Albistea entzun

Katalunia. Burujabetzaren bidean (eta VI)

Independentziari heltzeko eskua luzatu du Kataluniak

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Via Catalana ekinaldiak, eta burujabetza eskatu dute ehunka mila kataluniarrek

Erreferenduma 2014an egin behar dela berretsi du Carme Forcadell ANCko buruak
Bartzelona hirian milaka eta milaka lagunek eskatu zuten independentziarako urratsak egiteko.
Bartzelona hirian milaka eta milaka lagunek eskatu zuten independentziarako urratsak egiteko. ORIOL CLAVERA

Ion Orzaiz -

2013ko irailak 12 - Bartzelona

Urtebeteren buruan, ekinaldi historikoa egin dute berriz ere Katalunian. Erabakitze eskubidearen afera eztabaida politikoaren lehenengo lerroan paratzea lortu zuen iazko Diadak, eta aurtengoak, berriz, independentzia «orain baino lehen» lortu nahi duen nazio baten erretratu ikusgarria erakutsi dio mundu osoari. 400 kilometroko giza kate erraldoia antolatu zuen ANC Biltzar Nazional Katalanak Via Catalana cap a la independencia lelopean, Alcanar eta El Partus lotzeko. Katalunia osoa, iparraldetik hegoaldera, herritarren eskuek lotuta. Eta arrakasta erabatekoa izan da. Ehunka mila lagunek bat egin dute atzo deialdi independentistarekin eta hutsunerik edo etenik ez zen ikusi ibilbide osoan zehar. Handik ordu gutxira, Generalitateko Barne Sailak lehen datu ofizialak eman zituen: 1.600.000 manifestari ibilbide osoan, eta 500.000 lagun Bartzelonan bakarrik. Ezinezkoa zirudien arren, iazko manifestazioak bildutako jendetza gainditzea lortu zuen ANCk.

Bartzelona zen ibilbideko gune nagusietako bat, eta han, parte hartzaileen elastikoek osatutako ibaia itsaso bihurtu zen. Hiriburuko plaza eta karrika nagusiak hartu zituen ozeano horia. Erlojuaren orratzak 17:14 minutura heldu zirenean, orro egin zuen Katalunia plazan bildutako jendetzak. Lleidako Seu Viella elizako ezkilek eman zioten hasiera ekimenari, eta berehala, ilaran jarritako manifestariak elkarri eman zioten eskua. Alde batetik bestera astindutako esteladak eta Euskal Herritik heldutako ikurrinak soilik ikus zitezkeen bertaratuen buruen gainetik, eta zaila zen «independencia, independencia!» oihuen artean megafoniatik zabaldutako mezuak entzutea.

Ekitaldia hasi bezain laster, Herrialde Katalanetako kultura eta kirol esparruetako pertsona ezagun zenbaitek grabatutako mezua eman zuten Katalunia plazako pantaila erraldoian. Bertan, Albert Sanchez Piñol idazlea, Dyango eta Lluis Llach abeslariak eta Pep Guardiola futbol entrenatzailea ageri ziren, besteak beste, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren pasarte bat katalanez, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, italieraz eta japonieraz irakurtzen: «Herri guztiek dute autodeterminaziorako eskubidea. Eskubide horri jarraiki, bere izaera politikoa ezartzen dute, eta garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala bermatzen dute». Europako Batasunaren ereserkia den Beethovenen 9. sinfonia interpretatu zuten orduan Kataluniako Orfeoiko Abesbatza Gaztea eta Herrialde Katalanetako Interprete Gazteen Orkestra, deialdiaren mezu europazalea nabarmentzeko.

Horren ostean, hitzaldia egin zuten antolatzaileek Ampostan, El Pertusen eta, azkenik, Bartzelonan. Independentziaren aldeko oihuek ANCko presidente Carme Forcadellen ahotsa estaltzen zuten etengabe. «Via Catalana aurrekorik gabeko ekimen arrakastatsua izan da», esan ahal izan zuen azkenik, baina hitzaldia hasi eta berehala etenaldia egin behar izan zuen ekintzaile independentistak, negarrari eutsi ezinik. «Agerian gelditu dira gure borondatearen indarra eta askatasun nahia. Ehunka milaka herritar atera gara kalera helburu bakarrarekin: Europan Katalunia izeneko estatu berri bat sortu nahi dugu, eta eskubide osoa dugu horretarako. Arrazoi historikoak eta kulturalak alde ditugu, baina ororen gainetik, askatasunaren arrazoia dago. Herri bat gara, herri bat izan nahi dugulako», adierazi zuen malko artean.

Mezua agintariei

Historiari erreferentzia egin zion ANCko buruak bere hitzaldian: heldu den urtean, Kataluniak independentzia galdu zuenetik 300 urte beteko direla gogora ekarri zuen, eta efemeride hori aro berri baten hasiera izan daitekeela esan: «Gure porrotaren 300. urteurrena gure askatasunaren lehenengo urtea ere izan dadila».

Eta aldarrikapenez gainera, dei zuzena egin zien Forcadellek Kataluniako agintariei: «Une historikoetatik erabaki historikoak sortzen dira. Bada, erabakitasuna frogatzeko garaia da gure ordezkari eta erakundeentzat. Kontsulta antolatu behar dute 2014an. Orain da garaia, eta ez 2016an», azpimarratu zuen, Katalunia plazan bertaratutakoen txalo eta oihuen artean.

Eskaera hori bera egina zion Forcadellek Artur Mas Generalitateko presidenteari, zenbait ordu lehenago egindako bileran. Izan ere, harrera egin zien presidenteak giza katearen antolatzaileei, eta hitzordua baliatu zuen ANCko buruak erreferendumaren beharra aldarrikatzeko. «Lehen bailehen egin behar da erreferenduma, ezin garelako zain egon. Ongi deritzogu kontsulta egiteko modu demokratiko orori, baina galdera argi bat egin behar zaie herritarrei, anbiguotasunik gabe, erantzun argi bat eman dezaten», esan zion Forcadellek Mas presidenteari.

Bartzelonaz gainera, ibilbidearen gainontzeko zatiak ere lepo bete ziren Via Catalanan parte hartzeko, eta baita ibilbidetik kanpo zeudenak ere. Valentzia eta Kataluniaren arteko muga deuseztu zuen giza kateak Vinarosen, Baix Maestrat eskualdean. Bertan, Hizkuntzaren eta Askatasunaren Aldeko Giza Katea antolatu zuten independentistek, eta bat egin zuten Via Catalanarekin. Carles Santos konpositoreak eta Lluis Llach abeslariak elkarri eskua eman zioten mugaren alde bakoitzetik.

Hain zuzen, giza katearen adarvalentziarrean istiluak sortu ziren, Guardia Zibilak Solidaritat alderdiko diputatu ohi Alfons Lopez-Tena atxilotu zuenean. Giza kateari errepidearen erdigunetik pasatzen uzteko eskatu zien politikariak guardia zibilei, eta hauek atxilo hartu zuten, desordenak eragitea leporatuta. Inguruko jendeak protesta egin zuen agenteen jokabidearen aurrean, eta manifestarien kontra oldartzeko imintzioa egin zuen Guardia Zibilak, baina azkenean ez zen istilurik gertatu. Iragan astean, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak debekatu egin zituen Via Catalanaren aldeko manifestazioak Valentzian, baina bertoko auzitegi batek baimendu egin zituen berriz.

Bestalde, giza katea amaitu eta minutu gutxira, Bartzelonako Gracia pasealekuaren eta Gran Via etorbidearen arteko zatia jendez hustu behar izan zuen Poliziak, «pakete susmagarri bat» antzeman zutelako.

Hala ere, zenbait istilu gorabehera, giro ezin hobea izan da nagusi Via Catalanaren ibilbide osoan. Hainbat alderditako politikariek ANCren deialdia babestu eta bat egin dute giza katearekin ibilbidearen puntu ezberdinetan. Bartzelonako Sant Jaume plazan izan dira Kataluniako Parlamentuko ordezkariak; besteak beste, Artur Mas presidentea, gobernuko zenbait kontseilari eta Convergencia, ERC edota CUPeko diputatuak. EH Bilduko eta Udalbiltzako hautetsiak ere zati horretan izan dira. Euskal Herriko ordezkaritza nabarmenena, ordea, Gracian egon da. Independentistak sareak 150 bat lagun mobilizatu ditu antolaketa lanetan laguntza emateko. Bandera berdeak eta ikurrinak presente egon dira ibilbidearen zati horretan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...