Berria.eus

Gizartea Olatzagutiko «gaixotasun fabrikaren» aurka

Publizitatea

Gizartea

Olatzagutiko «gaixotasun fabrikaren» aurka

Zementu fabriketan egindako errausketaren ondorioak salatu ditu 3 Mugak Batera plataformak Iruñean
3 Mugak Batera plataformaren ekintza.
3 Mugak Batera plataformaren ekintza. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2013-06-02 / Jon Rejado

Nafarroako Parlamentuaren atarira ospitaleko gela erraldoi bat eraman zuen atzo 3 Mugak Batera plataformak. 70 ohe inguru jarri zituzten, eta bakoitzean, gaixotasun bat irudikatu. Horren bidez, Olatzagutiko Cementos Portland Valderribas lantegiko errausketa egitasmoak gaitzak eragin ditzakeela salatu nahi izan zuten, eta «gaixotasun fabrika» bertan behera uzteko eskatu zuten.

Plataformak gogorarazi du hondakinak errausten dituzten zementu lantegiek ohiko errauste plantek baino hogei aldiz gas gehiago isur ditzaketela, baita gas horiek hedatu ere. Olatzagutiko eskola lantegitik 460 metrora dagoela nabarmendu dute, eta gogorarazi dute errauste planten isuriek umeei egiten dietela kalte gehien. Horrez gain, herria lantegiaren kilometro bateko eremuaren barruan dago.

Hori dela eta, egitasmoa bertan behera uzteko, hondakinak kudeatzeko plana aldatzeko eta errausketaren alde egin beharrean bestelako sistemen alde egiteko eskatu dute.

Ezjakintasuna nagusi

Nafarroako Gobernuaren oniritzia jaso ondoren, Cementos Portland Valderribasek obra proiektua aurkeztu behar du lanei ekin aurretik. Ordea, plataformak jakinarazi du ez dutela horri buruzko inolako informaziorik. «Ezkutuan» egiten ari direla salatu dute, eta udalaren eskumenak «zapaldu» izana leporatu diote Iruñeko gobernuari.
 

Publizitatea