Albistea entzun

Udalbiltza. Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoa

Euskal Herriko desorekak herri gisa gainditzeko helburuz sortu da funtsa

Nazio eraikuntzarako egitura eraginkor eta praktikoak abian jartzeko tresna da, Euskal Herri osoaren garapen orekatua xede duena

Sinergiak bildu eta horiek gabezia handiena duten esparruetara bideratuko ditu funtsak
Roke Akizu, Daniel Olzomendi, Mertxe Aizpurua, Maite Iturre eta Igor Aldalur, funtsaren aurkezpen ekitaldiko lehen lerroan.
Roke Akizu, Daniel Olzomendi, Mertxe Aizpurua, Maite Iturre eta Igor Aldalur, funtsaren aurkezpen ekitaldiko lehen lerroan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -Txabi Alvarado -

2013ko ekainak 21 - Bilbo

Euskal Herri osoaren garapen orekatua eta kohesioa sustatzeko baliabidea aurkeztu du Udalbiltzak: Garapen eta Kohesio Fondoa. Nazio mailan sinergiak sortu eta horiek gabezia handieneko lurralde eta esparruetara bideratzea du helburu; herriaren «egitura ekonomiko eta soziala indartzeko balio dezaketen ekimenen sustapenean laguntzea». Nazioa eraiki nahi du horrela; indarrak bildu, eta horiek behar handiena duten eremuetara bideratu.

Euskal Herrian dauden desorekak gainditzen lagundu nahi du horrela Udalbiltzak: «Nazio eraikuntzarako beharrezkoak diren egitura eraginkorrak sortzen hasiz, eta ariketa praktikoak eta ekimen zehatzak abian jarriz». Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak azaldu duenez, behar handiena duten esparruetan proiektu zehatzak gauzatzeko tresna izango da Udalbiltzak, duela hiru hilabete berrosatu zenetik, aurkeztu duen lehen egitasmoa.

Gainditu beharreko desorekak

Euskal Herriak nazio gisa aurrera egiteko dituen trabak gainditu nahi ditu horrela nazio instituzioak. Izan ere, krisi ekonomikoak eragindako arazoez gain, herriak baditu garatzen uzten ez dion beste hainbat oztopo, Aizpuruaren hitzetan. Euskal Herria «herri desegituratua» dela ohartarazi du, zenbait adibide jarrita: «Iparraldean batxilergoa egiten dutenen %60k Euskal Herria utzi behar izaten dute ikasteko edo lana topatzeko. Urtero Iparraldetik 5.000 gazte inguru joaten dira Frantziako ikastegietara. Eta horietako gehienak ez dira itzultzen». Lurralde antolamenduari dagokionean, desoreka da nagusi. «Kontzentrazio handiko lurraldeen ondoan husten ari diren lurraldeak ditugu, eta euskaltasuna ihesi doakigu hainbat lurralde husten diren heinean». Datuak esanguratsuak dira: Euskal Herriko kostaldean eta hiriburuetan, 915 lagunekoa da dentsitatea kilometro koadroko, bataz beste. Gainerako lurraldean, 95 biztanlekoa.

Azpiegiturei dagokionean, Euskal Herrian baliabide indartsuak egon badauden arren, ez daudela herria egituratzeko pentsatuta ohartarazi du nazio instituzioak: Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko garraio publiko egokirik ez dagoela; Baiona, Pasaia eta Bilboko portuen artean ez dagoela lankidetzarik; ezta Euskal Herriko bost aireportuen artekorik ere. Horrez gain, zonalde batzuetako egoera benetan kezkagarria dela ikusi du nazio instituzioak: Pirinio inguruko eta mendialdeko hainbat udalerri «zahartze kronikoak» jota daude, esaterako, eta Sakana eta Malerreka bezala, hainbat eskualde jarduera ekonomikoak galtzen ari dira, ordezko estrategiarik gabe.

