Albistea entzun

Emakumeen aurkako indarkeria. Nerabeak eta gazteak

Printzesa kontrolpean

Gazteen bikote harremanetan ere indarkeria matxista badagoela diote ikerketek. Adituek ohartarazi dute bortizkeria hori psikologikoa eta soziala dela fisikoa baino gehiago eta, beraz, sotilagoa.
Gasteizko Udalak azaroaren 25erako ateratako paparrekoa.
Gasteizko Udalak azaroaren 25erako ateratako paparrekoa. BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2011ko abenduak 20

Sakelakoaren txirrinak esnatzen du egunero Uxue: «Egun on, printseza!», agurtzen du Jonek. Mutil-lagunaren lehen SMSak irribarrea aterarazi dio. Laster jasoko du bigarrena, matematika klasean, irakasleari buruz: «Ez da batere tontoa. Zer edo zer egiten badizu, ikusiko du». Handik gutxira, barkamena eskatuko dio: «Badakit ez didazula minik egin nahi, neska ona zara». Arratsaldean, ikasgelatik ateratzean, bila joango zaio: «Sorpresa! Insti aurrean nago. Ez zara Oier tontoarekin hitz egiten egongo, ezta? Etorri, etxera lagunduko zaitut». Afalorduan ere Jonen berri izango du: «Ez egin beste planik. Jarri polit niretzat». Eta gauean zain egongo da Uxue, mutil-laguna noiz helduko; Jonek kale egingo dio, eta, gezurretan, ama ospitaleratu dutela esango dio, lagunekin parrandan ibili dela ezkutatzeko. Azkenik, Uxuek harremana moztean helduko dira Jonen mehatxuak: «Ni ez nau inork uzten! Kontuz ibili: nirekin ez bazaude, ez zaude inorekin».

Urtxintxa eskolak plazaratu berri duen Egun on printzesa! film laburraren pasarte horretan ez dago zaplaztekorik, ezta kolperik edo jipoirik ere, baina bai indarkeria sexista. Nerabe eta gazteen harreman afektiboei buruz egindako azterlanek ohartarazi dute erlazio horietan ere badela indarkeria; baina emakume gazteak konturatzen al dira jasaten dituzten bortizkeria egoerez?

«Indarkeria fisikoa erraz identifikatzen dute, baina oso urrun ikusten dute, helduen arazoa balitz bezala; aldiz, fisikoa ez den hori antzemateko adierazlerik ez daukate», laburbildu dute Amagoia Osinalde eta Ibai Fresnedo Urtxintxa eskolako kideek. Fisikoa ez den hori indarkeria psikologikoa eta soziala dela erantsi dute, «oso sotila». Horregatik, Jon ez da fisikoki ageri filmean. «Erasotzaileei buruzko soslai jakin bat dute neskek, hedabideek sortua: etorkina dela, oso izaera bortitza duela... Film laburrean, bere aurpegia ez erakutsiz, sotiltasun hori nabarmendu nahi izan dugu: bera ez, baina bere indarkeria bai ikus daiteke», zehaztu du Osinaldek.

Nerabezaroan jadanik eragina dute genero rolek eta estereotipoek: neskak maitekorrak eta ulerberak dira, eta mutilak ausartak eta oldarkorrak. Beraz, horien arabera ezartzen dira, haien arteko harreman afektiboetan, batzuen eta besteen funtzioak. Hala, Espainiako Emakume Progresisten Federazioaren ikerketa baten arabera, gazteen %80k uste dute bikote harremanetan mutil-lagunari atsegin eman behar diola neskak; %40k diote neska-laguna babestu behar dutela mutilek; %60k normaltzat dituzte zeloak.

Ondorioa kezkagarria da: gizon gazteek bikotekideak kontrolatzeko joera agertzen dute, eta emakumeek, men egitekoa. Urtxintxako hezitzaileek ere antzeman dute 14 eta 18 urte arteko gazteekiko solasaldietan: «Neskek ez diote garrantzirik ematen mutilen kontrolari».

Izatez, neskek sarri uzten diete eskuko telefonoa begiratzen, edo Interneteko sare sozialetako pasahitzak ematen dizkiete. «Gurasoei, aldiz, ez diete uzten, eremu pribatuak direlako. Gurasoekin botere harreman bat dagoela ikusten dute, eta haiekin pribatutasuna defendatu beharrean sentitzen dira», azaldu du Fresnedok: «Baina mutil-lagunak berdintzat dituzte».

Emakumeen askatasuna eta erabakiak ez errespetatzea dakar, baina. Horren seinale da neskak euren lagun taldetik atera nahi izaten dituztela mutilek. «Beldur dira neska-lagunaren adiskideen eraginaz: agian esango diote mutila nolakoa izan den aurreko harremanetan, egoeraren bat salatuko dute...», adierazi du Fresnedok. Hala, praktikan, espazio propiorik gabe geratzen dira emakume gazteak: «Disposizio osoa dute mutil-lagunarekin egoteko, eta uko egiten diote hainbat gauzari. Mutilek ez dute hainbeste sakrifikatzen, eta neskek, dena». Osinaldek erantsi du emakumeei asko kostatzen zaiela indarkeria sozial hori antzematea, «uste dutelako ez daukatela kuadrillarekin egoteko gogorik».

Hezitzaileek diotenez, mutilek xantaia emozionala erabiltzen dute jokabide horiek justifikatzeko. Film laburrera jo dute adibide bila. Uxue haserretzen denean, Jonen xantaia jasaten du: «Zu gabe ez naiz ezer. Beti nire hanka sartzeak barkatzen dituzu»; «hau egiten badidazu, ezingo dut bizi»... Era berean, Jonek ez ditu gustuko Uxueren lagunak: «Ez dira zuretzako konpainia ona». Baina mutilak bere adiskideekin egon nahi duela aldarrikatzen du: «Ezin al naiz lagunekin egon?».

Indarkeria psikologikoaren beste aldagaietako bat aitortzarik eza dela azaldu dute Urtxintxa eskolako kideek. Mutilek egiten duten guztiari buruz hitz egiten da, eta goraipatu egiten zaie; neskei, ordea, ez zaizkie ahaleginak aitortzen, eta, aipatzekotan, kutsu ezkorra erabiltzen da. Osinaldek adibide argia jarri du: «Polit jartzeko eskatzen dio mutilak neskari, baina gero ez dio esfortzu hori eskertzen, berez hala izan beharko balu bezala: eder egon beharra naturalizatzen dute, eta hor botere harremanetik jokatzen dute mutilek». Baina gizonen «moral bikoitza» azaleratzen da hor: «Neskak eder nahi dituzte, baina haiengandik hurbil; eta ederregi egonez gero, jeloskor jartzen dira».

Bortizkeria horren seinale, aitortzarik eza horrek emakume gazteen autoestimuan eragiten duela gaineratu du Fresnedok: «Neskak ez dira euren buruari buruzko ezaugarri positiboak esateko gai, eta, aldiz, negatibo asko bururatzen zaizkie». Mutilekin ez dute halakorik antzeman.

Maitasun ikasia

Hori guztia, baina, lehenagotik datorren prozesu baten ondorio da: «Maitatzen ikasi egiten da». Maitasuna eta nerabeak genero ikuspegitik aztertzen ari da Irantzu Fernandez EHUko antropologoa; haren ustez, maitasun erromantikoaren ereduak eragin handia du gazteengan eta, beraz, haien arteko harremanetan sor daitezkeen indarkeria egoeretan: «Maitasunaren sozializazioaren bitartez, genero ezberdintasunak bermatzen dira».

Ondorio horretara heltzeko, 12 eta 14 urteko nerabeek maitasunari buruz dauzkaten diskurtsoak eta praktikak aztertu ditu, eta alde nabarmenak antzeman ditu nesken eta mutilen artean. Maitasuna poztasunarekin lotzen dute denek, baina neskek beste emozio bat eransten diote: sufrimendua. Horrek sufritzeko prestasuna dakarrela nabarmendu du Fernandezek: «Uste baduzu eta txikitatik barneratu baduzu maitasunean sufrimendua dagoela, sufrimendu hori pairatzea maitasunaren berezko parte balitz bezala biziko duzu».

Baina nondik dator maitasunaren eta sufrimenduaren arteko lotura hori? «Neskentzat, eta batez ere nerabezaroan, maitasunaren inguruko ikasketa prozesu itzela dago prestatuta: aldizkariak, pelikulak eta aktoreak, musika eta abeslariak...».

Batzuek eta besteek kontsumitzen duten kultura produkzioari begiratu besterik ez dago. Twilight saga aipatu du Fernandezek: «Gizon protagonistek rol bera dute beti: politak dira, indartsuak, gaizto edo bihurriak, arrisku egoeretan neska babesten eta salbatzen dute, baina maitasun ezinezkoa da».

Neskak emakumezko protagonistekin identifikatzea eta gizon soslai hori desiratzea dute helburu produktu horiek. Baina mutilek ez dituzte horrelakoak kontsumitzen. «Telebista dibertitzeko ikusten dute: marrazki bizidunak, kirolak... Inoiz halakoren bat ikusten dute, baina sexuaz ikasteko, edo motor lasterketa bat agertzen delako».

«Mutilek ez daukate maitasunaren ikasketa prozesu hori». Beraz, haien diskurtsoan ez da sufrimendurik ageri maitasunari lotuta eta, galdetuta ere, ukatu egiten dute halakorik dagoenik. Aldiz, urduritasuna eta jeloskortasuna aipatzen dituzte. «Maitasuna jabetza terminoetan ulertzen dute mutilek: neskak eduki edo lortu nahiko lituzketela esaten dute», azaldu du Fernandezek.

Hain justu, «harraparia» da, Itziar Canteraren ustez, «arrakastaren eredu maskulinoa». Deustu eta San Inazioko Modulu Psikosozialeko (Bilbo) psikologoa da, eta, besteak beste, emakumeekin lan egiten du. Gazteen aurkako indarkeriari buruz orain bi urte egindako azterlanean ondorioztatu zutenez, «gazteen arteko erakarpen ereduak ere ez dira parekideak». Canterak aipatutako harrapariak, gaizto itxura duten mutilak, «ikono erotikoak» dira neskentzat, eta mutil horiek neska «otzanak» bilatzen dituzte.

Hori dela eta, lehen bikote harremanetan neska batzuk ama bihurtzen direla uste dute Urtxintxa eskolakoek. Cantera «emakumeen guztiahaltasunaz» mintzatu da: neskak konturatzen dira mutil-lagunen ezaugarri batzuk ez dituztela gustuko, baina, harremana moztu ordez, bikotekidea eraldatzea lehenesten dute. «Neskek pentsatzen dute: 'Maite badut, dena jasango dut, eta aldatzea lortuko dut'».

Ildo horretan, psikologoak azaldu du maitasun erromantikoaren ereduak mezu desberdinak igortzen dituela generoen arabera: «Ustez, politena dena ematea da, baina gizonek ez dute hala planteatzen. Emakumeen maitasunak ez du elkarrekikotasunik eskatzen, eta, ondorioz, bakarrik egindako bidaia da: maitemintzen naiz, dena ematen dut, neure burua engainatzen dut ez dudalako onartzen bestea ez dela dena ematen ari, ez naiz gai konpromisoa eskatzeko... Ez da parekidea».

Nerabezaroaren ajeak

Azken batean, gazteen bikote harremanetan indarkeria adierazten duten jokabideak aztertzean, eragile guztiak bat datoz diagnostikoan: helduen harremanetako jokabideak errepikatzen dituzte gazteek. Berdintasun faltsuak, gainera, ez du laguntzen, Canteraren aburuz: «Indarkeria ukatzen ari gara; hala, gazteei transmititzen diegu gizarte demokratiko eta parekide batean gaudela. Horrek emakume guztiok jartzen gaitu arriskuan».

Baina zerk egiten ditu berezi nerabezaro eta gaztaroko amodioak? «Nerabezaroan, gazteek helduen espazioan debutatzen dute», xedatu du psikologoak. Espazio berri horretan abiatzen diren bikote harremanak ere kualitatiboki desberdinak direla erantsi du: «Ez dago intimitaterako toki argirik, eta, beraz, denbora eta bizikidetza gutxiago dago. Indarkeria zantzuez konturatzea zailagoa da».

Gazteen bilakaera pertsonalak ere eragin handia du: «Nortasun indibidualak ez dira oso sendoak. Taldean sostengatzen dira, baina taldeen identitateak oso zurrunak dira: gizarte matxista eta patriarkalaren alde estereotipatuena hartzen dute».

Hartara, emakume gazteak desabantaila ugarirekin sartzen dira espazio horretan. Mutilekin ez bezala, nesken sexu desioa auzitan jartzen dela salatu du Canterak: «Horrek segurtasunik eza eragiten die, eta irudiaren bidez frogatu behar dute besteek espero bezain onak direla». Gakoa, haren ustez, kontzientzia hartzean dago. Neskek ohartu behar dute hori ez dela askatasuna: «Botere gehiago eman behar diegu, ausardia, balioa, aitortza. Baimena eman behar diegu beren gorputzari entzuteko eta gustuko ez dituzten egoerak geldiarazteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatu Medikoko kideak, atzo, greba hasi aurreko elkarretaratze batean. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Ultimatuma eta greba hotsak

Ion Orzaiz

Sindikatu Medikoak ezezko borobila eman dio Nafarroako Gobernuaren eskaintzari, eta grebari eutsi dio. Eskaerak: soldata igoera handiagoa, esklusibotasuna eta gobernuaren solaskide bakarrak izatea
Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, Irunen (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Jaurlaritzak ituna eten egingo die sexuka bereizten duten eskolei

Edurne Begiristain

Hurrengo ikasturtetik aurrera kenduko zaie finantzaketa. Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla
 ©JON URBE / FOKU

«Diktaduraren aurkako indarkeria kondenatu beharra ez dut ulertzen»

Xabier Martin

Frankismoak 1960tik 1975era Gipuzkoan eragindako biktimak identifikatzeko ikertzen aritu da. Uste du erakunde batzuk«deseroso» daudela ETA sortu zeneko aro historiko horri erreparatzean.
Presoak desfilatzen, 1960ko hamarkadan, Langraiz Okako espetxean (Araba); Alfer eta Gaizkileen Legearen arabera kartzelatu zituzten horietako asko. ©JAVIER GOMEZ

Moral bikoitzak kondenatuak

Iraia Vieira Gil

'Alferrak eta gaizkileak' izateagatik atxilotu zituztenak omentzeko erakusketa bat egin du aldundiak Gasteizen. Orduan ahotsik izan ez zutenei lekua eman nahi izan diete gaur.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.