Maratila

Ausartegia omen

Xabier Etxaniz Rojo -

2014ko otsailak 13
Burumakur atera nintzen. Triste. Banekien Euskaltzaindian ez nindutela besoak zabalik hartuko, baina jarrera ulerkorragoa espero nuen. Azken batean, nire proposamena ona baitzen. Ona eta gaurkotasunez betea. Alabaina, popatik hartzera bidali ninduten.

Begiak zabal-zabalik eskatu zidaten proposamena errepika niezaien.

—Inguruko hizkuntzek naturaltasun osoz egiten dutena eskatzen ari naiz, besterik gabe. Gurea hizkuntza bizia eta malgua izatea. Gazteleraz, esaterako, norbaitek «He hecho un sinpa» esaten badu, mundu guztiak ulertzen du tabernatik ordaindu gabe alde egin duela. Eta ingelesez, adibidez, «doing a Bradbury» esapideak merezimendurik egin gabe txapelketa bat irabaztea esan nahi du.

—Eta zuk «Racingsantanderrarena egin» proposatzen duzu…

—Bai, bidegabekeria nabarmen baten aurrean talde oso batek planto egin duela adierazteko, hain zuzen, Santanderreko jokalariek egin zutena…

—Ez dakit ba, ez dut ikusten…

Nik, ordea, oso argi ikusten nuen. Are: une hartantxe irudikatu nituen Urkullu eta kontseilari guztiak Gasteizko parlamentuan elkartuta Gallardonen abortuaren legeari planto egiten, bai eta hurrengo eguneko berripaper honen titulua ere: «Eusko Jaurlaritzak racingsantanderrarena egin dio Gallardoni».

Alferrik, baina. Ausartegia omen.

Hantxe, atean bertan, racingsantanderrarena egitea pentsatu nuen, baina ez nuen egin. Gauzak diren bezala: esapideak indarra galtzen du bakarrik eginez gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna