Albistea entzun

Krisia eurogunean. EBZren erantzuna

EBZk erreskatearen aukera bakarrik utzi die Espainiari eta Italiari

Herrialdeen zorra erosiko du, baina aurrena erreskatea eskatu beharko dute, eta gero baldintza zorrotzak bete beharko dituzte

Draghik herrialdeei ohartarazi die ez dela izango «erreskate bigunik»

Jakes Goikoetxea -

2012ko irailak 7

Aurrena, erreskatea eskatu; gero, baldintza zorrotzak bete; eta hori guztia egin eta gero erosiko du Europako Banku Zentralak (EBZ) herrialdeen zorra. Mario Draghi EBZko presidenteak argi eta garbi erakutsi die bide orria Espainiari eta Italiari. «Erabakia Espainiaren esku dago», esan zuen. Raxoiri eta Montiri ohartarazi zien ez dela egongo «erreskate bigunik».

EBZk interes tasak ez ditu aldatu: %0,75ean utzi ditu. Aldaketarik izatekotan, urrian izango da.

Zer egin behar dute herrialdeek EBZk beren zorra erosteko?

Herrialdeek erreskatea eskatu beharko diote EFSF behin-behineko erreskate tresnari edo ESM behin betikoari, eta erreskatearen baldintzak bete beharko dituzte. Zeharkako erreskatea litzateke, baina erreskatea, azken finean. Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) erreskatean parte hartuko du, bai baldintzak zehazteko prozesuan, bai betetzen direla ziurtatzeko.

Zer egingo dute erreskate tresnek eta EBZk?

Erreskate tresnek herrialdeen zorra erosiko dute zorraren lehen mailako merkatuan, hau da, herrialdeek jaulkitzen dutenean. EBZk, berriz, zorraren bigarren mailako merkatuan erosiko du, lehen mailako zorraren erosleek zor hori salerosten duten merkatuan.

Zertarako?

EBZk herrialdeen zorra erosten badu, herrialde horien arrisku saria jaitsi egingo da, eta herrialde horietako administrazioek, finantza erakundeek eta enpresek merkeago lortu ahal izango dute dirua zor merkatuetan. Izan ere, herrialde baten zailtasunek bertako banku eta enpresei ere eragiten diete. Gaur egun, Espainiako bankuek EBZren likideziari esker lortzen dute dirua. EBZk, gainera, samurtu egin ditu bankuei likideziaren truke eskatzen dizkien baldintzak. Aurrerantzean, bankuek likideziaren berme gisa uzten dizkioten zor bonuetan ez ditu aintzat hartuko rating agentzien kalifikazioak.

Draghik behin eta berriro esan izan du herrialde batzuen —Espainiaren eta Italiaren— arrisku saria gehiegizkoa dela eta gehiegizko arrisku sari horiek ez daudela arrazoituta. Merkatuen beldurrak ez daukala funtsik. Atzo, ordea, gehitu zuen arrisku sari horien zati bat «erabaki politiko okerren» ondorio dela, eta herrialde horien maileguen kalitatea islatzen dutela. Dena ez dela merkatuen errua, alegia.

Berrikuntza al da?

Bai eta ez. EBZren erabakia ez da ezustekoa, bai Espainiak eta bai Italiak bai baitzekiten erreskatea eskatu beharko zutela EBZk zorra erosi aurretik eta baldintza batzuk bete beharko zituztela.

Gainera, EBZren hirugarren programa izango da herrialdeen zorra erosteko. «Aurrekoek funtzionatu ez bazuten, zergatik funtzionatuko du honek?», galdetu zioten Draghiri. Itzulinguruka ibili eta gero, onartu zuen «baldintzak» direla aurreko programekiko ezberdintasun handiena. Aurretik egindako erosketetan, EBZk 200.000 milioi euro baino gehiago pilatu ditu Greziaren, Irlandaren, Portugalen, Espainiaren eta Italiaren zorretan.

Zeren truke erosiko du EBZk zorra?

Erreskateen baldintzak betetzearen truke. Baldintzetan dago gakoa, ikusteko baitago ea Europak herrialdeei egun hitzartutakoak baino baldintza gehiago eskatuko dizkien eta, eskatzekotan, zein izango diren. Baldintzak betetzen badituzte, EBZk zorra erosiko du, baina betetzen ez badituzte, EBZk zorra erosteari utziko dio. Baldintzak Europako Batasuneko gobernuek ezarriko dituzte, ez EBZk.

