Euskal preso eta iheslariak. Azken ostirala

Herriko plazara jalgi dira

Hainbat iheslarik Azken Ostiraleko elkarretaratzeak baliatu dituzte sorterrira itzuli direla jakinarazi eta irudikatzeko

Urratsaren garrantzia nabarmendu dute, eta konponbidearen aldeko euren hautua berretsi
Jose Angel Mutiozabal <em>Txabillo</em>, Xabier Makazaga eta Ros Gonzalez Urola Kostako iheslari ohiak Zarautzen eginiko mobilizazioan parte hartu zuten atzo.
Jose Angel Mutiozabal Txabillo, Xabier Makazaga eta Ros Gonzalez Urola Kostako iheslari ohiak Zarautzen eginiko mobilizazioan parte hartu zuten atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Amaia Ventas-Aritz Mutiozabal- Jokin Sagarzazu-Anakoz Amenabar -

2014ko martxoak 29
Itzultzeko hautuaren berri eman zuten lehenengo, eta itzuli direla jakinarazi ondoren. Sorterriko plazetara jalgi dira. Preso eta iheslarien alde hilabetero azken ostiralean antolatzen diren kontzentrazioak baliatuz horretarako. Sinbolikoa izan da itzulera batzuentzat —jaioterrira itzultzeko asmorik ez dute—, eta itzulera benetakoa besteentzat. Helburua, azken batean, iheslari izaera bukatzea baita, haietako batzuk BERRIAri, Urola Kostako Hitza-ri eta Arabako Hitza-ri esan diotenez.

GERARDO ROMANO (Gasteiz, 1965)

«Urte batzuk nora ezean ibili ostean, konfiantza berreskuratu behar dugu»

Herenegun heldu zen Gasteizera Gerardo Romano, hamahiru urte Ipar Euskal Herrian ibili eta gero. Zain zituen familia eta lagunak alde zaharrean: «Halako egoera batean bakarrik konturatzen zara gertu izanagatik ere inkomunikazioaren horma zein sendoa izan daitekeen».

Haren anaia —Unai Romano— atxilo eraman eta hiru hilabetera erabaki zuen Gasteiz utzi eta Baionara joatea, 2001eko abenduan. Askatasuna erakundean lanean zebilen garai hartan, eta hura ere atxilotzeko arriskuan zela sumatu zuen. «Atxiloketak, torturak, izen gehiago, atxiloketak, torturak… Ez nuen gurpil zoro hartan sartu nahi; nahikoa jolastu ziren nire anaiarekin!».

Urte hauetan guztietan, halere, atxilotua izateko mamua ezin uxatu izan dela aitortu du: «Inoiz ez dakizu zer arrisku dagoen, eta beti airean zabiltza. Trukerako txanpona gara, eta Espainiako edo Frantziako justiziek nola erantzungo duten ezin dugu aurreikusi».

Gogotsu bueltatu da Gasteiza, aurrerantzean gertatuko denarekin baikor. Iaz Miarritzen zehaztutako bide orria buruan, prozesua «poliki» doala baina «pauso garrantzitsuak» eman direla uste du: «Lehenik eta behin, mundu zabalean deportatuta daudenen egoera da konpondu beharrekoa; Frantziak agindu zituen kanporaketak, eta hari dagokio afera konpontzea».

J. A. MUTIOZABAL 'TXABILLO' (Zarautz, 1962)

«Ihes egin genuenean pentsatzen genuen urte pare batean konponduko zela»

«Hasieran, ihes egin genuenean, pentsatzen genuen urte pare batean dena konponduko zela. Ordutik, urte asko eta asko pasatu dira», aitortu du Txabillo-k. Zarauztarrak 1987an egin zuen ihes, Venezuelara. Bertan igaro ditu 23 urte, duela lau urte Urruñara (Lapurdi) lekualdatu zen arte. «Hasieran gogorra da zure herria utzi eta herrialde berri batera joatea, bestelako kultura bat duen herri batera». Gerora, urteen poderioz «moldatzen» jakin izan zuen Mutiozabalek, eta bere ingurunea ere sortu zuen. «Beti aurkitzen da norberaren ingurunea, euskaltzalea. Kasu horretan, euskal etxeen inguruan biltzen ginen».

Venezuelan baziren hiruzpalau garai hartan, eta euskal diasporako jendearekin ere harremanetan zegoen Txabillo. «Iheslariak antolatuta geunden han. Kolektiboa beranduago sortu bazen ere, beti bizi izan gara talde gisa».

Gertatukoaren inguruan hausnarketa egin du: «Onartu behar dugu gauzak gaizki egin direla, baina guztiok egin ditugu gauzak gaizki. Ez guk bakarrik. Min asko eragin da». Hori aitortzeko prest daude iheslari ohiak, eta hala jaso dute ekainaren 15ean egindako adierazpenean ere. «Konponbidearen zentzuan ari gara urratsak egiten», gaineratu du.

KONTXI LOPETEGI (Zestoa, 1968)

«Laurok herrira noiz itzuliko garen galdetzen digute askotan seme-alabek»

Zestoarrak 1991n egin zuen alde jaioterritik. Fleury-Merogisen egon zen lau urtez, eta gero Ziburura joan zen bizitzera. «Hasieran gogoratzen zara data garrantzitsuekin, herriko festekin... Pentsatzen jartzen zara zertan ariko diren zure lagunak, senideak eta ingurukoak. Etengabe oroitzen zara horretaz». Urteak pasatu ahala, ordea, egoera berrietara egokitzen ikasten dela dio, «bestela krak egin dezakezu».

Egun ere Ziburun bizi da senarrarekin eta seme-alabekin, «nahiko egoera normalizatuan». «Laurok herrira noiz itzuliko garen galdetzen digute askotan seme-alabek, eta nik espetxeratzeko beldurra eta Guardia Zibila aipatzen diet, besteak beste. Askotan, eurak babestearren, ez dizkiegu arrazoizko azalpenak ematen seme-alabei».

Izan ere, neurri batean ala bestean, beti amestu dute sorterriarekin. Nahiz eta kanpoan egon, «bihotza eta burua» beti izan dituzte Euskal Herrian. «Hori beti». Ez zuten «sekula» pentsatuko, ordea, «hainbeste denbora itxaron» beharko zutenik iheslari izaera galtzeko. «Denok askatu behar ditugu korapiloak, eta zubiak eraiki, desegin beharrean». Lopetegiren arabera, «zauria sendatzeko gorrotoa ez da bidea». Herritik kanpo bizi izan diren urte luzeetan «une itxaropentsuak» ezagutu izan dituztela oroitu du, baina askotan «zapuztu» egin zaizkiela esperantzak. Orain «ilusio» garaia da berriz ere, eta aurrera egiteko kemena dute.

Gogorarazten du pertsona asko daudela oraindik ezkutatuta, atzerrian, kartzelan... Horiei ere «bidea prestatu» behar zaiela dio, eta irtenbide bat eman, «irtenbide duin bat». Betiere, besteen sufrimendua gutxietsi gabe. «Azken finean, denok sufritu dugu, alde batekoek eta bestekoek», dio: «Inor ez da sufrimenduaren labeldun. Geure haurrei eskaini behar diegu etorkizun hobe bat».

ROS GONZALEZ (Zarautz, 1947)

«Herria da hauspoa, eta hausporik gabe ez dago borrokarik»

Ros Gonzalezek Mila Mitxelenarekin batera egin zuen ihes 1981. urtean. «Egoera larria zen»; bat etorri dira biak. Iparraldean finkatu ziren orduan, eta urte luzetan askotariko egoerak ezagutu izan dituzte. Egun egoera normalizatuan bizi badira ere, egon dira paperik gabe, egon dira ezkutuan.... Finean, beste hainbat bezala. «Kontuan izan behar da guztira hirurehun iheslari inguru garela, eta gatazka politikoaren ondorioz mundu osoan zehar gaudela sakabanatuta», ohartarazi du Gonzalezek.

«Gogorra da egoera, baina aurre egingo diogu. Ihes egitera bultzatu gintuen arrazoiak ez baitira oraindik aldatu», aitortu du. Espainia eta Frantzia ez direla esertzeko eta hitz egiteko gai ikusi dute iheslariek, eta hori horrela, pausoa eurek ematea erabaki dutela dio Gonzalezek: «Pausoak emanez bultzatuko ditugu haiek ere aurrerapausoak ematera».

Alde horretatik, gizarteak emandako erantzuna eskertu dute, eta herritarrengan sumatu dute itxaropen hori. Herritarrak aktibo bihurtzearen garrantzia aipatu du Gonzalezek, eta «burmuina estutu eta ideia berriak pentsatu» behar direla esan du, «jende berria erakarri». Horiek «gogoz eta pozik» egingo dute lan haren arabera, prozesuan aurrera egiteko. «Niretzat herria da hauspoa, eta hausporik gabe ez dago borrokarik».

MILA MITXELENA (Zarautz, 1942)

«Nor den galdetu behar izaten diot orain agurtzen nauenari; lotsa pasatzen dut»

Mila Mitxelenak 33 urte igaro ditu ihesean, «bizitza erdia». Baina amaitu da aro hori. Zarautzen bizi da dagoeneko. Pasatu da «beste aldera». Hala ere, etxean «arrotz» sentitzen da. Jaioterrira itzulita, «arraro» sentitzen da: «Ez dut jendea ezagutzen eta ezta herria bera ere. Kaleetan zehar nabilenean askotan galdetu egin behar izaten dut leku jakin batera nola edo nondik heldu. Jendearekin ere hala gertatzen zait; nor den galdetu behar izaten diot agurtzen nauenari askotan. Gogorra da hori; lotsa pasatzen dut». Bere herria Iparraldean dagoela dio. «Tristea da, baina ni hara itzultzean sentitzen naiz etxean».

Gainontzeko iheslariak izan ditu hizpide. «Jende asko geratu da bidean», haren esanetan. «Gu baino egoera okerragoan», zehaztu du Mitxelenak. «Ezin dugu irudikatu ere egin zenbat dauden ezkutatuan, atzerrian, kartzelan... Eta hori behin eta berriz gogoratu behar dugu; haiengatik ere egin behar dugu aurrera».

JEXUX BIDAOLA 'TXIRRITA' (Orexa, 1949)

«Urte asko daramaten iheslariak dira itzultzeko beldur handiena dutenak»

Amets «xume» bat dauka Jexux Bidaola Txirrita-k: emaztea eta bi alabekin sagardotegi batean bazkaria egitea. Atzerrian duen alabarekin telefonoz baino ezin izan du hitz egin aurreko larunbatean Villabonara itzuli zenetik. Pozez saltoka hartu zuen berria. Berehala itzuli nahi zuen, eta itzuliko da. Laster beteko dute ametsa. «Urte hauek guztiontzat izan dira gogorrak, alabentzat bereziki». 23 urte dira Txirritak ihes egin zuenetik. Emaztea eta bi alaba utzita. Berak sortu zuen enpresa itxita. Paperik gabe bizi behar izan du Ipar Euskal Herrian. «Bi ministerioak eta Jaurlaritzak» hala nahi izan dutelako. Gaur egunera arte. Urte luzez izan da han lanik ezin eginda. Beste bi iheslarirekin batera, apartamentu batean «ezkutatuta». Atxilotu ere egin zuten eta kanporatzeko agindua jaso. «Mehatxu» hori beti izan du bizkar gainean. Hilda daude jada haren etxekide ohiak, ezin izan dute berekin batera itzulerako bidea egin. Damu da horretaz. Geratu direnak ditu gogoan. «Urte asko daramatenak dira itzultzeko beldur handiena dutenak, kristoren aldaketa dakarrelako».

Erretiroa hartzeko adinarekin itzuli da Txirrita. Itzulera ez da erraza izaten ari, nahiz eta «babes zabala» sentitzen ari den. Ez da asko irten kalera. «Oso aldatuta dago herria, jendea...». Aspaldiko lagun eta ezagunak topatzen ditu kalean. Haietako askok ez dute ezagutzen harik eta bere burua aurkezten duen arte.

Alde egin zuen eguneko irudiak etortzen zaizkio burura. Etxe atarian zeuden bi auto susmagarri horiek. Ezin ditu burutik kendu. «Beldurra». Eta garai hartan jasotzen zituen «mehatxuak». Anaia hil zuten guardia zibilek, 1976an. Eta ordutik jasotzen zituen mezuak. Beldurra sentitzen du oraindik ere.