Bazterreko ziegan (III). Estigma
Pilatutako zigorraren zama

Zantzuak daude andre presoen artean bakardade handiagoa dagoela esateko». Estibaliz de Miguelen hitzak dira. Soziologoa da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Sin Rejas-eko —emakume presoei buruzko ikerketen bloga— koordinatzailea. Alorreko ikertzaile garrantzitsuenetariko bat da. «Emakume presoen kasuan, esaterako, sarritan gertatzen da barruan dauden bitartean utzi egiten dituztela kalean zituzten bikotekideek», azaldu du. Familia eta seme-alabekiko harremanak ere gaiztotu egiten dira zenbaitetan. «Eta bakarrik bazaude, askoz ere okerrago zaude kartzelan». Kartzelen antolaketak berak sarri presoen bakardadea areagotu besterik ez duela egiten azaldu du De Miguelek. Bizkaian, esaterako, Basauriko espetxean andre presorik hartzen ez dutenez, Bizkaiko emakume preso gehienak Zaballakora eramaten dituzte, Arabara, eta eragozpen handia da hori hainbat familiarenzat, horietako askok egoera ekonomiko zaila baitute: muga-mugakoa. «Zaballara joateko ahalmena izan behar dute, autoa izan eta errepideetako ordainsariak pagatzekoa. Bestela, bi autobus hartzekoa... Askok ezin dute».
Arabako Salhaketan urteak daramatza lanean Marta Aldanondo abokatuak. Zaballako espetxean dihardu, hango presoei aholkularitza juridikoa ematen. Ez du dudarik: preso egotearen «erruaren» zama astunago ezartzen zaie andreei, eta halaxe sentitzen dute beraiek ere gehienetan. «Emakumezkoak errudunago sentitzen dira beti; argi diote berek zeramatela familiaren ardura, eta bazter utzi behar izan dutela. Torturatu egiten ditu horrek». Aditu guztiak bat datoz: «Ama txarraren» estigma ezartzen zaie andreei, eta gizonek baino okerrago daramate askatasun faltak dakarren gurasotasun ukatua. Azaldu dutenez, gainera, ohikoagoa izaten da andrazkoak preso daudenetan familiako inor ez egotea prest umeak zaintzeko, eta haur horiek instituzioen esku geratzea. Horrek areagotu egiten du sufrimendua.
Gurasotasuna, presente
Kartzelak berak «ama txarraren» inguruko ideia hori sakondu egiten duela uste du, gainera, De Miguelek; gizonekin ez bezala. «Kartzela barruan, baimenak-eta emateko garaian, kanpoan zeudela ama rol hori nola bete zuten begiratzen da emakumeen kasuan», azaldu du. «Baita kartzelan egon diren bitartean seme-alaben inguruko ardurarik izan duten ere. Gizonekin hori ez da horrela. Ama txarraren ideia presente dago gizartean, baita espetxe arduradunen jokabidean ere», deitoratu du.
Andrazko presoek egiten dizkioten galderetan-eta usu ikusten du Aldanondok besteekiko kezka. «Gizon presoak kontsulta bat egitera datozenean, ia beti da beraientzat: beren buruari buruz. Aldiz, andreak askotan datoz galdetzera seme-alabei buruz, edo eta bikotekidearen bisiten inguruan... Deigarria da». Sarri zailagoa izaten da, ordea, kezka horiei taxuz erantzutea: kartzelaren antolaketagatik. Andreak kartzelaren periferian daudelako ia beti. «Adibide adierazgarri bat bada», azaldu du Aldanondok. «Egunero, guardiako abokatuen zerbitzua izaten da Zaballan. Iritsitakoan, guk ez dugu jakiten nor bisitatzera goazen, baina zerrenda ematen digutenean, andreak beti daude zerrendaren amaieran». Azkenak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.