Nolako erreskateak eskatu ahal izango dituzte?

Bi motatakoak: alde batetik, EBZren hizkeran, «doikuntza makroekonomikoen programa osoa» dutenak, erreskate osoak; bestetik, prebentzio programa, mailegu lerroetan oinarrituta. Espainiak eta Italiak erreskate osoa saihestu nahi dute, nahiago baitute prebentzio programa; baina prebentzio programak hiru mailegu lerro mota ditu, eta hiruren truke bete behar dira baldintzak eta kontrol zorrotza.

EBZra jo ahal izango dute erreskatea eskatuko duten herrialdeek eta jada eskatua dutenek —Grezia, Irlanda eta Portugal—; erreskatea eskatua dutenek, zor merkatuetara bueltatzen badira. Greziak eta Portugalek oraingoz ezin dute; Irlandak, bai.

Nolako zorra erosiko du EBZk?

Epe motzekoa, urtebetetik hiru urte arterako zor bonuak. Ez du mugatu erabiltzeko prest dagoen diru kopurua: «Helburuak lortzeko kopuru egokia izango da», Draghiren esanetan. EBZren ahalmena, dena den, ez da mugagabea, are gutxiago aintzat hartuta lagundu beharko dituen lehen herrialdeak Espainia eta Italia direla. Mezu horrekin, EBZk merkatuak kikildu nahi ditu.

Draghik onartu zuen neurriak «arrisku» bat duela: herrialdeek, erreskate tresnen eta EBZren babesarekin, espero baino epe motzeko zor gehiago jaulkitzea.

Lehentasunezko hartzekoduna izango al da EBZ?

Ez; EBZk, zorra erosita, ez ditu Espainiaren eta Italiaren zorraren balizko erosleak uxatu nahi: bi herrialde horien zorra erosten duenean, EBZ gainerako hartzekodunen pare egongo da. Alegia, Espainiak eta Italiak zorra ordaintzeari uzten badiote, EBZk ez du izango kobratzeko lehentasuna.

Zer esan du Alemaniak?

Herrialdeen zorra erostearen kontrario nagusia Alemania izan da. EBZk zorra erosteko erabakia ez du aho batez hartu, erakundearen gobernu kontseiluko kide batek kontra bozkatu baitzuen. Draghik ez zuen zehaztu zein izan zen, baina argi zegoen, egunotan esandakoaren arabera: Jens Weidmann Bundesbankeko presidentea. Bundesbankek EBZren erabakia kritikatu zuen atzo, esanda herrialdeentzako laguntza zuzenak direla.

EBZk, baina, Bundesbanki keinu bat egin dio, herrialdeen zorretan erositako diruaren pareko kopurua kenduko baitu merkatutik, bere esku dauden tituluak salduz, inflazioa ez handitzeko.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzo ez zuen erreskateaz hitz egin, Raxoirekin bildu eta gero Madrilen. Merkelek esan zuen ez zela Madrilera joan Espainiak zer egin behar duen esatera, baina horixe egin zuen, Bruselak ezarritakoa eta Espainiak egin beharrekoak gogorarazi: «Euroguneko herrialdeek etxeko lan politikoak egin behar dituzte. Egiturazko erreformak modu sinesgarrian egin behar dira».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Citiz auto-partekatu kooeratiben sareko auto batzuk. ©Citiz

Auto-partekatu kooperatiba sortuko dute Ipar Euskal Herrian

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

Nork bere autoa utzi kooperatibako autoak partekatzeko egitasmoa bidean jarri dute lau lapurtarrek. Elkartea udaberrian sortu eta lehen autoak 2023ko martxan nahi dituzte.

Abeltzainen protesta, Bilboko Arriagan. ©Monika del Valle / Foku

Elikagai katearen legea «berehala» aplika dadila eskatu dute nekazariek

Imanol Magro Eizmendi

Prezioen behatokia eta antzeko kontrol tresnak garatzeko galdegin diete euskal administrazioei, Bilbon. Gastuek goraka jarraitzen dutela salatu dute

Turistak Donostiako Parte Zaharrean, udan. ©JUAN HERRERO / EFE

Turismoak oso urruti ditu oraindik pandemia aurreko datuak

Xabier Martin

2021. urteak datu hobeak utzi ditu pandemiaren gordina pilatu zuen urteak baino, 2020ak baino, baina, turista kopuruei dagokienez, heren bat baino gehiago galdu dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 2019arekin alderatuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.