Berria.eus

Kultura Euskal arkitekto gazteen lanak ezagutaraziko dituzte Bordelen

Publizitatea

Kultura

Euskal arkitekto gazteen lanak ezagutaraziko dituzte Bordelen

Bost talde aukeratu dituzte, Atari elkartearen eskutik eta Jaurlaritzak lagunduta

2012-05-03 / Erredakzioa

Euskal arkitekto gazte batzuen lanak ezagutaraziko dituzte, gaur, Bordeleko (Okzitania), Arc en Reve zentro entzutetsuan. Atari Kultura Arkitektonikoaren elkarteak hauspotu du ideia, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Horretarako, bost talde aukeratu dituzte: Zarauzko Toki estudioa, Asier Santasek eta Luis Suarezek Bilbon dutena, Maier Velezen eta David Serranoren Iruñeko MID estudioa, Donostian eta Parisen egoitza duten HTC Arkitektoak, eta Maushaus taldea, zeina umeei arkitekturaren balioak eta plazerak transmititzeko lanean dabilen.

Atari elkartekoen ustez, bost talde horiek irudikatzen dute euskal arkitekturaren «alderdi freskoena». Hartara, Atariren helburuetako bat da euskal arkitektura «hedatzea eta promozionatzea»; batez ere, gazteen lana. Joan den martxoan, esaterako, Donostiako Issu estudioa eta Portugaleteko Cristina Achak eta Miguel Zaballak daukatena eraman zituen Parisko Pavillon de l'architecture ezagunera. Joan den irailean ere Bordelen bertan izan ziren; orduan, 308 Maison l'architecturen. Atarik aurkezpen bat egin zuen Arkitektoen Elkargoko sarietarako. Erakusketa hartan Peru Mugikak (MGD arkitektoak), Ander Aginakok (Abar estudioa) eta Donostiako Peña Gantxegi estudio entzutetsuak parte hartu zuten, besteak beste.
 

Publizitatea