Albistea entzun

Katalunia. Parlamenturako hauteskundeak

Bera gobernatuko dute

Espero izandako gehiengo osotik oso urrun, Masek aitortu du CiUk ezin duela bakarrik gobernatu Kataluniako Parlamentuan

ERCk erreferenduma babestuko du, baina oposizioan jarduteko asmoa dauka
Tamaina handiagoan ikusi

Samara Velte - Berriemaile berezia

2012ko azaroak 27 - Bartzelona

«Ezin dugu bakarrik gobernatu». Aldarri independentistak gainezka egin dio Artur Mas Kataluniako presidenteari; ziurtzat jotzen zituen botoek ezkerrera ihes egin diote, eta orain, CiUk parlamentuan gobernatu baino gehiago, parlamentuak gobernatuko du CiU. «Indar nagusia gara eta, horrenbestez, geure gain hartuko dugu gobernuaren ardura nagusia», esan zuen atzo Masek, Convergencia i Unio koalizioaren batzar nazionalaren osteko prentsaurrekoan. «Baina ardura ez da gurea bakarrik. Hala nahi izan dute herritarrek».

Autodeterminazioari buruzko erreferendumak lehentasuna izango duela baina «egunerokotasuna» ere antolatu beharra dagogela gogorarazi du, eta hori beste indar nagusien obligazioa ere badela. Datozen egunotan ERC eta PSCrekin hitz egin nahi du.

ERCk, ordea, esan du jada ez daukala gobernua koalizioan eratzeko asmorik. Oriol Junqueras zerrendaburuak oposizioko indar nagusia izango dela iragarri du, baina adostuko dituela CiUrekin «oinarrizko helburu» batzuk; erreferenduma, esaterako. PSCk ere adierazi du ez daukala Mas babesteko asmorik.

Burujabetzaren alde bozkatu du Kataluniak: igandeko boto guztiak zenbatuta, 74 eserleku lortu dituzte argi eta garbi autodeterminazioaren alde mintzatu direnek, hau da, CiU, ERC eta CUP alderdiek. Auzi horri buruz hain posizio garbirik adierazi ez duen ICV-EUiA kontatuz gero, parlamentuko 135 diputatuetatik 87 lirateke independentistak.

CiUk lortu du boto gehien, baina oso urrun gelditu da Artur Mas presidenteak eskatutako gehiengo osotik. Kontrakoa: behera egin du, hamabi diputatu galduta. Herritarrek ez diote botere absolutua eman nahi izan hemezortzi hilabetean aurrekontua 5.000 milioi euro murriztu nahi zuen gizonari. Subiranismoaren diskurtsoak ere ez ditu engainatu herritarrak: burujabetza nahi dute, baina ez dira Masez fio.

ERCk jaso ditu CiUrekin zapuztutakoen botoak; hamar diputatutik 21era pasatu da, eta bigarren indarra da orain Kataluniako Parlamentuan. ERC baino ezkerrerago, CUP alderdi asanblearioa: lehenengoz aurkeztu da parlamentuko bozetara, eta iragarpen onena kunplitu zaio, hiru eserleku lortu baititu.

PSCk zortzi ordezkari galdu ditu, eta hirugarren gelditu da. Inkestek inoizko jaitsierarik handiena iragartzen ziotela kontuan izanda, okerragorik ere espero zuten alderdian. Boto kopuruetan, ERCri gailendu zaio, baina diputatu bat gutxiago lortu du.

Alderdi sozialistaren boto- emaile ohi gehientsuenak ICV-EUiA-ra igaro dira; autodeterminazioaren auzian ere gehiegi posizionatu gabe, baina politika ezkertiarragoak ikusi dizkiote koalizio ekosozialistari.

Kataluniak Espainiaren mende jarraitzearen aldeko eskuindarrek ere gora egin dute: PP eta Ciutadansen artean, 21 diputatu zituzten orain arte; 28 dituzte orain. PPk eserleku bat irabazi du, Ciutadansek sei.

Gaizki atera zaio jokaldia

Freixeneten iragarki bat izateko prestatuta zegoen Bartzelonako Majestic hotela igande gauean. CiUk ez zuen alferrik aukeratu hiriko hotelik luxuzkoena: hauteskundeak aurreratu zituenetik, kontrolpean eduki nahi izan du Masek prozesua, eta garaipen ikusgarria planaren parte zen.

Hauteslekuak itxi eta ordubetera heldu ziren lehen emaitzak; pantailetan 54 zenbakia ikustearekin bat seriotu ziren CiUko militanteen aurpegiak. Zenbatutako kopuruak gora egin ahala, behera zihoan Masen alderdiaren eserleku kopurua, desiratutako 68 diputatuetatik geroz eta urrunago. Botoen erdiak kontatuta, 48 ordezkari zituen, eta nekez heldu zen 50era azken botoetan. Ulertu ezina zabaldu zen Majesticen: «Honetarako aurreratu genituen hauteskundeak?». CiUkoek ez zuten xanpain botilarik atera.

Mas ere serio agertu zen jendaurrera, eta garratz mintzatu zen. Bere gobernuari egokitu zaizkion «urte gogorrak» ekarri zituen gogora, murrizketak aipatuz: «Testuingurua berezia izan da». Onartu zuen CiUk ezingo duela bakarrik gobernatu, baina lasai agertu zen «ez dagoelako CiUtik igarotzen ez den gobernu alternatiborik». Oriol Pujol Convergenciako idazkari nagusiak, ordea, argi hitz egin zuen: «ERCren esku gaude».

Kataluniako herritarrek burujabetza nahi dute, baina ez edozein preziotan. CiUrekin zapuztuta, ezkerrera egin dute askok, Esquerrara, arlo sozioekonomikoan alternatibak proposatuko dizkien esperantzaz. «Jarri ditugun erronkak betetzea zaila izango da», esan zuen Junquerasek hauteskunde gauean, emaitzak jakin ostean: «Ahal beainbeste zailduko digute bidea». Datozen egunotan alderdi bakoitzaren jarrerak ikusi eta guztiekin hitz egiteko prest agertu da ERC.

CUPeko David Fernandez argi mintzatu da CiUren emaitzez: «Ezin da zigorgabetasun osoz osasungintzan eta hezkuntzan murriztu, eta horrek ondoriorik izango ez duela pentsatu». Zerrendaburuak badaki «hiru diputatu ez direla ezeren berme»; hala ere, orain arte udalgintzan jarraitutako printzipioei eutsiko dietela hitz eman du: «Utopiarekin, eguneroko bizitzako esperantzarekin eta elkartasunarekin bat egitea».

PSCko Pere Navarrok onartu du emaitzak ez direla izan desiratutakoak, baina ezta inkestek zioten bezain txarrak ere. «Alderdi sozialista une zailean dago, eta lanean jarraitu behar dugu gizartearekiko komunikazioa indartzeko». ICV-EUiAko Joan Herrerak beste alderdiei egin die dei, Mas presidente izendatzea oztopatzeko: «Katalunia ez da CiU, orain inoiz baino gutxiago».

Herritarrek bakarrik utzi dute Mas, eta gainontzeko alderdietatik inork ez du gehiegi babestu nahi. Egoera kontrolpean izan nahi zuen, baina nahi duen moduan baino, ahal duen moduan gobernatu beharko du datorren agintaldian.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. ©BERRIA

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Gorka Berasategi Otamendi

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...