Arantxa Iturbe.
Larrepetit

Erreskateak

2012ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Txantxa itxura zeukan hasieran eta txantxa itxura dauka orain ere: 2.417 euro ordaindu beharko omen dizkio 28 urteko gazte baten aseguruak Eusko Jaurlaritzari, otsailean eskalatzen ari zela erreskatatu egin behar izan zutelako. Alegia, egia zela. Tasen legearena. Ez zela txantxa kirol arriskutsuak eginez erreskate beharrean aurkitzen bazara, eta erreskatatzeko giza edo material baliabideak erabiltzen badituzte, kobratu egingo dizutela, ez bazara hamasei urtez azpiko edo buruko gaitzen baten jabe. Beno, eta ez bazara hiltzen, ze, hori ere zehaztu zuten legean: hildakoei ez zaiela kobratuko. Detailea, administrazioaren partetik.

Erreskatatu nahi dut erreskateen gaia. Larritzen nauelako. Beldurtzen. Kezkatzen. Bertigoa eragiten didalako. Edo amil-izua edo erori-larria (bi hitz elkartuok ere erreskatatu nahi ditut, bide batez, erreskatatzen hasita). Erreskatatu nahi dut erreskateena asaldatu egiten nauelako, eta amorrarazi, eta lotsatu, eta mindu. Inork ez du apropos bere burua arriskuan jartzen, eta jarriko balu ere, eskubide osoa du denon artean ordaintzen ditugun erreskaterako baliabideak erabiltzeko. Horretarako ordaintzen ditugu: behar direnerako, norbaitek behar dituenerako.

Mezua argiagoa izan zitekeen: «Etzazu arrisku kirolik egin! Garesti aterako zaizu!». Baina ez. Mezua da: «erosi asegurua,arruinatzeko arriskuan jarri nahi ez baduzu». Hori da helburua. Aseguruak aseguratzea. Dirua. Dirua beti.

Bizitza arriskua dela kontuan izanda, iritsiko da eguna bizitzeagatik ordaindu beharko duguna. Beno. Ondo pentsatzen jarrita, iritsi da bizitzeagatik ordaintzen dugun eguna. Baina, mesedez, behin ordainduta nahikoa izan dadila. Eta ordain dezala bigarrenez arriskutsua ez den eginkizunen bat egiterakoan erreskatea behar duenak. Erreskate talderik ez litzateke izango-eta arrisku jardunik ez balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.