Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Ondo gordetako lekukotzak

Publizitatea

Gizartea

Ondo gordetako lekukotzak

Gernika bonbardatu zutela 80 urte beteko dira bihar. Gertatutakoa azaldu zioten 129 lekukok Egurtxiki idazleari, 1972an. Elkarrizketak herrian zainduko dituzte.
William Smallwood <em>Egurtxiki</em>, atzo, Gernikako aurkezpenean.
William Smallwood Egurtxiki, atzo, Gernikako aurkezpenean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ona da jakitea bonbardatzearen lekukotasunak hemen gordeta egongo direla, toki batean salbu egongo direla, eta biziraungo dutela». William Smallwood Egurtxiki idazle estatubatuarrak Gernikako (Bizkaia) bonbardatzea bizi izan zutenen 129 lekukotasun bildu zituen, 1972an. Urteotan zaindu ditu, baina hemendik aurrera, Gernikako Bakearen Museoaren Dokumentazio Zentroan gordeko dituzte, bertan atxikitzeko laga baititu. Gertaera lazgarri hartatik 80 urte beteko dira bihar.

Lekukotasunak Gernika bonbardatu zuten eguna liburuan argitaratu zituen Egurtxikik 2012an, ingelesez; atzo euskarazko bertsioa aurkeztu zuten Gernikan, Bonbardaketak Euskadin (1936-1937) mintegian.

Iowan (Amerikako Estatu Batuak) jaio zen Egurtxiki, duela 87 urte. Idahon ikasi zuen Biologia, eta han ezagutu zituen lehen euskaldunak. Lagun min izan zuen Basilio Iriondo eta hark bataiatu zuen Egurtxiki gisa, 1966an; orduan oparitutako kaiku jaka soinean zeraman atzoko aurkezpenean. Urte batzuk geroago ezagutu zuen Euskal Herria eta Gernika, eta 1937an jazotakoaz jakin-mina piztu zitzaion. Tabernari bati bonbardaketari buruz galdetu zion, eta hark erantzun zion Gernikan ez zela politikaz hitz egiten, guardia zibilek zigorrak ezartzen zituztelako. Baina denak ez ziren isildu.

Irabazleen bertsioaren arabera, Gernika herritarrek suntsitu zuten. «Apaizak berak esaten zuen mezan». Egurtxiki ez zegoen konforme, eta egia azaleratzea erabaki zuen. Lekukoek euren hitzez kontatzea nahi zuen, eta horretarako, elkarrizketak egingo zituen —liburuan transkribatu zituen—.

Haiekin hitz egin nahi bazuen, ordea, euskara ikasi behar zuen amerikarrak, eta Idahoko lagunengana jo zuen euskalduntzeko: artzainengana. 1972an, Gernikara itzuli zen, eta 73 elkarrizketa egin zituen pare bat hilabetean. Maria Angeles Basabek, lagundu zionetako batek, beste 40 bat egin zituen. Azken hamabost edo hogei lekukotzak Idahon jaso zituen, bertan gernikar asko bizi baitzen.

Erresistentzia sarean sartu zen Egurtxiki, eta haren bitartez lortu zituen elkarrizketak. «Han bazeuden gudari ohiak, eta euren artean pasa zuten mezua». Batzuek baiezkoa eman zioten elkarrizketari. «Arrien tabernan egoten nintzen, eta bertako zerbitzariak, Mirenek, paper bat ematen zidan plater azpian, elkarrizketen hitzorduekin». Gehienetan, Egurtxikik ez zekien norekin ari zen, ez zekizkien pertsona horien izenak, segurtasun arrazoiengatik; izenak gerora eman zizkioten. AEBetan bueltan zegoela, erbestetik bidaltzen zizkioten, Baionatik edo Paristik.

Modu batean, Gernikako bonbardatzearen lekuko izan da estatubatuarra, lehen eskutik eta protagonisten ahotik ezagutu duelako 1937ko apirilaren 26an Gernikan jazo zena. Protagonista haien ondorengoek ere han jasandakoa ezagut dezakete orain, Egurtxikiren lanari esker. «Egin nuen ahalik eta lanik onena, eta egindakoaz harro nago. Gehiago ezin egin dezaket. Bonbardatzea ilunean gehiago egon ez dadila, horixe izan da liburua egiteko arrazoia».

Bonben esperimentua

1936ko uztailaren 18an hasi zen kolpe faxista Espainian. Lau egun geroago bonbardatu zuten lehen euskal herria: Otxandio (Bizkaia). Ordutik eta 1937ko abuztura bitarte, milaka bonba jaurti zituzten, batez ere Bizkaian. Kolpistek Benito Mussolini eta Adolf Hitler diktadoreen laguntza eduki zuten: Aviazione Legionaria eta Condor Legioaren hegazkinak Francoren zerbitzupean jardun ziren.

Xabier Irujo Nevadako Euskal Ikasketen Zentroko irakaslea ere Gernikako mintegian parte hartzen ari da. Euskal Herriko bonbardaketen Atlasa (1936-1937) amaitzen ari da, eta ia 1.200 bonbardatze operazio dokumentatu ditu. «Horrek esan nahi du ehunka bonbardatze egin zituztela».

«Esperimentua» egin zuten Euskal Herrian, batez ere Gernikan. Irujok azaldu duenez, bonbardatzeen estrategiak garrantzia handia izan zuen. «Garai hartan, militarrek bazekiten hurrengo gerrak zerutik irabaziko zirela, argi zegoen hegazkinek izango zuten indarra». Hain zuzen, Gernikako bonbardatzean parte hartu zuen Alemaniako Condor Legioaren unitate esperimentalak; handik bi urtera hasi zen Bigarren Mundu Gerra. Haien helburua zen eremu jakin bat lauzpabost bider bonbardatu, infanteriak borrokatu gabe aurrera egin ahal izan zezan. «Berehala ikusi zuten gerra horrela irabaziko zela; izua administratu zuten».

Gernikako saioan, faxisten hegazkin guztien %21ek parte hartu zuten; ohi baino gehiagok. Horregatik dio Irujok Gernikako bonbardaketa «berezia» izan zela: «Erabili zuten hegazkin eta bonba kopuru handiagatik, lehergai motagatik —bonba batzuk su eragileak izan ziren—, eta sortu zuten hondamendiarengatik: %85,22 suntsitu zuten».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak