Albistea entzun

Istiluak Bilbon. Gaztearen heriotza

Aresi kontuak eskatu dizkiote pilota batek hil duelakoan gaztea

Osteguneko istiluetan zauritutako gaztea hil egin da, buruan jasotako kolpeengatik; Iñigo Cabacas zuen izena, 28 urte zeuzkan

Poliziaren bertsioa gezurtatu dute lekukoek, eta pilotakada batek jo zuela adierazi dute
Jendetza handia batu zen atzo arratsean Bilbon, Maria Diaz de Haro kalean, Iñigo Cabacas zauritu zuten lekuan, heriotzarengatik protesta egiteko.
Jendetza handia batu zen atzo arratsean Bilbon, Maria Diaz de Haro kalean, Iñigo Cabacas zauritu zuten lekuan, heriotzarengatik protesta egiteko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Nagore Ares - Garikoitz Goikoetxea - Aitziber Laskibar -

2012ko apirilak 10 - Bilbo

Kontu eta dimisio eskeak nagusitu dira Iñigo Cabacas gaztearen heriotzaren ondoren. Ostegun gauean Bilbon izandako istilu batzuen ostean «oso larri» eraman zuten erietxera, eta atzo hil zen. Lekukoek diote ertzainek jaurtitako pilotakada batek jo zuela buruan Cabacas, eta hark hautsi ziola burezurra. 28 urte zeuzkan, eta basauriarra zen. Ertzaintzak ez du bertsio hori ukatu; zer gertatu zen ikertzen ari dela adierazi du. Lekukoen testigantza guztiak bat datoz. Dimisioa emateko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresi.

Ostegun gauean, Athleticen eta Schalke 04 taldearen arteko partidaren ostean, gertatu ziren istiluak. Jendetza handia batu zen Indautxu inguruan, zuri-gorrien partiden ostean gertatu ohi denez. Jendetzaren erdian, bi lagunek gorabehera izan zuten. «Elkarri bultzaka hasi ziren Athleticeko bi zale. Denok hasi ginen haiei oihuka; egoteko geldirik, ez zela liskarrerako unea. Han bukatu zen guztia». Xabi Solorzano lekuan bertan zen, eta testigantza eman dio BERRIAri. Haren arabera, bi zaleen arteko liskar horren ostean normal segitu zuten parrandan: «Partida komentatzen jarraitu genuen, barrezka, beste partidetako emaitzei begira...».

Ertzaintza azaldu zen bost-hamar minuturen buruan. «Lau ibilgailutan etorri ziren. Armak eskuan eta aurpegia estalita jarri ziren guri begira». Herrizaingo Sailak emandako bertsioaren arabera, «hainbat dei» jaso zituztelako joan ziren ertzainak inguru hartara; pertsona bat zaurituta zegoela jakinarazi zuten dei horietan, Poliziak dioenez. Lekukoek ezetz esan dute, izandako gorabehera guztiak konponduta zeudela ordurako. «Inork ez zuen ulertzen zer egiten zuten han. Jendea oihuka eta txistuka hasi zen». Ertzainek hesi bat osatu zuten bidean.

«Sagutegi hutsa zen hura»

Giroa gaiztotu egin zen. Ertzainei objektuak botatzen hasi zirela zabaldu du Herrizaingo Sailak. Pilotakadak botatzeari ekin zioten poliziek. «Sakabanatu egin ginen guztiok», azaldu du Solorzanok. Anaiarekin eta neska-lagunarekin zegoen. «Ez nekien non sartu ziren. Besoak gora jasota, aurrera joan nintzen, eta gelditzeko eskatu genien ertzainei. Sagutegi hutsa zen hura». Ertzainak errepidetik ari ziren pilotak botatzen, eta jendea atzeko kaletik saiatu zen ihes egiten, kalezulo estu batetik. Pilatu egin zen jendea, pasatu ezinik. Pilotak botatzen segitu zuten poliziek, metro gutxiko distantziara; hogei metro aipatu dituzte. «Bistan zegoen norbait joko zutela azkenean», esan du Solorzanok.

Oihuak entzun zituen berehala. «Neska bat hasi zen garrasika: 'Anbulantzia bat, anbulantzia bat!'. Joan ginen neska zegoen tokira, eta Iñigo [Cabacas] ikusi genuen, lurrean etzanda. Aurpegia odolez beteta zeukan». Konortea galduta zegoen. Ertzainengana joan zen Solorzano, eta gazte bat zaurituta zegoela esan zien. Cabacasen kuadrillakoak ere joan ziren poliziengana. Anbulantzia bati hots egiteko eskatu zieten ertzainei, baina, lekukoen arabera, aurrerabiderik ez zieten eman.

Anbulantziarik ez zen joan berehala Maria Diaz de Haro kalera. «Sirena hotsik ere ez zen entzuten». Berriro joan ziren zauritutako gaztea zegoen tokira. Urduritasun uneak ziren. Zer egin eztabaidan ari zirela, ertzainek eraso egin zieten Cabacasen ondoan zeudenei. «Bat-batean kolpe bat nabaritu nuen ukondoan, eta buelta eman nuenean beste bat eman zidaten. 'Begira zer egin duzuen!', esan nien, eta beste bi aldiz jo ninduten». Handik alde egiteko agindu zieten poliziek. Kuadrillakoak geratu ziren zaurituarekin.

Basurtuko Ospitalera eraman zuten mutila. «Oso larri» zegoen, medikuen txostenak dioenez. Burezurra hautsita zeukan, eta zailtasunak zituen arnasa hartzeko. Lokartu egin zuten. Atzo saiatu ziren esnatzen, baina medikuek egindako probetan baieztatu zuten haren garunean jardunik ez zela ordurako. Eguerdian eman zuten haren heriotzaren berri.

«Leherketa batek» hautsi zion burezurra Cabacasi, ospitaleko agiriak dioenez. Ertzainek botatako pilota batek eragin zuen, lekukoen arabera. Hori «argitzeko» dagoela berretsi du Ertzaintzak gaztea hil ondoren ere. Zer gertatu zen ikertzen ari dela esan du.

Herrizaingo Sailaren bertsioa ez dator bat lekukoenarekin. Ertzaintzak jakinarazi du zauritu baten berri izan ondotik joan zela hara; ezetz diote han zeudenek, ertzainak iristean ez zela zauriturik, eta bi lagunek izandako istilua amaitua zela ordurako. Hutsuneak ditu Poliziak berri agentziei emandako informazioak: deietan aipatutako zaurituaren berri ez zuten jaso ertzainek, nahiz lekura joan ziren; are, Herrizaingo Sailak dio gero jakin zutela norbait erietxean zela —lekukoek esan dute ertzainei eman zietela mutilaren berri eta ikusi zutela haiek—.

«Oso larritzat» jo du Aresek

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak «atsekabea» agertu du gaztearen heriotza dela eta. «Oso larritzat» jo du. Berretsi du ikertzen ari direla zer gertatu zen, eta iragarri du azalpenak emango dituela Eusko Legebiltzarrean.

Alderdi politikoek kontuak eskatu dizkiote Aresi. Cabacasen heriotza ez da gertaera bakartua, ezker abertzalearen, EAren, Aralarren eta Alternatibaren ustez. «Gure herriak azken hamarkadetan pairatzen duen indarkeria polizial gordinaren azken biktima da. Normaltasun eta demokrazia egoera saihesteko eraikitako salbuespeneko neurri errepresiboen egitura osoak babesturiko indarkeria polizialaren biktima», ohartarazi zuten lau alderdietako ordezkariek atzo Bilbon elkarrekin presaz egindako agerraldian.

Euskal Herrian jarduten duten poliziek indarkeria «inolako ardurarik gabe eta era zigorgabean» erabiltzen dutela salatu zuten. «Larria da hori». Haien arabera, osteguneko gertakariak ez dira barkatuak, eta erantzuleak ere ez. Gogorarazi zuten greba egunean, martxoaren 29an, Gasteizen Xuban Nafarrate «jipoitu» zutela.

Polizien jarrera «bake eta soluzio itxaropenak zapuztu nahi dituen estrategian» kokatu dute lau eragileek. Haien esanetan, horixe erakusten du azken hilabeteetan polizien «indarkeria erakustaldiak, jazarpenak eta errepide kontrolak» areagotu izanak. Hori uzteko, «gerra materialak» ez erabiltzeko eskatu diete poliziei. Beste eskari bat egin diote Ares sailburuari: dimisioa emateko «berehala». Heriotzaren «erantzule politiko» izatea egotzi diote. Kontuak eskatu dizkiote ETBri ere, kasuari «trataera tamalgarria» eman diolakoan: «Gertatutakoari larritasuna kentzen saiatu dira».

Sailburuak gertatutakoari buruz azalpen ofizialik eman ez izana salatu dute; parte hartu zuten ertzainak ikertzeko eskatu diote Aresi, eta galdegiteko ardurak. Parlamentuan kontuak eskatuko dizkiotela aurreratu dute Aralarrek eta Eusko Alkartasunak.

Ikerketa eskatu dute beste alderdi politiko batzuek ere. EAJko buru Iñigo Urkulluk esan du «sakon» ikertu behar dutela zer gertatu zen ostegunean, eta beharrezko jo du «puntu guztiak» argitzea. Bat egin du harekin Iñigo Martinez Ezker Anitzeko bozeramaileak: «Azkar eta garbi ikertu behar da». Haren ustez, ez baitago argi zer gertatu zen Bilbon. Hori adierazi du Ezker Batuak ere, «alde handiak» daudela Poliziaren eta lekukoen bertsioen artean.

Erne Ertzaintzako sindikatuak ohar baten bidez «samina» agertu du Cabacasen heriotza dela eta. Ikerketaren ondorioei itxaroteko eskatu du, eta jartzeko bitartekoak gertakariak erabat argitzeko.

Kontzentrazio isila

Ehunka pertsona bildu ziren atzo Bilboko Maria Lopez Harokoa kalean Iñigo Cabacas gaztearen heriotza salatzeko. Isiltasunean egin zuten, haren lagunek horrela eskatuta. Arratsaldeko zazpietan hasi zen kontzentrazioa, lagunek eta senideek deituta. Txalo artean hasi zuten, eta hamabost minutuko isiltasuna eskatu zuten gero. Ostegunean gaztea zauritu zuten lekuan lore eskaintza egin zioten lagunek, eta haren omenezko kandelak piztu zituzten, emozioei eutsi ezinik.

Bertaratuen txaloek ordu laurdeneko isiltasuna apurtu zuten eta, horiekin batera, «herriak ez du barkatuko!» oihukatu zuten, baina lagunek berehala gelditu zituzten, isiltasuna eskatuz berriz. Ordubete inguruko tartean ia ez zen hitzik entzun, baina ez ziren beharrezkoak izan, lagunek kokatutako pankartako berbek bete baitzuten dena: Ez dago eskubiderik, Iñigo gogoan zaitugu. Athleticen bufanda baten eta Piratak peñako bandera baten gainean jarri zuten kartela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Adineko egoitza bat ©Gorka Rubio/ Foku

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zahar etxeetako neurri batzuk arindu dituzte

Edurne Begiristain

Positibo ematen duten egoiliarren bakartze aldia zazpi egunera murriztu dute, eta txertatutako kontaktu estuak eguneko zentroetara joan ahalko dira.

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Korrikaren lekukoak badu nondik nora ibili

Julen Aperribai

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda, Donostiara iritsiko da lasterketa. Ikusi egunez eguneko ibilbidea eta ordutegia albiste barruan.

Autodiagnostikorako gune bat Gurutzetako ospitalean ©Aritz Loiola/ Foku

Egun bakarrean 122 pertsona ospitaleratu dituzte Hego Euskal Herrian

Edurne Begiristain

Guztira, 1.110 gaixo daude ospitaleratuta gaitzarekin, horietako 155 ZIUetan. Nafarroan, gutxienez 6.000 lagun berrinfektatu dira izurri hasieratik.

Sara Pinaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten Tuteran. ©Iñigo Uriz/ Foku

Urtarrilaren 25ean estraditatuko dute Sara Pinaren gizona

Unai Etxenausia

Gizonak hurrengo egunean deklaratu beharko du epailearen aurrean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.