Halako egoeren aurrean, neurriak hartu nahi ditu Udalbiltzak, «zonalde batzuetako komunitateen biziraupena eta euskal identitatea auzitan jartzen» ari direlako. «Euskal Herria kohesionatzen, lurralde eta esparru batzuk biziberritzen eta gure nazio hau orekatzen joan nahi dugu», laburbildu du Aizpuruak. Gabeziak eta ahuleziak detektatu, eta horietara bideratu indarra.

Lankidetzan egin nahi du hori guztia. Hortaz, udalen, beste instituzioen, eragileen eta herritarren artean harremanak, sareak, sinergiak eta elkarlan ekimenak egiteko asmoa du. Fondoak berak zuzendaritza propioa izango du. Udalbiltzaren ildo eta lehentasunak instituzioaren nazio batzarrak erabakiko ditu, eta kohesio sozioekonomikoaren zein garapenaren alorra fondoaren bidez gidatuko du. Hala ere, fondoak gizarte eragileekin sare bat osatuta jardungo du.

Programak eta bitartekoak

Lehen bi programa zehatzak landuta dituela aurkeztu zuen atzo fondoa Udalbiltzak. Euskal Herria Sendotzen egitasmoa da horietako bat. Nazio eragileekin batera diagnostikoak egitea, helburuak, lehentasunak eta estrategia partekatuak lantzea, eta horiek gauzatu ahal izateko hitzarmen estrategikoak sinatzea izango da bere lana. Diru laguntzak, larrialdi kutxa zein tokiko garapena nola kudeatu ere aztertuko du.

Udal zerbitzuen nazio mailako sarea izango du beste programa, Udalbiltzara atxikitutako udalak koordinatzeko.

Beste bitarteko batzuk ere lantzen ari da Garapen eta Kohesio Fondoa. Nazio Eraikuntzarako Behatokia sortuko du Gaindegiaren laguntzarekin. Euskal Herriaren egoera aztertzea, diagnosia iraunkorki osatzea, bilakaerak ikertzea eta proposamenak egitea izango du betebehar. Bide horretan, egin du lehen urratsa: Euskal Herriari Begira ataria.

Finantzazioari dagokionean, eskuetan du lehen oinarria: Udalbiltzak Espainiako Auzitegi Nazionalaren erasoa jaso aurretik Zuberoa Garatzen egitasmorako bilduta zituen 315.000 euroak berreskuratu ditu, eta abiatu berri duen fondora bideratuko ditu. Hortik aurrera, iraunkorki hornituko du fondoa Udalbiltzak, eta «kofinantzazioa» ere egingo du eragileekin elkarlanean.

Tokian tokiko proiektuak sustatzearen garrantziaz jakitun, halakoen eraginkortasunaz aritu da Sabin Kortabitarte. Foroarekin elkarlanean aritzeko aditu sarea osatzeko proposamena babestu duenetako bat da Kortabitarte. Duela 30 urtetik halako proiektuak sustatzen dabilena. Orain hiru hamarkada Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean bizi izan zuenaren berri eman du: «Husten ari zen eskualdea zen, Lea batez ere. Gazteak joaten ari ziren, familiak haiekin, baserriak ere husten. Lehen sektorea gainbeheran zegoen, bigarren sektorean ere ez zen enplegurik, eta adin piramidea iraulita zegoen. Umerik ez zen, eta eskolak gainbehera. Kanpora zihoazen gazteak ez ziren itzultzen. Desastrea zen».

Diagnosia egin, eta hainbat proiektu sortu zituzten eskualdean; bertan sortu, bertarako. «Eskualdeak buelta eman zuen eta egonkortasuna aurkitu zuen». Adin piramidea ere irauli zen. Eta urte batzuk lehenago gazteen %80-90 kanpora joatetik, %80-90 bertan geratzera igaro zen.

Zuberoa Garatzen proiektuan du beste aurrekaria, eta «filosofia hari» eusteko deia egin du: «Limosnak ez dakar garapena dependentzia baizik; tokiko proiektu gauzagarri, praktiko eta eraginkorrak bultzatu behar dira».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.