Berria.eus

Harian Iribasi egotzi diote udalak hizkuntz politika egiteko aukerarik gabe uztea

Publizitatea

Harian

Euskara. Nafarroako udalen hizkuntza politika

Iribasi egotzi diote udalak hizkuntz politika egiteko aukerarik gabe uztea

Nafarroak bertan behera utzi du 1998az geroztik euskara zerbitzuekin zuen hitzarmena; deialdi publikoa egin nahi du

Herrialdeko udal guztiek parte hartu ahal izanen dute, baina diru saila ez da handitu
Euskarabideko Jarraipen Batzordeko udal ordezkariak, atzo, Jose Iribas eta Maximino Gomezekin bilera egin baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean.
Euskarabideko Jarraipen Batzordeko udal ordezkariak, atzo, Jose Iribas eta Maximino Gomezekin bilera egin baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. LANDER F. ARROIABE / ARP

2012-04-05 / Edurne Elizondo

Hitzarmenaren alde. Nafarroan euskara zerbitzua duten 23 udaletako ordezkariek argi eta garbi utzi dute eutsi nahi diotela hizkuntza politika garatzeko Nafarroako Gobernuarekin orain arte izan duten lankidetza hitzarmenari. 1998. urtean sinatu zuten, baina berriki bertan behera utzi du Euskarabideak, bere kabuz. Horren ordez, hizkuntza politikaren inguruko diru laguntzak banatzeko deialdi publikoa eginen duela iragarri du Nafarroako Gobernuak, sistema hori gardenagoa delakoan.

Udal ordezkariak ez dira iritzi berekoak. Eta halaxe azaldu dute jendaurrean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasekin eta Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Maximino Gomezekin bilera egin baino lehen, Hezkuntza Departamentuaren egoitzaren aurrean. Lankidetza jo dute euskararen normalizazioaren alde lan egiteko tresna egokitzat, eta ondorioz, orain arteko hitzarmenari eusteko eskatu diete Iribasi eta Gomezi. «Ez digute kasurik egin, ordea», erran du Atarrabiako alkate Kirio Gastearenak.

Bilera luzea izan da Euskarabideko Jarraipen Batzordeko udal ordezkariek eta erakunde horretako eta Hezkuntza Departamentuko buruek egin dutena. Bi ordu ingurukoa. Emaitza, berriz, eskasa. Udal ordezkariek lankidetza hitzarmenaren aldeko apustua berretsi dutelako, eta Nafarroako Gobernuko kideak, berriz, aldaketaren alde agertu direlako.

Gobernuaren oraingo proposamenak dituen arriskuak agerikoak dira, Gastearenaren ustez. «Udal bakoitzarekin izan nahi du harremana Nafarroako Gobernuak». Hau da, sistema berriak udalen arteko elkarlana bertan behera utziko luke. Udalak, ordea, ez daude horretarako prest. «Udalon arteko egiturari eutsi nahi diogu; Nafarroako Gobernuarekin hizketakide izaten jarraitu nahi dugu». Udal guztiek, batera. Elkarlan horrek indarra ematen diela argi dute. Gastearenaren hitzetan, hain zuzen ere, udalen indarra ahuldu nahi du Nafarroako Gobernuak, lankidetza hitzarmena bazter utzita. Hizkuntza politikaren esparruan duten eragina lausotu, nolabait.

Baliabideak murriztu

Euskarabideak mahai gainean jarri duen proposamenak nabarmen murriztuko ditu euskararen alde lan egiteko euskara zerbitzuek dituzten baliabideak. Horixe salatu dute udalek. Orain arteko diru sailari eutsi diolako Nafarroako Gobernuak, baina diru hori banatzeko, ordea, hautagai gehiago izanen delako, deialdi publikoa eginez gero.

2011. urtean, 163.000 euro eman zituen Euskarabideak euskara zerbitzua duten 23 udalen lankidetza hitzarmena garatzeko. 2012. urtean diru sail horri berari eutsi dio, baina aurtengo 163.000 euro horietatik 30.000 iazko gastuak ordaintzeko erabili dira. Saila, beraz, 133.000 eurora murriztu da, azkenean.

Kopuru horri eutsi nahi dio Nafarroako Gobernuak, prestatu nahi duen deialdi publikorako. Deialdi horretan, ordea, Nafarroako udal guztiek parte hartu ahal izanen dute. Kopurua urria dela argi dute euskara zerbitzua duten toki entitateek; orain artekoa ere, 23 euskara zerbitzuen artean banatu behar izan dutena, bazelako. 2001. urtean, adibidez, 727.000 eurokoa izan zen diru saila, udalen hizkuntza politika laguntzeko. Geroztik, 11 urteko epean, %82 egin du behera; kontuan hartu behar baita euskara zerbitzuen kopuruak ere gora egin duela azken urteotan.

Nafarroako Gobernuak orain hartu duen erabakiak bertze urrats bat egiten du murrizketek baldintzatutako egoera horretan. «Udalak hizkuntza politika egiteko aukerarik gabe uzten ditu erabaki honek», salatu du Maitane Maritorenak, Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako euskara zerbitzuen izenean. Kezka azaldu du horregatik.

Euskarabidearekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren menpe sortu eta gauzatu diren euskara zerbitzuak «kolokan» direla azpimarratu du Maritorenak, udalek ezin izanen dutelako euskara teknikarien soldata ordaindu. Lanean jarraitzeko aukera izanen duten euskara zerbitzuek ere egoera kaskarragoan egin beharko dutela gaineratu du, «euskara zerbitzurik ez duten udalek ere parte hartu ahal izanen dutelako diru laguntzen deialdi publikoan». Egoera horrek udalen arteko lehia bultzatuko duela argi du Maritorenak.

Udal ordezkarien ustez, hori ez da euskararen normalizazioa lortzeko urratsak egiteko bide egokia. Horregatik, hizkuntza politika serioa eskatu diote Jose Iribas kontseilariari. Nafarroako Gobernuak, ordea, ez du atzera egiteko asmorik erakutsi, oraingoz.

Ez, behintzat, udal ordezkariekin egin duen bileran. Alderantziz. Diru saila banatzeko deialdi publikoa berehala egiteko asmoa agertu du, Atarrabiako alkate Kirio Gastearenak ezagutarazi duenez. Deialdia eginez gero, zer-nolako urratsak egin erabaki behar dute orain euskara zerbitzua duten udalek. «Ez dugu gure arteko lehiarik nahi». Hori argi eta garbi utzi du Gastearenak, eta udalen asmoa haien arteko lankidetzari eustea dela gaineratu du. «Egoera aztertu beharko dugu, eta ikusi ea noraino hel gaitezkeen», erran du Atarrabiako alkateak. Kontseiluko kideekin bilera egin dute udal ordezkariek, eta haien arteko bertze bilera bat egiteko asmoa ere badute.

Bidea elkarlana dela argi dute. Elkarlan horrek emanen diolako indarra, haien ustez, udalek egin dezaketen hizkuntza politikari. Orain arte Euskarabidearekin hitzarmena zuten 23 euskara zerbitzuen artean daude Nafarroako eremu euskalduneko toki entitate guztiak ordezkatuta, eta eremu mistoko gehienak. Bai eta eremu ez euskalduneko baten bat ere, eremu ez euskaldunean ere euskara zerbitzua duen udalik badelako.

Murrizketei bat eginda aurre egitea da udal horien asmoa. Murrizketa horiek jasan behar izan dituzten bakarrak ez direla argi dute, euskalgintzari eta euskarazko hedabideei zuzendutako sailak ere murriztu eta desagertu direla salatu baitute. Euskara zerbitzuei eusteko beharra azpimarratu dute. Elkarlanari eusteko beharra.
 
Edurne Elizondo

Informazio osagarria

Publizitatea