Berria.eus

Gizartea Zaborra bider zero

Publizitatea

Gizartea

Ingurumena. Zero Zabor mugimendua

Zaborra bider zero

Europako Zero Zabor taldeek topaketak egingo dituzte Donostian, gaur hasi eta igandera bitartean. Gipuzkoa hondakinen kudeaketaren «lehen lerroan» jar daitekeela uste dute topaketetan hitz egingo duten adituek.

2012-05-11 / Mikel Peruarena

Adierazi nahi dugu Gipuzkoak izugarrizko aukera duela urrats erraldoi bat egiteko eta munduan lehen lerroan jartzeko». Joan Marc Simon Europako koordinatzailearen esanetan, hori da Europako Zero Zabor mugimenduaren bigarren topaketak Gipuzkoan egitearen arrazoia. Zero Zabor lurralde bihurtzea da «urrats erraldoi» hori, baina posible da? Simon: «Oraintxe bertan, erronka da hondakinen bilketa selektiboa %80ra edo %90era iristea, eta hori bai, posible da. Horretara iritsitakoan, gertuago egongo da Zero Zabor, eta, orduan, industriarekin lan egin beharko dugu, ideia horren arabera diseina dezaten dena». Garrantzitsuena, helburua baino gehiago, «norabidea» da Simonentzat. Hobetzeko erreminta bat da, beraz, Zero Zabor filosofia: «Guk esaten dugu: 'Ez bazaude zero zaborren alde... Zenbat hondakinen alde zaude?'».

Gaur hasi eta igandera arte Donostian egingo dituzten Europako Zero Zabor topaketei lelo hori erantsi diote, hain justu: Zero ez bada... Zenbat?. Gaur, 19:00etan, hitzaldi irekiak emango dituzte Joan Marc Simonek Arrasaten eta Paul Connettek Donostiako udaletxean. Zero Zabor mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen Connett, 1990eko hamarkadan. Kimika eta Toxikologia irakaslea da Saint Lawrence Unibertsitatean (New York, AEB), eta mundua korritzen du hitzaldiak ematen. BERRIAri honela laburtu dio bere konpromisoa: «Zero Zabor hobea da tokiko ekonomiarentzat: lanpostu gehiago. Zero Zabor hobea da ingurumenarentzat eta osasunarentzat: toxiko gutxiago. Zero Zabor hobea da gure seme-alabentzat: itxaropen gehiago».

Zero Zabor ideiak Kalifornian (AEB) hartu zuen indarra, 1995ean. Australia izan zen helburu hori onetsi zuen lehena; Canberrako Gobernuak legea onartu zuen, zaborra zeroraino gutxitzeko asmoz. Eta handik iritsi zen ideia AEBetara, Connettek gogorarazi duenez: «Zero Zabor ideia momentu egokian iritsi zen Kaliforniara». Estatu lege bat bazuten, hondakinen %50 zabortegietatik eta errauste plantetatik ateratzeko. «Batzuk galdezka hasi ziren: 'Zergatik gelditu %50ean? Zergatik ez %60, 70, 80? Zergatik ez %100, edo Zero Zabor?'». Horrela sortu zen filosofia berri bat, gerora mundura hedatu dena.

Amerikako eta Erresuma Batuko hainbat aditu eta profesionalek, Connettek tartean, hazia ereiteari ekin zioten. Connett bera izan zen, 1990eko hamarkada bukaeran, ideia Italiara eraman zuena. 2002an sortu zuten Nazioarteko Zero Zabor Aliantza, Erresuma Batuan. Geroztik, hainbat herrialdetara hedatu da: Gales, Katalunia, Belgika, Ingalaterra, Suedia, Bulgaria, Estonia, Brasil... Eta baita Euskal Herrira ere. Egun Zero Zabor proiektu «interesgarrienak» Kalifornian eta Italian daudela uste du Connettek.

«Naturaren zikloari» jarraituz

«Mugimenduaren helburua da ekonomia zirkular bat eraikitzea», zehaztu du Simonek: «Ahalik eta denbora gehienaz erabilgarri izateko diseinatu behar da ekoizten den guztia, eta ahalik eta ingurumen kalte txikiena egiteko». Produkzio eta kontsumo bide lineala nagusitu da: lehengaiak erauzi, tratatu, kontsumitu eta bota. Aldiz, «naturaren zikloari» jarraitu nahi dio Zero Zabor filosofiak. Nazioarteko Zero Zabor Aliantzak definizio hau ematen du: «Zero Zaborrek esan nahi du produktuak eta prozesuak diseinatzea eta kudeatzea, hondakinen eta materialen toxizitatea eta kopurua sistematikoki saihestu eta ezabatzeko»; ez erre, ez zabortegira bota. Hondakinen kopurua gutxitzea, eta sortzen direnak berrerabili, konpondu, birziklatu eta konpostatzea da bidea, Simonen iritziz. Eta birziklatu ezin diren produktuak berriz diseinatu behar dira, edo merkatutik atera. «Hori da printzipio nagusia».

Horretara iristeko, bi oinarri daude, Connettek dioenez: «Herritarren erantzukizuna behar dugu bukaerako partean [kontsumo katearen bukaeran], eta erantzukizun industriala hasierako partean [produktuen ekoizpenean]. Zaborra diseinu arazo bat da, arazo humano bat; naturak ez du zaborrik sortzen. Industriari hau esan behar diogu: 'Ezin bada berrerabili, birziklatu edo konpostatu, industriak ez luke ekoiztu behar'. Diseinu industrial hobea behar dugu XXI. menderako».

Zero Zabor helburura iristeko mugimenduak zehaztuak dituen hamar urratsetan, hondakinak bereiztea eta bilketa selektiboa handitzea dira lehen urratsak. Simon: «Argi dago zenbat eta gehiago birziklatu gutxiago dagoela zabortegira edo erraustera bidaltzeko. Beraz, galdera da nola iritsiko garen %80ko edo %90eko birziklatze tasa batera eta, aldi berean, nola gutxituko dugun hondakinen kopurua. Lehentasuna bilketa selektiboa ahalik eta handiena izatea da». Connettek oroitarazi du San Frantziskon (AEB) %78ko bilketa selektiboa dutela eta Italiako, Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat herritan %80ko bilketa selektiboa gainditu dutela.

Connettek aukera izan zuen, iazko urrian, Hernaniko eredua ezagutzeko. «Hunkitu egin nintzen zintzilikarioekin eta jasotako materia organikoaren kalitate miresgarriarekin». Atez atekoa zikina eta garestia dela dioten salaketei ez diete sinesgarritasunik ematen. Simon: «Gehienetan ez da garestiagoa. Eta ingurumen pasiboak eta enplegu sorreraren ondorioak kontatuko balira, gol askoren aldearekin irabaziko luke atez atekoak». Connett: «Ez da zikina; hondakin guztiak nahastea, hori da zikinkeria. Errauste plantak ere zikinak dira: airea zikina, eta errautsak zikinak». Connettek ez ditu batere atsegin errauste plantak: «Ez dira iraunkorrak! Zerbait erretzen duzun bakoitzean atzera egiten duzu; lehengaiak erauzten, lantzen eta garraiatzen egindako kalteak ez dira apaltzen gauzak erretzen baldin badituzu. Errausketak ideia txar bat perfekzionatu nahi du».

Herritarren eta udalerrien konpromisoaz gain, enpresena ere nabarmentzen dute Simonek eta Conettek. «Estalkiak egiten dituen industriarekin daukagu arazo handiena; ekoizleek kontsumitzaileei pasatu nahi diete ardura, erabili eta botatzeko ontziak eginez», esan du Connettek. Enpresa asko urratsak egiten ari direla azaldu du, hala ere, Simonek: «Haiek dira interes gehien dutenak. Zero Zaborrek kostu gutxiago esan nahi du». Hewlett Packard eta Wall-Mart enpresek, esaterako, Zero Zabor helburuak hartu dituztela azaldu du Simonek. Londresko Olinpiar Jokoek ere Zero Zabor Protokoloa jarri dute.

Errausketatik, hondakinetara

Paradoxikoa da, baina Zubietan hondakinak errausteko egitasmoak ekarri du Gipuzkoara Zero Zabor mugimendua. Zero Zabor Hernanin izan zen izena hartu zuen lehen taldea, duela hiru bat urte. Usurbilgoak jarraitu zion. Gipuzkoa Zero Zabor 2010eko urrian sortu zen. Gaur egun, badira 34 talde, denak Gipuzkoan. Hernaniko taldeak izena nola hartu zuen gogoan du Pello Zubiria kazetari eta taldeko kideak: errauste plantaren kontra egiteko, Ongarri izeneko talde bat osatu zuten 2008 aldean, etxean konposta egiten zuten hainbat lagunen artean. Usurbilen atez atekoa hasi zenean, zerbait gehiago egiteko premia sentitu zuten, atez atekoaren kontra zenbait alderdi eta komunikabide «kristoren egurra» ematen ari zirela iritzita. Munduan Zero Waste (Zero Zabor) taldeak bazirela jakitun, antolatu eta izena hartu zuten.

Gero, Hernanira iritsi zen eztabaida, bertako udalak atez atekoa jartzea erabaki zuenean. «Hernani Gipuzkoako laborategia izan da. Gezur uholdea jasan behar izan dute hernaniarrek, arratoiena eta... Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak lortu du gezur horiek sartzea jendeari». Zubiriak uste du argudiaketan eta eztabaidan «lan berezi» bat egitea tokatu zitzaiola Hernaniko taldeari, baina Zero Zabor ideiaren «motorra» Usurbilen dagoela nabarmendu du, hango taldeak markatu duela bidea.

Usurbilgo taldean hasi zen Ainhoa Arrozpide, eta Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kidea da orain: «Bazegoen errauste plantaren aurkako mugimendu bat, eta Usurbilen ikusten ari ginen bazegoela alternatiba bat, atez ateko bilketarekin». Errausketaren aurka egotetik hondakinen kudeaketa aztertzera pasatu ziren, eta arazoa sakonagoa zela ohartu ziren. Arrozpideren esanetan, hondakin asko sortzea eta dena nahastea, hor dago gakoa. Hondakinak bereizi ezean zabortegira edo errauste plantara bota behar direla, alegia.

Gipuzkoan eztabaida handia sortu da atez ateko hondakinen bilketaz. Lasaitasunez hartzeko eta «dramatismoa» kentzeko eskatu dute Zubiriak eta Arrozpidek. «Gizakiok aldaketen kontra egiteko joera dugu, baina atez atekoa ezagututakoan beldurrak galtzen dira», Arrozpideren arabera. Orain arte atez atekoaren aldekoek argudioak eman behar izan dituztela uste du Zubiriak: «Baina orain beste fase batean gaude: orain, birziklatzen ez duten %20-30 horiek eman behar dituzte azalpenak. Usurbildarrak gai dira %85 birziklatzeko. Atez atekoa dugunok konponduko gara, baina gaizki egiten duten herrien errefusa... Nola kudeatu behar da?». Atez atekoari kontra egitea «eskola oso txar bat» dela adierazi du Zubiriak: «Ez dakit konturatzen diren hemendik hamar urtera nola geldituko diren. Hori izango da Alardean harriak botatzen zituztenena bezala. Barkaezina. Historiaren aurrean oso itsusi geldituko dira».

Murrizteko ahaleginak

Atez atekoa baino urrunago joan nahi dute Zero Zabor taldeek, ordea. «Gipuzkoan, oso hasieran gaude», aitortu du Arrozpidek. Ari dira hondakinen sorrera gutxitzeko ekinaldiak hedatzen, hala ere: arraindegi eta harategietan ontziak erabiltzen hasi dira hainbat herritan; zilarrezko papera ordezkatzeko proiektu bat hasi dute Villabonan; Hernaniko Udalak fardel berrerabilgarriak oparitzen dizkiete guraso berriei; ordezkatzen ari dira plastikozko poltsak; esne makinak ugaritu dira, tetrabrikak gutxituz... Egitasmo txikiak dira, «baina ekimen solte askorekin, ondo antolatuta, murrizketa urrats handiak egin daitezke», Arrozpideren ustez.

Asteburuan Gipuzkoan egingo diren topaketetan, Europako mugimenduko kide bihurtuko dira Gipuzkoako Zero Zabor taldeak. Zero Zabor udalerrien sare bat ere sortu nahi dute. Topaketak Gipuzkoan egitea «ohore handia» da Arrozpiderentzat: «Pentsatzen dute Gipuzkoa eredugarri izan daitekeela hondakinen kudeaketan. Seguru gaude asko ikasiko dugula eta harremanak egiteko garrantzitsua izango dela».

Paul Connetti eta Joan Marc Simoni egindako elkarrizketa osoak irakurtzeko:

www.berria.info
 

Informazio osagarria

Publizitatea