Alkateen Nazioarteko Konferentzia. David Bieter eta Mairtin O Muilleoir. Boiseko alkatea eta Belfasteko alkatea

«AEBetako eta Irlandako alkateak bil gaitezke bakearen bidea bultzatzeko»

Bake prozesua laguntzeko, nazioarteko alkateen artean elkarlana sustatzeko prest daude bi alkateak. Udal mailan sortutako mugimenduek behetik gorako eragina izaten dutelakoan daude.
Ezkerrean, David Bieter Boiseko alkatea (Alderdi Demokratikokoa) eta, eskuinean, Mairtin O Muilleoir Belfastekoa (Sinn Feinekoa), ostegunean, Donostiako udaletxean.
Ezkerrean, David Bieter Boiseko alkatea (Alderdi Demokratikokoa) eta, eskuinean, Mairtin O Muilleoir Belfastekoa (Sinn Feinekoa), ostegunean, Donostiako udaletxean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Martxelo Otamendi - J. Fernandez -

2013ko urriak 12
Ezagutu berri badira ere, lagun arteko konfiantzaz berba egiten diote elkarri David Bieter Boiseko alkateak (Idaho, AEB) eta Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkateak (Irlanda). Etorkizunean harremana sendotzeko daukaten asmoak ematen duen gertutasunaz. Lotura estua dute biek Euskal Herriarekin —Bieterrek euskal sustraiak ditu, eta euskal hiztuna da—, eta engaiatuta daude bake prozesuarekin. Alkateen Nazioarteko Konferentziaren agendak bazkaltzeko gordetako tartea izan arren eta O Muilleoir Belfasterako hegazkina hartzeko presaz badabil ere [herenegun], argazkilaria ikusi orduko irlandarrak atoan atera du poltsikotik alkate karguari dagokion urrezko domina kolkoan jartzeko. Bi-biek adeitasunez eskaini diote tartetxo bat BERRIAri.

Zelan hartu zenuten Donostiako alkatearen gonbita? Zergatik erabaki zenuten Bakearen Aldeko Alkateen Konferentzian parte hartzea?

DAVID BIETER: Egia esan, sorpresaz hartu nuen gonbita, baina pozez. Donostiako alkateak ni etortzea nahi badu, hemen izango naiz. Pozik nago konferentzia honen parte izateaz.

Azkar erabaki zenuten Donostiara etortzea?

B: Oso azkar. Emazteari galdetu bezain laster, bera baita agintzen duena [barre egin dute biek].

MAIRTIN O MUILLEOIR: Aspalditik datorren harreman estua dugu Euskal Herriko lagunekin. Hiri eder honetan izana nintzen oporretan familiarekin, eta garai zaharretan gatazkak eragindako tristezia sumatzen zen hirian. Hona itzulita, errespetu eta estimu handia erakutsi nahi nion Juan Karlos Izagirre alkateari. Maiatzean izan zen Belfasten, nire gonbitari erantzunez.

Zergatik gonbidatu zenuen?

O: One City nazioarteko konferentzian hitz egitera gonbidatu nuen. Belfasteko herritarrak, alde batekoak eta bestekoak, zelan elkartu gaitzat zeukan konferentziak. Beraz, nik ere hemen egon nahi nuen. Gaur arratsaldean [ostegunean] ekonomiari buruzko konferentzia bat daukat Belfasten, baina ez dago bakea baino kausa garrantzitsuagorik. Eta bakea da gauzarik garrantzitsuena Belfasten eta Euskal Herrian.

Zer rol jokatu dezakete alkateek gatazka bat duen gizartean, hemen eta edonon?

B: Gure hiriak gobernatzeko modua, sortzen dugun atmosfera... hortxe hasten da dena. Horixe da egin dezakegun gauzarik praktikoena. Adibidez, kostaldetik urrun bagaude ere, eta harrigarria badirudi ere, gure hirian, Boisen, errefuxiatu asko dauzkagu. Iheslari komunitateak eta familiak dauzkagu. Haiek nola hartzen ditugun, herritarren artean edozein ongietorria delako atmosfera zabaltzea... hortxe hasten da dena. Horregatik, ahal duguna egiten dugu, sinbolikoki, konferentzian parte hartuta. Gauza txikia da konferentziara etortzea, baina gero ahalegintzen gara nazioartean komunitate handiagoekin harremanak lantzen. Harrituta nago konferentzia honen aberastasunarekin. Mundu osoko ordezkari ugari bildu gara, eta horrek erakusten du zer-nolako lana egin den hau gerta dadin eta nola atzerrian gutaz pentsatzen ari diren.

Alkateak aktibo inportanteak izan daitezkeelakoan zaudete, beraz.

O: Uste dut alkateak oso garrantzitsuak direla, eta ez diot ni alkatea naizelako. Belfasten Lord Mayor edo Mayor erabiltzen da alkate esateko, baina nik gogokoen dudan hitza Lehen herritarra da. Ez du esan nahi beste 300.000 belfastdar baino hobea zarenik. Esan nahi du alkatea eredu bat dela, lider bat. Alkateak zutitu egin daitezke, bakea, justizia, adiskidetzea edo itun politikoak eskatzeko. Eta jendeak entzun egiten die alkateei. Gobernu batean Garraio edo Osasun ministroa bazina, ez dakit konferentzia honetan ekarpenik egiterik izango zenukeen. Baina Derryko alkatea bazara, edo Dublinekoa, Belfastekoa edo Boisekoa, jendeak entzun egingo zaitu , eta lidergoak sortzen ditu, bereziki hirietan. Hiriak sarri gobernuak baino azkarragoak dira, zuzenean doaz arazora, trebeagoak dira eta gauzak egitea lortzen dute. Gero eta argiago ikusten dut alkateak elkartzen direnean pauso oso positibo eta indartsuak eman daitezkeela.

Baina zaila da bi alderen artean konfiantza sortu eta sendotzea alde batek bestea ukatzen duenean. Goi maila politikoan lortzeak zaila dirudi, baina zelan landu daiteke arlo hori herri edo hiri mailan?

O: Vicente Zaraguetak [konferentziako ohorezko kideak] gaur esan digu bihotz gogorra daukala, baina nik uste dut bihotz ona daukala. Adibidetzat jarri du ETAk gertuko bat hil zion emakume baten kasua. Sufrimendua sufrimendu, emakume hori sinetsita dago Euskal Herriak bihotz handia daukala. Bakea bihotzean hasten da, eta elkarrizketan. Gainera, bakearekin dena da posible. Badaude batzuk bakearen kontra, baina uste dut beti egongo dela jende onez osatutako gehiengo bat nahiago izango duena bakea gerra baino. Egia da; ez da erraza. Bakea gerra baino erronka handiagoa da. Espainiako Gobernua ez da fio bake prozesuarekin, baina bake prozesu barruan Erresuma Batuko Gobernuak batzuetan zail ikusten zuen bakea, eta baita IRAk ere. Izan ere, ohituta gaude 800 urtez gatazkan bizitzera, eta bakeak zailtasunak ditu; baina bakea Zaragueta bezalako jende on eta eskuzabalekin hasi behar da. Jendeari horixe esaten saiatzen ari gara, Belfasten leku hobean bizi garela bakean. Bide luzea dugu oraindik egiteko, baina toki hobean gaude bakean. Bakea eraiki behar genuke.

Espainiako Gobernua ez da ezer egiten ari bake prozesua errazteko. Testuinguru horretan, euskal alkateek rol garrantzitsuagoa hartu behar lukete Madrilen blokeo egoera mugiarazteko?

B: AEBetan badago esamolde bat: Herritarrek lidergoa hartzen badute, liderrek atzetik jarraituko diete. Horixe da udal mailan egin daitekeena. Alkate koalizioak sor baditzakezu, eta koalizio horiek sortzeko prozesua irekia eta integratzailea bada, bultzada bat sor dezakezu, gero goragoko maila politikoetara irits daitekeen bultzada. AEBetan, esate baterako, ehunka alkate daude elkartuta ingurumenaren aldeko eta Kyotoko Protokoloaren aldeko mugimendu batean, Boise tartean. Horrelako mugimendu eta bultzadak sortzen direnean, momentu batean goi politikariek arreta jarri behar izaten diete. Uste dut oso garai interesgarria dela horrelako bultzadentzako, ETA joan ostean bukatu delako aitzakia. Egia da, bi urte dira ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik, eta harrezkero ez da besterik gertatu. Baina orain aitzakiarik ez dagoenez, lortzen baduzu horrelako bultzada bat sortzea udal mailan, bultzada hori gogorragoa izango da.

Zer gomendio emango zeniekete euskal alkateei?

O: Zaila da gurea ez den beste errealitate batzuetarako gomendioak ematea. Nire iritziz, Espainiako Gobernuaren erantzuna da mahai jokoan daudela baina uko egin diotela jokatzeari. Halere, uste dut mahaian jarrita daudela, eta oso gertutik ari direla jarraitzen jokoa. Badakit joan den astean berriz ekin zietela atxiloketei. Beraz, uste dut bake prozesuan sartuta daudela, baina euren mugimendua ez mugitzea dela. Madrilek oso gertutik begiratuko dio bake konferentziari, eta lortu behar dugu Madril bultzatzea, mahaian jarrita egoteari utzi eta jokatzen has dadin. Denbora gure alde dago. Historiaren arkua luzea da, baina justiziarantz doa. 800 urtez gatazkan bizi izan gara Irlandan, eta hamabost urte dira bake ituna sinatu genuenetik. Bi urte dira ETAk erabakia hartu zuela, eta ulertzen dut jendea zapuztuta egotea, presoen auzia hor baitago. Baina pazientziarekin, irmotasunarekin eta bihotz handiekin aurrera egitea lortuko duzue.

Hauxe da elkartu zareten lehenengo aldia, baina beharbada ez da azkena izango. Posible ikusten duzue bakearen aldeko konferentzia honen ondoren hiru erpineko harreman bat sortzea euskal alkateen, Amerikako euskal komunitatearen eta Irlandako alkateen artean bake prozesua laguntzeko?

B: Irlandako bake prozesurako garrantzitsuak izan ziren irlandar-amerikarrak. Uste dut zuzena litzatekeela esatea irlandar-amerikarren laguntza barik ez zenutela lortuko.

O: Hala da, bai.

B: Judu amerikarren eta irlandar- amerikarren adibideei begiratuz gero, argi dago euskal amerikarrek ere norabide berean bultzatu behar dugula. Gure komunitatea ez da juduena edo irlandarrena bezain handia AEBetan, baina bagara. Edozer egin badezakegu, txikia bada ere, egin egin behar dugu. Ez dakit zein den eman beharreko hurrengo pausoa. Baina Irlandako auziari begiratuz, eta ikusirik irlandar-amerikarrak nola izan ziren gai prozesua laguntzeko, argi dago hori dela bidea. Konferentzia honek berak erakusten du diasporak lan hori egin dezakeela.

O: Gainera, aurrera egiten dugun heinean, Boise eta Belfasteko alkateak baino gehiago izan gaitezke. Oro har, Ameriketako eta Irlandako alkateak bil gaitezke. Irlandar-amerikarrei egindako ekarpenik onena bake prozesua izan zen. Izan ere, irlandar-amerikarrak zatituta zeuden IRAren aldekoen eta kontrakoen artean, erdi eta erdi. Urte luzez egon ziren zatituta, baina gero batu egin ziren, denok gaudelako alde berean. Gaur egun euskaldunentzat ere errazagoa da Nevadako, Montanako, Idahoko edo Kaliforniako alkate batengana joatea eta haiei eskatzea euskal bake prozesuan parte har dezaten. Guk izan genuen bezala, zuek ere aukera eta ahalmen hori daukazue orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna