Berria.eus

Harian Ega eta Arga arteko lurretara iritsiko da Nafarroako ubidearen hedapena

Publizitatea

Harian

Nafarroako ubidea. Lehen fasearen hedapena

Ega eta Arga arteko lurretara iritsiko da Nafarroako ubidearen hedapena

Lanak 2014an hasiko dira, eta 42,5 milioi euroko kostua izango du. 12,8 milioi jarriko ditu Espainiak, eta Nafarroak, 8,5 milioi euro

Behin bigarren fasea eta guzti amaituta, ia 60.000 hektarea ureztatuko ditu ubideak
Ubidea babestu duten erakundeetako ordezkariak, Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza ministroarekin eta Yolanda Barcinarekin atzo.
Ubidea babestu duten erakundeetako ordezkariak, Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza ministroarekin eta Yolanda Barcinarekin atzo. I. URIZ / ARP

2013-08-29 / Joxerra Senar

«Nafarroako Ubidearen bitartez, Nafarroa eta Espainia hobetuko ditugu, baita herritarren bizi-kalitatea ere». Ustez CANeko dieten auziaren mehatxua gainetik kenduta, lanerako itzulera «modurik hoberenean» egin du Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak. Opor ostean, irribarretsu izenpetu du Miguel Arias Cañete Espainiako Nekazaritza ministroarekin batera Nafarroako Ubidearen lehen fasea zabaltzeko akordioa. Datorren urtean ubidea beste 15.275 hektareatan handitzeko obrei ekingo diete. Hala, ubidea Ega eta Arga ibaien arteko eremuetara iritsiko da: Argaren arroan, Berbinzanatik Funeseraino eta Egaren arroan, Lerindik Azagraraino, tartean Sesma eta Lodosa herriak ere hartuz.

Nafarroa ofizialeko ordezkari esanguratsuek ongietorria egin zioten atzo arratsaldean Arias Cañeteri. Artaxoan du egoitza Nafarroako Ubidearen kontrol zentruak, eta bertaraino joan ziren azken bi hamarkadatan Itoizko urtegia zein ubidearen proiektua babestu duten ordezkariak. Besteak beste, Alberto Catalan Parlamentuko presidentea, Carmen Alba Espainiako ordezkaria; Luis Zarraluki, Javier Esparza eta Juan Luis Sanchez Muniain kontseilariak; Carlos Salvador UPNko diputatua; PSNko Roman Felones; PPko Eloy Villanueva eta Ana Beltran; Juan Goien UGTko eta Raul Villar CCOOko idazkari nagusiak, Consebro, UAGN eta CENeko ordezkariak... Azken unean Miguel Sanz presidente ohia agertu zen Artaxoan, eta azken hilabeteetako UPN barruko tentsio politikoez ahaztuta, Barcina agurtu zuen.

Arias Cañetek zein Barcinak goraipatu zuten bi gobernuen arteko lankidetza. Cañeterek azpimarratu zuen nekazaritzari eta elikagai industriari laguntzen diola, eta gaineratu zuen energia berriztagarrien atalean, Nafarroako energia kontsumoaren %6,5 adinako produkzioa ahalbidetuko duela.

Barcinaren esanetan, 1998ko urriaren 19an bi gobernuen arteko lehen akordioa izenpetu zenean, azpiegiturak oposizio handia izan zuen, eta «obra gerarazi ez arren, atzeratzea lortu zuten, horrek izan dituen kalte guztiekin». Barcinaren arabera, ordea, gizartearen gehiengoak egindako apustuaren emaitzak ikusten ari dira jada: «Askotan egozten digute politikarioi epe motzera baino ez dugula begiratzen, baina azpiegitura honen aldeko apustuak gezurtatzen du hori». Haren esanetan, 2007tik 2012ra nekazaritzako produkzioan 137 milioi euroko balio erantsia sortu da, eta elikagai industrian 169 milioi eurokoa.

Haatik, obrak kostu handia izan du. Lehen fasea 2011ko martxoan amaitu zen, eta 467 milioi euroko kostua izan du —aurreikusitako baino 21,5 milioi euro gehiago—. Horri, hurrengo 30 urteetako ustiapen kostuak eta interesak erantsita, 600 milioi eurotik gorako kostua da. Canasa sozietatearen bidez, Nafarroak orain arte 128 milioi jarri ditu, eta Espainiako Gobernuak 192 milioi euro. Lehen faseak 22.363 hektarea ureztatzeko eremua hartzen du.

Orain, beste 15.275 hektareatan handituko da. Zabaltze horren inbertsioa 42,5 milioi eurokoa izango da, eta Canasaren kapital hedapenaren bitartez, bi gobernuek diruaren erdia jarriko dute: zehazki, Espainiako Gobernuak 12,8 milioi euro eta Nafarroak 8,5 milioi. Azpiegituraren eraikuntza ez da hor amaituko, ordea. Bigarren fasea ere martxan da, eta guztira, behin amaituta, ia 60.000 hektarea hartuko ditu.

Era berean, Nafarroako Gobernuak Canasa sozietatean 2026ra arte beste 77 milioi euro aurreratuko ditu. Espainiako Gobernuak 2027tik aurrera itzuliko dio dirua Nafarroari, urteko %3ko interes tasa batekin. Haatik, Barcinak egindako esfortzua eskertu dio.
 

Informazio osagarria

Publizitatea

Harian saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Ez dira hasiberriak

Eibarrek lehen zati bikaina egin, eta etxetik kanpoko aurreneko partida irabazi du (0-2)

Gehien irakurriak