Berria.eus

Kultura Joakinekin zorretan gaude

Publizitatea

Kultura

Iritzia

Joakinekin zorretan gaude

 
Joakin Berasategi, Sendoa argitaletxearen sortzailea, 2008ko apirilean egindako argazki batean.
Joakin Berasategi, Sendoa argitaletxearen sortzailea, 2008ko apirilean egindako argazki batean. GARI GARAIALDE / ARP

2012-04-03 / Joxemari Iriondo

Ez dakit zergatik, baina larunbat goizaldeko 2:14etan lorik egin ezinda nengoen, mantak baino lotiago banaiz ere; eta halako batean, SMSa nire mobilean. Zerbait txarra izan zitekeela eta berehalaxe begiratu dut: «Aita hil da» mezu legor bezain astuna, alajainkoa! Eskerrik asko, Eneka Berasategi.

Atzo zortzi (2012-III-23) arratsaldea Joakinekin pasatu nuen, bere etxean. Asko hitz egin genuen; eta, besteak beste, «Hor goian dauden paper zahar horiei begiratu bat eman behar diek, Joxemari, balio dutenak jaso eta gainerakoak botatzeko hortik» esan zidan. Lasai egoteko eskatu nion, gero ere astia izango genuela-ta holako lanak egiteko. Eta Mariano Garaialde zenak hezurretaraino sartu zigun ohitura zaharrari jarraituz, Getariako muztirio gozo-bixia edan genuen elkarrekin. Nik artean ezagutzen ez nuen ELA gaixotasuna azaldu baitzitzaion, asteartean edo operazio txiki bat egingo ziotela, eta ostegunean berriz elkartzekotan gelditu ginen; eta lagun arteko bazkari eder bat egin behar genuela laster, joan deneko bi-hiru hilabetean kanpora irten eta ibiltzeko erraztasun handirik ez bazeukan ere.

Baina horra hor gure ametsak eta usteak ustel gertatu. Ostiralean ezingo genuela abixu eman zidan bere anaia Jesusek, ebakuntza ostean erdi lotan zeukatela-ta Joakin gaixoa.

Lagun dezenteak

Joakinek askotan errepikatzen zuen bere aita zenak behinola esan omen zion hura: «Joakin, nahi deana egizak, baina ibili hadi beti lagun dezenteakin». Eta behin baino gehiagotan gogoratu izan nion aita zenak begi argiz esandakoa ez zuela beti ondo kunplitzen, bere ofizioak hartaraxe behartzen eta hala-holako lankide asko behar izan baitzuen liburu saltze lanean; eta ez dakit ote den bere gremioa elkarterik aproposena beti lagun dezenteak izateko.

Joakinen lagun izatea zorte ederra da, eta bere esaldiak gogoratzen hasi eta askotan datorkit burura behin eta berriz errepikatu ohi zuen beste hura ere: «Guk hemendik aurrera behar deguna, lagun gutxi eta onak, mokadu gozoak, eta disgustorik ez».

Baina edozein albiste txar irakurri, edo saldukeriaren bat egiten ziotenean ikaragarri sufritzen zuela esan dezaket. Min ematen zion Euskal Herriko gatazkak, hemengo elkarrekin konpondu ezinak, bakoitzak bereari bakarrik argi egin beharrak...

Lagun asko zuen/gintuen Joakinek inguruan, hartu eta emateko, behar zuenean laguntzeko, edo edozein laguntza eman nahi zuenean hartzeko —nola ahaztu Sendoa utzi zuenean egindako lana—. Eta inor gutxi ezagutu izan dut Joakin Berasategi zen baino eskuzabalagorik, hark bezala markatzen zintuenik. Nik bezala aitortuko du hori Joakin ezagutu zuen edonork.

Zor handia diogu

Eta goraki esan nahi dut zor handia diogula Joakin Berasategiri denok: Euskal Herriak, Euskaltzaindiak, euskal kulturak, ahozkotasuna maite eta estimatzen duen edonork, bertsolaritzak, bertsolariek, bertsozaleek…

Sendoa argitaletxea —Joakin Berasategi izan zen Antonio Zavala zenaren mezenasik oparoena ezbairik gabe, berarekin argitaratu baitzituen aldi batean Auspoa saila, Auspoa berdea eta Auspoa urdina, Lazkao Txikiren Irriz eta malkoz, Karlisten Bigarren gerrateko bertsoak, Euskal Erromantzeak-Romancero Vasco, Biblioteca de Narrativa Popular eta beste hainbat.

Euskaltzaindiarekin eskuzabaltasun handiz jokatu zuen Joakinek, Sendoako bere artxiboan zituen bertsolari zaharren milaka argazki bere esku jarriz duela urte batzuk; edota Auspoa sail osoa Koldo Mitxelena kulturunearekin batean Interneten jartzeko baimena emanez, Antonio Zavalarengandik hartu zuen erabilpen zuzenaren kontsigna beste baldintzarik gabe.

Zor handia diogu Deiadarra taldekook ere, beti lagundu baitzigun Xalbador eguna antolatzen, Urepelerako Auspoa kolekzio osoa opari egin eta beste hainbat laguntasun emanez.

Horiek eta beste asko zor dizkiogu Olaberriko seme langile asperrezin eta kezkatiari. Baina orain haren alargun Milagrosi, seme-alaba Eneka, Unai eta Arkaitzi, errain eta bilobatxoei, eta «lagun gutxi ta onak» taldean sentitzen garen/direnei, nire dolumin sentikorrena bidali nahi diet penaren nahasmenez egindako aipamen labur eta pobre honetan.

Joakin, hire lagunok jarraituko diagu aldian behin hik hain maite huen txakolin trago bixigarriak hartzen. Bitartean, goraintzi Marianori, Aranalderi, Zavalari, Xalbador eta Uztapide, hire begietako ninia zen Lazkao Txikiri, Lasarteri, hi baino bi-irun lehenago joan den Goibururi… Sinistu ala ez, guztiekin batean hengokeela amets egin nahi diat, bihotzez.
 

Publizitatea

Kultura saileko albiste gehiago

Estereotipoak hautsi dituena

Benicio Del Torok jasoko du Donostia saria.'Escobar: Paradise Lost' filmeko protagonista da puertorricarra.Zinemaldiko Perlak saila itxiko du pelikula horrek

Poesiari aurka egin zion poeta

Ehun urte beteko ditu etzi Nicanor Parra poeta txiletarrak, eta omenaldi sorta prestatu diote herrialdean horregatik. Herrialdeko idazle nagusietariko bat da 'antipoeta'.

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak