Jokin Aranalde EIPK-ko mintzaidea atxilotu dute, Espainiaren esku uzteko

Baionatik gertu atzeman dute, «modu bortitzean», medikuarenetik atera ondoren.

Iaz, Espainiaratzeko agindua jasotzean, intsumiso agertu zen
Jokin Aranalde, orain urte batzuetako irudi batean, Baionan.
Jokin Aranalde, orain urte batzuetako irudi batean, Baionan. GAIZKA IROZ

Maddi Ane Txoperena Iribarren Edurne Begiristain -

2014ko uztailak 18
Jokin Aranalde iheslari eta EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea atxilotu zuen Frantziako Poliziak, atzo arratsaldean, Baionatik gertu. Laurak aldera atzeman zuten, Beskoitzen medikuarenean izan ondotik. Espainiaratu egingo dutela jakinarazi zioten, euroagindua betetzeko, Gotzone Ijurko emazteak atxiloketa gertatu eta gutxira komunikabideei jakinarazi zienez. Donostiako polizia etxera eraman zuten; Madrilera eramatekoak dira, Auzitegi Nazionalera.

Beskoitzetik (Lapurdi) Baionarako bidean autoan zihoazela atzeman zuten poliziek Aranalde, haren emazteak kontatu zuenez. Modu bortitzean atxilotu zutela salatu zuen: «Autobidean geundela, kolpean auto asko agertu dira, eta pistolekin apuntatu digute, Jokinen aldetik eta nire aldetik, eta autotik eskuburdinetatik atera dute, modu bortitzean. Oso azkar gertatu da guztia».

Jakinarazi zuenez, poliziek Aranalderen poltsa bat ere eraman zuten orduan. Poliziekin segundo batzuk hitz egiteko parada izan zuen Ijurkok: «Esan didate oso demokratikoak direla eta ez diotela ezer egingo Frantzian, estatu demokratiko bat delako. Orduan, pistolekin zer dela-eta apuntatu diguten galdetu diet nik». Aranalderen emaztea, kotxea hartu, eta Baionara joan zen gertatutakoa salatzera.

Intsumisioa hautatu zuen

68 urte ditu Jokin Aranaldek, eta Gaztelukoa da (Gipuzkoa), baina urte luzez Ibarran bizi izan da, handik gertu. Espainiako Estatuan hiru aldiz atxilotu dute, eta hiruretan torturak salatu ditu. Azken 11 urteetan bizi izan da Iparraldean, eta EIPK-ko mintzaideetako bat da.

Frantziako Poliziak 2013ko ekainaren 24an atxilotu zuen azken aldiz. Heletan izan zen (Lapurdi), Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitalditik astebetera. Libre utzi zuten, Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak euroagindu eskaera aztertu artean. Iazko irailean, Aranalderen aurkako euroagindua onartu zuen Paueko Auzitegiak: erabakiari helegitea jarri zioten abokatuek, baina Parisko Kasazio Gorteak urriaren 30ean helegitea atzera bota eta Espainiaratzea onartu zuen.

Hurrengo egunean, ordea, Aranaldek eskutitz batean jakinarazi zuen «jarrera intsumisoa» hartu zuela, EIPK-ko bozeramailetako bat izanik bere konpromisoa zelako «azken iheslari eta deportatuak Euskal Herrira ekartzea, guztiok herri libre batean bizitzeko». Zenbait hedabideri eta BERRIAri helarazitako gutun ireki batean, esan zuen Espainiaratzeko agindua auzi politiko baten ondorio dela, eta jasandako torturak salatu zituen. «Azken 50 urteetan torturatutako 7.000 lagun horietako bat naiz». Eragile askoren babesa izan zuen.

Atxiloketa salatzeko, elkarretaratzera deitu zuten atzo, Ibarrako plazan, 20:00etan. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gaurko antolatu du elkarretaratzea, 19:00etan, Hendaiako Kasino Zaharrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna