Agustin Mendizabal. Musika ikerlaria

«Kultura bakoitzean soinuen pertzepzioa ezberdina da»

'Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazioa anbiguoa' ikerketa lanarekin Donostiako Orfeoiaren eta EHUren saria irabazi du Agustin Mendizabalek.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ane Urrutikoetxea -

2014ko apirilak 29
Donostiako Orfeoiaren eta EHUren saria jaso du Agustin Mendizabal ikerlariak (Oiartzun, 1967), Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazio anbiguoa ikerketa lanarekin. Aurtengo saria hirukoitza izan da, izan ere, Fernando Etxepareren memoria eta Antonio Ezkerrok Nicolas Ledesmaren inguruan egindako ikerketa ere saritu dituzte. Mendizabalek «poz handiarekin» jaso du saria, eta ikerketa lanetan jarraitzeko asmoa du. Etxepare Mendizabalen irakasle izan zen, eta saria harekin konpartitzea «ohorea» da Mendizabalentzat. Etorkizunean lanaren edukia «modu egokian» transmititzeko ardura hartu du.

Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazio anbiguoa da zure lanaren izena. Zertan datza ikerketa?

Lanaren helburua Iparraldeko zenbait kantorerengan oraindik entzun dezakegun intonatzeko (edo afinatzeko) modu oso berezi baten nondik norakoak aztertzea izan da. Zenbaitetan tonu laurden edota intonazio atenperatu esaten zaio, baina intonazio anbiguoa izendapena ere ikusi izan dut, eta niri egokiagoa iruditu zait; berez, ez dira tonu laurdeneko bitarteak entzuten, tonu hiru laurdenekoak baizik, batez ere. Kantatzeko modu horrek egitura bat baduen ala garrantzi berezirik gabeko fenomeno kaotiko bat ote den ikertu nahi izan dut, bere esanahi kulturala zehaztuz. Metodo egoki bat erabiliz eta 1970eko hamarkadako disko batzuetan oinarrituz hipotesi bat sortu dut, eta ondoren gaur egun intonatzeko modu horrekin kantatzeko gai diren hiru kantore-berriemailerekin egiaztatu dut, beraiekin izandako elkarrizketen bidez: Junes Xübürü, Beñat Aranburu Arantxet (zuberotarrak) eta Erramun Negelua (baxenabartarra). Muga bat jarri behar nuen, eta hiru horiek aukeratu nituen irratia sartu baino lehenago jaiotakoak direlako. Gaur egun, 80 urteren bueltan dabiltza. Halaber, intonatzeko modu berezi honen jatorriaren hipotesi bat eta bere bilakaera ere landu ditut ikerketan. Azkenik, etorkizunerako aukerak ere jorratu ditut.

Zergatik aukeratu duzu Iparraldeko herri kantaera ikerketarako?

Gauza ezaguna da Iparraldeko kantaera oso berezia eta ederra gertatzen zaigula Hegoaldeko euskaldunoi. Ni ere erakartzen ninduen, eta arretaz entzunez zenbait kantariren intonazioaren berezitasun horretaz ohartu nintzen. Gero ikusi nuen ez nintzela bakarra izan eta bazuela ikertzeko adinako gorputz bat. Helburu jakinik gabe heldu nion lanari, besterik gabe misterio horri erantzuteko asmoz. Horrela, hurrengo pausoa zein zen antzemanez joan nintzen, beharraren arabera, pixkanaka lana borobilduz. Hainbat pertsonaren laguntza beharrezkoa izan dut, batez ere iturrietara jotzeko; eskerrak ematen dizkiet, bihotzez.

Zeintzuk dira ateratako ondorioak?

Batetik, ikusten da batzuentzat desafinazio hutsa den horrek egiatan baduela egitura bat; ez dela, beraz, zerbait kaotikoa. Kantari askok antzeko gauzak egiten dituzte, modu eta toki bertsuetan, beraz, badago funts edo oinarri bat horren atzean. Bestetik, behar-beharrezkoa da kantari horien mundu ikuskera ezagutzea, eta honekin kantatzeak beraientzako duen esanahia. Hala, bi kontzeptu ulertzea ezinbestekoa da: batetik, pertinentzia kulturala; honen arabera ikusten dugu beraientzat inportanteena kanta bakoitzak kontatzen duen istorioa dela (hori dela eta, bertso edo kuplet guzti-guztiak kantatu behar dira), eta alderdi musikaletik, batez ere doinuaren ingerada edo zilueta, detaile txikiegietan sartu gabe; ondorioz, ikusten da tonu hiru laurden horiek ez direla eurentzat bitarte bereizgarri bat, baizik eta tonu erdi eta tonuen baliokide. Hau guri oso ulergaitza egiten zaigu, egia da. Baina bigarren kontzeptuak laguntzen digu ulertzen: soinuen pertzepzioa kultura bakoitzean ezberdina da, esate baterako, koloreena den bezalaxe. Gu, musika akademikoaren ondorioz, kutsatuta baikaude, eta txartzat ematen ditugu bitarte horiek. Haiek, berriz, 'oharkabean berariaz' egiten dituzte halako bitarteak (Bela Bartoki ikasitako kontzeptua erabiliz), hau da, beren ahozkotasunezko kulturaren baitan mendeetan zehar inkontzienteki barneratu ondoren, eta ondorioz, erabat onartuta dauzkate beren kantaeran. Guk hori estimatzeko, beraien ahozko kultura tradizionala hobeki ezagutu beharko genuke! Antzeko adibideak jar nitzake, oro har, beste arloetan: bai musikan, bai hizkuntzan (ahoskeran), eta bai koloretan, esate baterako. Hau dena ezin dugu gure lekutik mugitu gabe eta betaurrekoak aldatu gabe besterik gabe epaitu. Lanaren azken atalean intonazio honen jatorria landu dut, eta bi aukera posible ikusi ditut: hainbat autoreren iritziz, antzina, XI. mendea baino lehen, Europa osoan baliteke horrelako soinu anbiguoak erabili izatea; beraz, horren oihartzun bat izango litzateke. Beste aukera zera da: beranduago Ekialdetik ekarritakoa izatea, ijitoen bitartez nagusiki. Baina alderdi hau zabalik utzi beharra daukat nahi duenak osa dezan.

Egungo Iparraldeko kantak eta ikertu duzun herri kantaera ezberdinak al dira?

Gaur egun, kantaera tradizionaleko alderdi asko bizirik daude, baina beste asko galtzeko zorian, intonazio anbiguoa, adibidez. Baina kantu tradizionalak oraindik han badu indar berezi bat, hemen aspaldian galdua duena.

Hegoaldeko herri kantaera ikertzeko asmorik al duzu?

Horretan ari naiz, batez ere Oiartzualdeko kanta eta bertso zaharren bidetik. Bestalde, Hegoaldean ere intonatzeko modu hau erabili dela aipatu dut lanean: adibidez, Balendin Enbeitak eta Uztapidek nabarmen, baina beste bertsolari askok ere bai, eta baita alboka koplariek ere: Maurizia Aldeiturriagak, Gillermo Etxeberriak...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna