Albistea entzun

Zinema. Estreinaldiak

'Zuloak' eta 'Baztan', euskal zinemaren uzta berria pantailetara

Zinemaldian aurkeztu ondoren, ostiralean estreinatuko dituzte Fermin Muguruza eta Iñaki Elizalderen filmak
Baztan filmak agoten gaia jorratu du, istorioa bi garaitan girotuta.
Baztan filmak agoten gaia jorratu du, istorioa bi garaitan girotuta. BERRIA

Gontzal Agote -

2012ko urriak 3

Oso bi pelikula ezberdin izanda ere, bi ezagugarri komun dituzte nabarmen Zuloak eta Baztan filmek: Donostiako Zinemaldi bukatu berriko Zabaltegi sailean aurkeztu dituzte, eta Euskal Herrian eginak dira. Halabeharrak berriro elkartuko ditu estreinaldian, biak asteburu honetan ailegatuko baitira areto komertzialetara.

Ezagutarazi bezain pronto, jakin-min handia piztu zuen Fermin Muguruzaren proiektu berriak, emakumeez osatutako Zuloak taldearen inguruko dokumentalak. Batzuk berehala hasi ziren han eta hemen galdezka: Noizkoa da emakumeen talde hori? Nolatan ez dugu ezagutzen? Interneten begiratuta, datu bakan batzuk topatzerik besterik ez zen.

Zinemaldian bertan, filmaren estreinaldiaren aurretik, Muguruzak jakinarazi zuen Euskal Herriko musika giroan ibiltzen direnentzat gauza jakina zena, dokumental faltsua dela Zuloak, eta izen bereko taldea ez zela sekula existitu.

Hala ere, fikzioak errealitatea bultzatuko balu bezala, filma aurkeztearekin batera martxan jarri da taldea. Joan den hilabeteko iraungitze data duen Zuloak taldeak bira bat hasi zuen, eta Euskal Herriko zein atzerriko hainbat tokitan joko dute hurrengo hilabeteotan. Egun, filmaketan hainbat gorabehera izan ostean, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa eta Ursula Strongek osatzen dute Zuloak proiektua.

Fikzio horretatik abiatuta, emakume musikarien inguruko dokumentala egin du Muguruzak. Proiektua abiarazteko, Eider eta Arrate Rodriguez ahizpen laguntza izan zuen. Horiekin, taldea sortzeko eta pelikulari sinesgarritasuna emateko xehetasun guztiak jarri zituen martxan: zuzeneko kontzertuak grabatu, horien berri Interneten bitartez zabaldu, taldearekin sekretupeko entseguak egin...

Konspirazio horrek helburu jakin bat du, jasotzea emakumeek euskal musikari, bereziki rockari, zer ekarpen egiten dioten. Horregatik, taldearen egunerokoa eta emanaldiak jasotzeaz gain, hainbat musikari ezagunen testigantzak bildu ditu Zuloak-ek: Aiora Renteria, Ines Osinaga, Anari, Mursego, Afrika...

Honakoa Fermin Muguruzak egin duen bigarren pelikula da, orain dela hiru urte Javier Corcuerarekin elkarlanean Checkpoint Rock dokumentala egin baitzuen. Horrez gain, Al Jazeera telebistarako herrialde arabiarretako musikarien gaineko dokumental sorta bat egin du.

Istorio beltza

Oso bestelako filma da Iñaki Elizalderen Baztan, bailara horretako gertaera historikoei estuki lotuta dagoen istorioa. Agoten patu beltzaren gaineko istorioa da; mendeetan zehar arraza baztertua eta madarikatua izan da hainbat lekutan. Besteak beste, Baztango bazterretan; bereziki, Arizkungo Bozate auzoan.

Filma bi garaitan gertatuko da. Lehena, orainean: 2011. urtean hain zuzen; filmaketa talde bat Baztanera ailegatuko da, pelikula egiteko asmoz. Bigarren istorioa XVII. mendearen hasieran gertatuko da, eta ibarrean gertatu ziren kontu batzuk ditu ardatz. Filmaketa gertatu bitartean, Baztango biztanleek ahaztuta eta ezkutatuta zegoen afera iluna aurkituko dute: agotek pairatu duten bazterketa.

Iruñean jaiotakoa da Iñaki Elizalde, eta, hark aitortu duenez, proiektuarekin hasi aurretik agoten istorioari buruz ez zekien deus. Hainbat teoria daude gaiaren inguruan, eta horien artean bat aukeratu du pelikula egiteko orduan. Agoten inguruko xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko asmoz hainbat hilabetez Baztanen bizi izan zen.

Euskal aktore ezagunek hartu dute parte pelikulan, hala nola Unax Ugaldek, Ramon Agirrek, Kandido Urangak eta Joseba Apaolazak. Horiekin batera, Carmelo Gomez espainiarra. Dena den, filmak duen berezitasunik nagusienetakoa da Baztango biztanleek izan duten inplikazioa. Horietako askok rolen bat dute pelikulan, eta gehienek kamera aurreko lehen esperientzia izan dute.

'ZULOAK'

Zuzendaria: Fermin Muguruza.

Aktoreak: Arrate Rodriguez, Naiara Goikoetxea, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa, Izaskun Muruaga, Maitane Alonso, Ursula Strong, Alba Burgos

Herrialdea: Euskal Herria.

Urtea: 2012.

Iraupena: 99 minutu.

'BAZTAN'.

Zuzendaria: Iñaki Elizalde.

Aktoreak: Unax Ugalde, Carmelo Gomez, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre, Txema Blasco, Kandido Uranga, Mirentxu Goienetxe.

Herrialdea: Euskal Herria.

Urtea: 2012.

Iraupena: 98minutu.

Estreinaldia: Biak ostiralean estreinatuko dituzte Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©Jon Urbe, Foku

Eraberritze soilagoa eta merkeagoa

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Udazkenean hasiko dituzte Donostian Koldo Mitxelena eraberritzeko lanak, baina "birdimentsionatu" egin dute jatorrizko proiektua, pandemiaren eraginez. Bi urtean itxita egongo da kulturunea, eta beste gune batzuetan emango dituzte hango zerbitzuak.

Real Estate, 2019ko argazki batean, Jackson Pollis kidea oraindik taldean zenean. ©JAKE MICHAELS / REAL ESTATE

Itxialdi melodiko bat

Aitor Biain

Real Estate taldeak 'Half a Human' argitaratu du. Sei kantuz osatutako disko labur bat da, itxialdian eta modu telematikoan osatutakoa. Aurreko diskoaren luzapentzat har daiteke.

 ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.