Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea EAEko ospitale gehienek ez daukate ezinduentzako irisgarritasun planik

Publizitatea

Gizartea

EAEko ospitale gehienek ez daukate ezinduentzako irisgarritasun planik

Arartekoak «gabezia errepikakorrak» atzeman ditu mugikortasunean eta komunikazioan. Osakidetza harrituta agertu da diagnostikoarekin
Erakusmahaiak altuegiak izaten dira sarri. Irudian, Guardiako (Araba) ospitalea.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-13 / Samara Velte

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritarretik ia lauk dute ezintasun fisikoren bat mugitzeko edo komunikatzeko; jaiotzatik, adinagatik edo beste arrazoiren batengatik. Hala ere, zerbitzu publikoetan oraindik traba ugari izaten dituzte, ez daudelako behar bezala egokituta. Arartekoak Osakidetzaren bederatzi ospitaleak, itunpeko hamabi erietxe eta zortzi zentro psikiatriko aztertu ditu, eta ondorioztatu du «gabezia errepikakorrak» daudela eraikin eta zerbitzu horietan. Bakarrak dauka plan eraginkor bat.

«EAEko ospitale zentroetako irisgarritasuna beste hainbat arlotakoaren antzekoa da, hala nola garraioa, hezkuntza, kirol instalazioak eta abar», dio Arartekoaren txostenak. Eraikin berrietan txertatu dira pertsonen mugikortasuna errazteko oinarrizko baldintzak —oztoporik gabeko pasabideak, komun egokituak eta ate zabalak, esaterako—, baina zaharretan egindako berritze lanak ez dira aski izan. Sarri, erietxeen kokapena bera izaten da oztopo: asko hiriguneetatik urrun daude, gune aldapatsuetan —Donostiako ospitalea, esaterako—, eta bertara iristeko garraiobide publikoak ez dira beti aski izaten. Bestalde, zentrora heltzeko edo eraikin batetik bestera igarotzeko bideak egokitu gabe daude maiz —ospitale ondoko espaloien erdiek ez daukate errepidearekin berdindutako gunerik—; eta sarri mugikortasun arazoak dauzkatenentzako aparkalekuak falta dira: «Gutxitan daude sarrera nagusitik gertu».

Komunikazio arazoak

Arartekoaren zerrendak luze jarraitzen du: itxarongeletan, espazio gutxiegi; erakusmahaiak, altuegi; logelak, gurpil aulkiak jartzeko lekurik gabe. Ematen den zerbitzua, ordea, «baldintza horietan espero litekeen baino hobea» dela dio: erietxeetako langileek «nabarmentzeko moduko lana» egiten dute oztopo horiek gainditzeko. «Ez dute zalantzarik egiten eriak korridoreetan artatzeko, ezin badute kontsultetara sartu».

Irisgarritasun fisikoari dagokionez, okerren prestatuta dauden guneak diagnostikoetarako probak egiteko gelak eta ginekologiako kontsultak dira. Badira bestelako ezintasunetarako prestatuta ez dauden zerbitzuak ere. Entzuteko edo ikusteko zailtasunak dauzkatenen kasua da: «Oro har, keinu hizkuntzako interpreteak falta dira, eta entzumen arazoak dauzkaten pertsonekiko komunikazioa ez da errazten».

Eusko Jaurlaritzak 1997an onartu zuen irisgarritasuna sustatzeko legea. Egokitze planak egitera behartzen ditu instituzio publikoak, ezintasunak dituztenen irisgarritasuna besteenaren parera heltzeko. Nolanahi ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetatik bakarrak osatu du halako planifikazio bat: Zumarragakoak (Gipuzkoa), 2009an. Horregatik, hiru urratseko plana egiteko gomendatu die Arartekoak Osakidetzako erietxeei: egoeraren diagnostiko bat osatzea, kanpoko espazioak, garraioa eta komunikazioa aintzat hartuta; lehentasunak ordenatzea; eta indarrean jartzeko moduko urratsak eta haien aurrekontua zehaztea.

Osakidetza harrituta geratu da Arartekoaren diagnostikoarekin. Azaldu du irisgarritasuna «lehentasun» bat dela, eta adibide gisa jarri ditu 2015ean xede horrekin eginiko 50 jarduerak.

Publizitatea

Sortu kontua
Samara Velte Samara Velte

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak