Berria.eus

Gizartea Hedabideak, euskararen hauspoa

Publizitatea

Gizartea

Euskara

Hedabideak, euskararen hauspoa

Garabidek Euskararen Berreskuratzea ekimeneko hirugarren liburua eta DVDa kaleratu ditu; euskal hedabideez dihardute

Helburua da beste hizkuntza gutxituekin euskal hedabideen esperientzia partekatzea
Maizpide euskaltegiko ikasleak, BERRIA irakurtzen.
Maizpide euskaltegiko ikasleak, BERRIA irakurtzen. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS
Hedabideak. Garabide elkarteak alor hori hartu du gai gisa Euskararen Berreskuratzea egitasmoko liburu eta dokumental sortaren hirugarren argitalpenerako. Alberto Barandiaran kazetariak egin du liburua, eta argitalpenaren xedea azaldu du: «Euskarazko hedabideen esperientziaren sintesi bat eskaini nahi izan dugu, beste hizkuntza gutxituetako komunitateentzat baliagarria izan daitekeelakoan». Hizkuntza bat berreskuratzerakoan hedabideek duten garrantzia nabarmendu du Barandiaranek. «Hizkuntzaren barne bizitza eta kohesioa erakusteko tresnarik eraginkorrenetakoak dira».

Atzo egin zuen Garabidek dokumentalaren eta liburuaren aurkezpena, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa). Duela hiru urte jarri zuten abian Euskararen Berreskuratzea egitasmoa. Ekimen horren bidez, euskararen berreskurapenean egiten den lana azaldu eta partekatu nahi du Garabidek beste hizkuntza gutxituekin. «Azken batean, euskararen etorkizuna oso lotua dago guaranierak, amazigerak, kitxuak edo kaktxikelak izango duten etorkizunarekin», nabarmendu du Garabideko Miren Artetxek. Esperientzia horiek partekatzen jarraitzeko beharra aldarrikatu du. «Herri batek ez du soilik galdetu behar zenbat diru duen garapen bidean diren herriei emateko, baizik eta zein esperientzia dituen haiekin partekatzeko».

Hirugarren liburuak, hedabideei eskainitakoak, 65 orrialde ditu, eta euskaraz ez ezik gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere argitaratu dute. «Atzerrirako eginda egon arren, oso garrantzitsua iruditu zaigu euskaraz ere argitaratzea. Kanpora begiratu aurretik, barrura begiratu behar dugu lehenbizi», azaldu du Barandiaranek.

Garabideko Jon Sarasua, Miren Artetxe, Iñigo Iñurrategi eta Urko Kolomo, Argia aldizkariko zuzendari Xabier Letona, EITBko kazetari Elixabete Garmendia, HUHEZI fakultateko Aitor Zuberogoitia eta Lorea Agirre nahiz Unesco Katedrako Andoni Barreño aritu dira Barandiarani laguntzen.

Dokumentala Argia-k ekoitzi du, eta Maialen Sarasuak egin ditu errealizazio lanak. Hamalau minutuko iraupena du, eta Pello Zubiriaren (Argia) Irene Arraratsen (BERRIA), Mikel Bujandaren (Euskalerria Irratia) eta Iban Arantzabalen (Goiena) iritziak jaso dituzte.

Liburuaren abiapuntua euskarazko hedabideen historiaren laburpen bat da: XIX. mende amaieran sortutako lehen euskarazko kazetetatik hasi, eta gaur eguneraino. Tartean aipatzen ditu XX. mende hasieran Resurreccion Maria Azkuek eta Evaristo Bustintza Kirikiño-k euskal prentsa sortzeko egindako ahalegina, 1970eko hamarkadan euskarazko prentsaren alde izan zen aldarria, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera, eta tokiko hedabideen zabaltzea. Euskarazko irratien ugaritzeaz eta azken urteetan Interneten emandako urratsez ere ari da liburua.

Baina proiektuaren benetako xedea ez da azalpen historiko bat egitea, baizik eta hedabideek hizkuntza gutxitu baten berreskuratzean eta iraupenean duten garrantzia azaltzea. Kasu honetan euskara hartu dute adibide gisa.

Funtsezko egitekoa

Barandiaranen esanetan, hedabideak «funtsezkoak» dira prozesu horretan. «Hedabideen bidez zabaltzen dugu gure mundua, eta mudua ere leiho horretatik ikusten dugu. Euskarazko hedabideak ez bagenitu, beste hizkuntza batzuen bidez egingo genuke hori. Kasu gehienetan hizkuntz hegemonikoen bidez izango litzateke: ingelesa, frantsesa, gaztelania...».

Hedabideek komunitatearen identitatea sendotzeko ere balio dute. «Komunitatea egiteko balio dute», azaldu du Euskalerria Irratiko zuzendari Bujandak dokumentalean. Hizkuntzaren garapenean duten garrantziari heldu dio, haatik, Barandiaranek. «Hizkuntza hobetzen laguntzen dute. Estandarizazio prozesuetan aurrera egin nahi duten hizkuntzek beharrezkoak dituzte hedabideak». Euskaldunon Egunkaria sortu zeneko garaia ekarri du gogora Barandiaranek. «Orduan eguneroko lana zen hizkuntza fintzea. Gaur egun alor horretan urrats nabarmenak egin dira, neurri handi batean euskarazko hedabideei esker». Lorea Agirre kazetariak hedabideak «hizkuntzen probaleku» direla dio dokumentalean. BERRIAko zuzentzaile taldeko buru Irene Arraratsek, berriz, hizkuntzen estandarizazioaren garrantzia gogorarazi du. «Handiek egina dute, eta txikiek ez. Hedabideak, administrazioa eta eskola dira hori lortzeko hiru oinarriak».

Elebitasunaren «bide faltsua» salatu du Barandiaranek. «Bi eleko hedabideak sustatu direnean, euskara beti geratu izan da bigarren mailan». Horixe bera berretsi du Argia-ko zuzendari izandako Pello Zubiriak dokumentalean. «Horregatik egin zuten duela 30 urte euskarazko hedabideen aldeko apustua batzuek».

Interneti esker euskara «hizkuntza global» bihurtu duela iritzi dio Goiena -ko Ibon Arantzabalek. «Horrek ematen dizkigun aukerak baliatu behar ditugu».
 

Informazio osagarria

Publizitatea