Noiz sortua: 2016-11-03 00:30:00

Ez dira betiko garai onenak

Zazpi urtean ia 200.000 boto galduta, ataka estuan dago PSE-EE; hori ikusirik, batzuek belaunaldi berrietan jarri dute egoera horri buelta emateko itxaropena.
PSE-EEko zenbait kide, Ramon Rubial buruzagi sozialista historikoaren aldeko omenaldian, joan den urriaren 28an, Bilbon.
PSE-EEko zenbait kide, Ramon Rubial buruzagi sozialista historikoaren aldeko omenaldian, joan den urriaren 28an, Bilbon. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2016ko azaroak 3
Gaur egun pisua eta ordezkaritza duten euskal alderdien artean PSE-EE da zaharrena —lehenengo taldea 1886an eratu zen Bilbon, Sabino Aranak EAJ sortu baino bederatzi urte lehenago—. Erro sakonak bota zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait eskualdetako langileen artean, eragile oso garrantzitsua izan zen Euskal Herria astindu zuten XX. mendeko gertakari nagusietan —mende hasierako langileen borrokak, 1936ko gerra, Francoren diktadura—, eta azken berrogei urtean ere euskal egoera zedarritu duten tradizio politikoetako bat izan da.

Gaur egungoak, baina, ez dira PSE-EEren garairik onenak. Duela zazpi urte, 2009ko martxoaren 1ean egindako hauteskundeetan, 318.112 boto eskuratu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Legebiltzarrerako bozetan alderdiak inoiz lortutako boto kopururik handiena izan zen hori, eta, horri esker, PSE-EEk 25 legebiltzarkide eskuratu zituen, eta Patxi Lopez lehendakari izendatu ahal izan zuen —EAJk boto gehiago izan zituen, baina PPren sostenguak ahalbidetu zuen Lopez Ajuria Enean ezartzea—.

Zazpi urte baino ez dira igaro geroztik. Joan den iraileko hauteskundeetan, 126.139 boto eskuratu zituen PSE-EEk, 2009ko haietan baino 191.973 gutxiago, hau da, bidean botoen %60,34 utzita. Emaitza horiekin, gaur egun PSE-EEk bederatzi legebiltzarkide baino ez ditu, eta erakunde horretako laugarren alderdia da.

Euskal sozialismoaren erreferentzia izan diren PSE-EEko buruzagi askok utzi dute politikaren lehenengo lerroa, edo Espainiako politikagintzarako jauzia egin dute. Ba al dator inor horien atzetik? Baietz uste dute PSE-EEko zenbaitek. Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak, esaterako, idatzita utzi du alderdiaren etorkizuna etorriko dela egun 40-45 urte inguru duen eta udal politikan edo bestelako eginkizunetan trebatu den belaunaldi horrek urrats bat aurrera egitetik. Mikel Torres izan daiteke horren adibidea; 1970ean Portugaleten (Bizkaia) jaioa, bere herriko alkatea izateaz gain PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia ere bada, eta askok uste dute etorkizunean rol garrantzitsua joka dezakeela alderdiaren berriztatze prozesuan.

Miguel de los Toyosek (Eibar, Gipuzkoa, 1968) 21 urte eman ditu Eibarko Udalean, lehen zinegotzi eta orain alkate. Haren aita ere PSEko kide eta Eibarko zinegotzia izan zen, eta aitaren osaba Juan de los Toyos izan zen, sozialista historikoa, Espainiako Bigarren Errepublikaren ikurra Eibarko udaletxean estreinakoz eskegi zuena eta Jose Antonio Agirreren lehenengo Jaurlaritzan sailburu izandakoa.

De los Toyosek ere uste du PSE-EEk baduela «giza kapitala» egoerari buelta emateko: «PSE-EEk baditu balio handiko gizon eta emakumeak, lan handia egiten dutenak. Beharbada haietako batzuei iritsiko zaie pauso bat aurrera emateko garaia, batzuetan mezu berriek aurpegi zaharrekin ez dutelako eragin berdina. Ziur nago alderdiak horri ere aurre egingo diola, presarik eta traumarik gabe».

Eibarko alkateak ez du ukatzen euskal sozialismoa «une zailean» dagoela: «Autokritika egiteko gauza izan behar dugu. Ez dugu jakin gizartea irakurtzen; Egigurenek esan zuen moduan, ETA duela bost urte desagertu zen, eta euskal gizartea aldatu da, baina, beharbada, PSE-EEk ez du jakin erritmo berean aldatzen».

Gertutasuna berreskuratu

Mikel Serranok (Urretxu, Gipuzkoa, 1972) hirugarren agintaldia du Zumarragako alkatetzan (Gipuzkoa), iazko udal hauteskundeetan oso emaitza ikusgarriak lortu ostean —Udalak dituen hamahiru ordezkarietatik zortzi sozialistak dira—. Serranok ere uste du gogoetarako arrazoiak badaudela, eta «gertutasuna berreskuratzeari» beharrezko deritzo: «Udal kudeaketan aritzen garenok derrigorrean herritarrengandik gertu egoten gara horretarako aukera badugulako, baina akaso beste maila batzuetan gertutasun hori apur bat galdu da».

«Herritarren beharretatik gertuago» egon behar horri garrantzi handia ematen dio Serranok, baina nabarmendu du gogoeta hori lehenagotik datorrela: «Badaramagu lau-sei bat urte planteamendu hori bideratu nahian. PSEk oso historia luzea du, eta horrelako momentu zailak lehenago ere izan ditugu. Nik uste dut aukera gisa hartu behar direla»

PSE-EEren egoerari PSOEren barne krisia gehitu behar zaio, PSOEren idazkari nagusi ohi Pedro Sanchezek dimisioa eman eta Mariano Rajoyren inbestidura saioan PSOEko diputatuak abstenitu ondoren. De los Toyos eta Serrano bat datoz egoera horrek ez diola PSE-EEri laguntzen. «Barne giroa liskartsua denean, horrek mesfidantza sortzen du hautesleengan, logikoa denez. Jendeak pentsatzen du: 'Euren artean ados paratzeko gauza ez badira, nolatan izango dira denon etxea konpontzeko gai?'. Horrek, jakina, ez du lagundu», azaldu du Eibarko alkateak.

PSE-EEren barne eztabaidetan askotan agertu izan dira Euskal Herriko kultur eta identitate ezaugarriei hobeto egokitzeko beharrari buruzko gogoetak —Egigurenek baskismo hitzarekin definitu zuen hori—. Serrano euskalduna da, eta aitortu du beti «positibotzat» jo dituela sozialismoak «euskara, euskal kultura eta euskal sentimendua» bere egiteko ahaleginak, baina pentsatzen du batzuetan eztabaida hori «kanpotik» erabili dela sozialisten arteko balizko banaketa agerrarazteko, eta argi utzi nahi du «horrelakorik» ez dagoela.

De los Toyosek pentsatzen du PSE-EEk lurralde auziaz «konplexurik gabe eztabaidatzeko» gauza izan behar duela, baina ez du uste hori egun «euskal gizartearen lehentasuna» denik: «Gaia mahai gainean jartzen denean horri heldu beharko diogu, gure ikuspegi federalistatik, baina benetan pentsatzen dut gizarteak orain ez digula horren inguruan apelaziorik egiten, beste kezka batzuk dituelako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna