Berria.eus

Iritzia Aulki dantza Europan

Publizitatea

Iritzia

Hizpideak

Aulki dantza Europan

 

2012-05-05 / Xabin Makazaga

Nicolas Sarkozyren azken egunak izan daitezke Eliseoko jauregian. Bihar presidentea aukeratuko dute Frantzian, eta François Hollande ageri da faborito inkesta guztietan, egungo presidentea hurbildu egin zaion arren bozketa eguna hurbildu ahala. Asko hurbildu ere, azken inkesten arabera.

François Bayrou zentristak Hollande babestu izana erabakigarria izan daiteke, eta Sarkozyk ezin izan du haserrea ezkutatu MoDemeko buruaren erabakiagatik. FNko boto-emaileak erakarri nahian, eskuin muturrera urratsa egin baitu Sarkozyk —berezkoa du joera—, zentroa jokoan jarriz. Ezkerreko botoekin bakarrik, Eliseoa urrun zuen Hollandek; orain, hurbilago duela dirudi.

Frantzian bezala, Grezian eta Erresuma Batuan ere krisi garaian agindu duten bezala agintzearen ordaina ari dira jasotzen politikariak. David Cameron kontserbadoreak laboristen aurrean makurtu behar izan du udal hauteskundeetan, eta Greziako Legebiltzarrerako bozetan nork gutxiago galdu lehian ariko dira PASOK eta ND, biek asko galduko dutela jakin arren.
 
Xabin Makazaga

Publizitatea