Auzolana da, gogoa, sinesmena. Honela diote dokumentalean: «Euskaldunok eta eskoziarrok dugun egoskortasunaren fruitua».

Mugimenduko kideek ez, Maiak esan zuen filmerako dirua txistorra salduz, taloak eginez, errifak zabalduz eta kamisetak salduz lortu dutela. ETBra publiko gisa joanda, aste bat bai eta hurrengoa ere bai. Eskoziara egindako bidaietarako eta bestetarako dirua behar zuten; «dirutza handia da Idiazabalen moduko herri txiki batentzat». Lana eginez, lortu egin dute. Jendeak bere borondatez lan egin du, eta hori nabaritu egiten da dokumentalean. Honela dio Maiak: «Ahalegin handia da, baina hauek ez dute mugarik jartzen inoiz. Eta iritsi egiten dira. Mugarik gabe pentsatzen dute, eta hori eskatzen diete euskal herritarrei».

Dokumentalaren aurkezpenaren bideoa, hemen ikusgai

www.berria.info
 

Informazio osagarria

Publizitatea