Noiz sortua: 2012-07-11 00:30:00

'Parot doktrina'. Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena

Estrasburgo, 'Parot doktrinaren' kontra

Ines de Rio «ahalik eta azkarren» libre uzteko agindu dio Espainiari; Gobernuak ez du askatuko, eta helegitea iragarri du

Del Rioren kasu berberean daude doktrina aplikatu dieten euskal preso gehienak
Manifestazio jendetsua egin zen apirilean, Bilbon, 197/2006 doktrina salatzeko.
Manifestazio jendetsua egin zen apirilean, Bilbon, 197/2006 doktrina salatzeko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Oihana Elduaien -

2012ko uztailak 11
Parot doktrina indarge gelditu da. 192/2006 doktrina ez dela onargarria esan dio Espainiari Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Aplikatuta giza eskubideak urratzen direla. Espainiako auzitegiek euskal preso politikoei zigorra luzatzeko erabiltzen duten 192/2006 doktrina atzera bota du, horrela, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Hirugarren Aretoak. Giza Eskubideen Auzitegiak doktrina horri buruz hartu duen aurreneko erabakia da.

Ines del Rio Prada euskal presoari doktrina hori ez zitzaiola ezarri behar ebatzi du Estrasburgoko Auzitegiak, eta beraz, presoa «ahalik eta azkarren» libre uzteko exijitu dio Espainiari. Horretaz gain, 30.000 euroko kalte-ordaina ordaintzeko ere agindu dio, eta 1.500 euro ere eman beharko dizkio gastuetarako. Del Rio 1987tik dago preso, eta 2008ko uztailean libre ateratzekoa bazen ere, 2017ra arte luzatu zioten zigorra. Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak erabakia berretsi ostean, presoari eman dio arrazoia Estrasburgok.

Espainiako Gobernuak, baina, ez du onartu ebazpena, eta Del Rio ez duela aske utziko eta ez diola zentimorik ere emango jakinarazi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Estatuaren Abokatuak helegitea jarriko duela iragarri du, eta hari buruz erabaki arte ez duela hatzik mugituko nabarmendu du. «Presoak ihes egingo luke aske utziz gero».

Hori egin dezake Espainiak. Izan ere, Estrasburgoko Auzitegiak ez du eskumenik estatuak derrigortzeko. Iturri juridikoek berri agentziei esan dietenez, defentsak Espainiako auzitegietan eskatu beharko du Estrasburgoren ebazpena kontuan hartzeko, eta gero, auzitegi horiek erabakiko dute hala egin edo ez. Ordea, dirua ordaintzera derrigortuta dago Espainiako Justizia Saila, Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmena sinatuta daukalako. Helegiteak ebazpena berretsiko balu, ordainketa hori nola egingo luketen aurreratu zuen atzo Fernandez Diazek, «biktimekin duen ardura zibil handiari kenduko genioke kopuru hori. Biktimei 30.000 euro baino askoz gehiago zor die».

Hiru hilabeteko epean jarri dezake helegitea Espainiako Gobernuak, eta «ahalik eta azkarren» jarriko duela jakinarazi du Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak. Estrasburgoko Auzitegiko bost magistratuk erabakiko dute helegitea tramitera onartu edo ez, eta onartzen bada, 17 magistratuk osatzen duten Areto Handiak berrikusiko du zazpi magistratuk osatzen duten Areto Txikiak atzo emandako ebazpena.

Askatasunerako eskubidea

Atzo kaleratutako epaiak arrazoia eman die euskal presoen abokatuei. Haiek, hainbatetan argudiatu dute 192/2006 doktrinak oinarrizko eskubideak urratzen dituela. Amaia Izkok Ines del Rioren defentsan Estrasburgon jarri zuen helegitean argudiatu zuen presoa espetxean edukiz gero Giza Eskubideen Adierazpenaren 5.1 eta 7. artikuluak urratzen direla, hau da, «legerik gabe zigorrik ez» dioen artikulua, eta askatasunerako eskubidea defendatzen duena.

Doktrina atzera eraginez aplikatu delako urratzen da 7. artikulua defentsaren eta Estrasburgoren arabera. Auzitegiak dio «1973ko Zigor Kodearen arabera zigortutako presoen espetxe onurei balioa kendu» diela doktrinak. 1973ko Zigor Kodearekin zigortu zuten Del Rio, baina 1995eko kodearen ondorengo «bira jurisdikzionala» aplikatu diote, beste hainbat presori bezala, horrela zigorrak luzatuz.

1973ko zigor kodearen arabera, epaitutakoei zigor guztiak batu, eta 30 urteko zigor bakarra jarri zieten, eta haren gainean aplikatu behar ziren espetxe onurak. 2006an legea beste modu batetara aplikatzen hasi zen Espainiako Auzitegi Gorena, ordea. Espetxe onurak jarritako zigor bakoitzari aplikatzen hasi ziren, eta ez gehienez bete ahal den 30 urteko zigorrari. Horrek zigorrak luzatzea ekarri zuen, de facto.

Hori egiterik ez dagoela nabarmendu du Estrasburgok orain. «7. artikuluak debekatu egiten du zigor legeen interpretazio zabala egitea, auzipetuaren kalterako baldin bada. Gorenaren interpretazio berriak atzera eraginkortasunez luzatu du zigorra, lana egiteagatik emandako espetxe onura kendu egin ziotelako». Honako hau gaineratzen du aurrerago: «Tribunalak azpimarratzen du, auzitegi nazionalek ezin dituztela delitua egin osteko lege aldaketak aplikatu, atzera eraginkortasunez eta pertsonen kalterako direnean». Onerako direnean bakarrik aplikatu daitezke.

Gainera, Auzitegiaren arabera, Del Rioren espetxeratzea ez da «legezkoa» izan 2008ko uztailaren 3tik aurrera —egun horretan zen libre ateratzekoa—. Beraz, Del Rioren askatasunerako eskubidea ere urratu egin dela dio.

Eragina, datozen erabakietan

Estrasburgoko Auzitegiak berez Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren erabakiak atzera botatzeko ahalmenik ez duen arren, eragina izango du auzitegi horien jardunean. Izan ere, asko dira Ines del Rioren egoera berdinean dauden presoak, eta pentsatzekoa da, haien kasuan ere Parot doktrina ezartzea onartezina dela esango duela Giza Eskubideen Auzitegiak. Une honetan helegiterik ez dago han, baina defentsak horretan ari dira.

Horretaz gain, Espainiako auzitegiek etorkizunean hartu beharko dituzten erabakietan Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiaren jurispurdentzia kontutan hartu beharko luke.

Espainiako Auzitegi Gorena 2006an hasi zen Parot doktrina izenarekin ezagutzen dena ezartzen. Orduan, espetxetik ateratzear zeuden hilketa asko egitea egotzita espetxeratutako ETAko kideak, eta Gorenak ordura arte era batera aplikatzen zuen legea beste era batera aplikatzeari ekin zion, horrela euskal presoak espetxetik ateratzea ekiditeko. Lege aldaketa ez diete euskal presoei bakarrik aplikatu, baina batik bat haiei aplikatu diete.

Albiste gehiago

Apirilaren 2an eguneratua, 13:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 10.022 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 555 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.459 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Gizon bat, Zagreben. ©ANTONIO BAT / EFE

Sakelakoen kokapena jasoko du Madrilek

Berria

Telefonica, Orange eta Vodafone konpainiek euren sareak erabiltzen dituzten sakelakoak non dauden kontrolatuko dute, eta informazioa Madrilgo Gobernuari emango diote. Koronabirusaren aurkako borrokan, populazioaren inguruko mugimenduei buruzko datuak biltzea da asmoa, Madrilen arabera, eta, gaineratu duenez, ikerketak ez ditu “gizabanakoen mugimenduak atzemango”, baizik datu “anonimoak eta multzoka”.

Murga, Urkullu eta Beltran de Heredia, diputazio iraunkorrean telematikoki azalpenak ematen. ©/ Irekia

Oposizioak «gardentasun falta» egotzi dio Urkulluri

Irati Urdalleta Lete

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarreko diputazio iraunkorreko bilkuran, EH Bilduk hala eskatuta. Argudiatu du «osasun arduradunen ezagutzan eta unean-unean jasotako informazioan oinarrituta» jokatu dutela.

Donostiako ospitaleko langile batzuk, mobilizazio batean ©Jon Urbe (Foku)

Osasuna bermatzen ez duten enpresak, fiskaltzara

Jokin Sagarzazu

LABek langileen kexak igorriko dizkio, zigor instrukzioko prozesuak ireki ditzala eskatzeko. Ohartarazi du oinarrizko zerbitzu batzuk «kolapsoan» daudela. ELAk, berriz, materiala bermatzeko eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna