Itxaron zerrenda ezarri dute Iruñeko euskarazko haur eskola berrietan

Berriz ere, UPNk eta PSNk euskarazko hezkuntzaren inguruan hauspotutako mamuak uxatu ditu errealitateak. Iruñeko haur eskoletako aurrematrikularen datuek agerian utzi dute orain arteko eskaintza oso urrun zegoela benetako eskaritik, eta euskarazko bi zentro berri zabaltzeko erabakia lagungarri izan dela egoera orekatzeko tenorean.
Iruñeko Udalak atzo zabaldutako datuen arabera, eskaintza betetzeaz gainera, itxaron zerrendak ezarri behar izan dituzte euskarazko lerroa eskaintzen duten bi eskola berrietan: 35 haur lekurik gabe gelditu dira Donibane eskolan, eta 21 Printzearen Harresi ikastetxean. Behin-behineko datuak dira horiek, eta udalak ez du lerro bakoitzeko eskariari buruzko datu zehatzik izanen matrikulazio epe ofiziala itxi arte. Ostiralean argitaratuko dituzte onartutakoen behin-behineko zerrendak, eta maiatzaren 12ra arteko epea zabalduko dute erreklamazioak aurkezteko. Hilaren 20an plazaratuko dituzte behin betiko zerrendak, eta 20tik 30era bitartean izango da matrikulazio epea.
Euskarazko ereduarena bakarrik ez, eskarien ratio orokorra ere hobetu dutela nabarmendu du Iruñeko Udalak. Hala, 2016-2017ko ikasturterako aurrematrikula eskarien %74 beteko dituzte haur eskolek; iazkoa baino «apur bat» handiagoa. Izan ere, 646 leku zeuden iaz, eta 1.051 eskari aurkeztu zituzten (%73). Aurten, 1.042 eskari aurkeztu dituzte, eta 772 leku daude Nafarroako hiriburuko haur eskoletan.
Aurrematrikularen datu kaskarrenak, hain zuzen, gaztelaniazko edo gaztelania eta ingelesezko ereduetako bi haur eskolatan jaso dituzte: alde batetik, gaztelania eta ingelesezko hezkuntza eskaintzen duen Hello Egunsenti eskolan 24 leku gelditu dira bete gabe; bestalde, Rotxapea eskolan, eskariak behera egin du nabarmen, izen emateak 67tik 26ra igarota. Eredua aldatu duten eskolen artean, hori da beherakada pairatu duen bakarra. Iaz, euskarazko eredua eskaintzen zuten bi ikastetxe horiek.
Otsailean erabaki zuen Iruñeko Udalak haur eskolen euskarazko eskaintza bikoiztea. Hainbat alderdi kexu azaldu ziren erabakiarekin, eta «neurriz kanpokotzat» jo zuten eskaintza berria. Atzo, ildo horri eutsi zion PSNren udal taldeak: «Bere burua zuritu nahi du udalak, baina ezin du ezkutatu eredu aldaketa inposizio linguistikoa izan dela».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.