Albistea entzun

AEBetako hauteskundeak. Ekonomia

Merkatuek lasai hartu dute ezustekoa

Hasierako urduritasunak ekarritako galerak bizkor desagertu dira, eta gorabehera txikiekin itxi dute. Mexiko eta han interes handiak dituen AEBetako auto industria azaltzen dira galtzaileen artean
Mexikoko pesoaren eta dolarraren trukea, atzo, Guadalajaran.
Mexikoko pesoaren eta dolarraren trukea, atzo, Guadalajaran. R BASURTO / EFE

Irune Lasa - Iker Aranburu -

2016ko azaroak 10

Hautagai errepublikano batek irabazi ditu AEBetako hauteskundeak, eta merkatua ez da aztoratu. Beste edozein hauteskundetan hasierako esaldi hori sobran legoke, errepublikanoak negozioen alderdia izan baitira beti, eta haien garaipena pozik hartu ohi baitu finantza munduak. Baina Donald Trumpek establishment-aren aurkako mezu ozen batekin irabazi ondoren, finantza establishment-ak bere haserrea erakustea espero zen. Ez zen halakorik gertatu. Panikoak gutxi iraun zuen, Trumpen presidentetzari etekina ateratzea espero dutenen irabaziak estali baitzituen balizko galtzaileen erorikoak. Irabazleen artean, botikagileak, eraikitzaileak ?inbertsio publikoen plan bat agindu du Trumpek? eta erregai fosilen industriak ?klimaren berotzean ez duela sinisten esan du?. Galtzaileen artean, noski, energia berriztagarriak.

Baina lehen eguneko galtzaile orokorra Mexiko izan da, Trumpek kanpainan iragarritako hiru neurrik zuzen-zuzenean eragiten baitiote: AEB-Mexiko mugan harresi bat eraikitzea, paperik gabeko etorkinak kanporatzea eta NAFTA merkataritza libreko ituna berriro negoziatzea. Mexikoko pesoak %12ko beheraldiarekin hartu zuen Trumpen garaipenaren berria, baina zertxobait berreskuratu du gero, eta %8ko jaitsierarekin amaitu du, hots, dolarreko 20 pesoko trukean.

Mexikori gainera etor dakiokeen ekaitzak BBVA ere astindu du, Bizkaian sortutako banku horrek diru iturri handia baitu herrialde hura: %7,5 galdu du azkenean. Finantza entitateak lasai egoteko eskatu zuen, azalduta bankuaren emaitzek eta kapitalak estaldura dutela Mexikoko pesoaren baliogaltze baten kasuan.

Beste galtzaile batzuk Detroiteko Hiru Handiak izan daitezke. General Motors, Ford eta Chrysler ?azken hori, Fiaten esku? porrotaren atarian egon ziren 2008-2009an, baina ongi doaz orain, laguntza publikoarekin berregituratu zirelako ?GM eta Chrysler?, eta negozio eredu errentagarria aurkitu dutelako: auto handi eta garestiak AEBetan egiten dituzte, eta txikiak eta merkeak, Mexikon. Kanpainan, Trumpen haserrea eragin zuten GMk eta Fordek, Mexikon inbertsio gehiago egingo dituztela iragarri zutelako. Presidente izango denak auto mexikarrei %35eko muga zergak ezarriko zizkiela erantzun zuen. Oso esanguratsua da bere kanpaina Michiganen amaitu zuela Trumpek, auto industriaren bihotzean, eta agindu zuela presidente denean asko itzuliko zela estatura, «auto lantegi bat eraikitzen dugun bakoitzean».

1994 eta 2013 artean, AEBetako auto industriak hiru langiletik bat galdu zuen; Mexikokoa, berriz, bost aldiz handitu zen, eta, gaur egun, Ipar Amerikako autoen %20 han egiten dituzte. Azken urteotan, inbertsioa asko handitu da: 24.000 milioi dolar 2010az geroztik. Hauteskundeekin zerikusirik ez duen erabaki batean, GMk iragarri zuen atzo AEBetan 2.000 lanpostu kenduko dituela, auto txikien salmenta moteltzen ari delako.

Gorritik beltzera

Trumpen garaipenak eragindako ezusteak eta ziurgabetasunak bete-betean jo zituen Asiako burtsak, haien itxiera orduak boto zenbaketarekin bat egiten duelako. Horrela, Tokioko Nikkei 225 indizeak %5etik gorako galerarekin itxi zuen eguna. Europako burtsek ere kezkaz hartu zuten txanda, baina, Wall Streeten lasaitasuna ikusita, galerak txikitu zituzten, eta batzuek irabaziekin ere itxi zuten.

Arratsalde erditsuan ia %1 irabazten ari zen New Yorkeko indize esanguratsuena, S&P 500. Izango zuen zerikusirik horretan Erreserba Federalak interes tasak igotzeko aukera erdira murriztu izanak Trumpen garaipenarekin. Analista batzuek esan dute brexit-aren erreferendumak ere ustekabe politikoen aurreko txertoa eragin dietela merkatuei. Orduan beheraldi handiak izan ziren hasierako egunetan, baina aste gutxiren buruan maila berreskuratu zuten burtsek, Erresuma Batua EBtik ateratzeko prozesuaren ondorioak neurtzeko denbora behar dela ohartuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Harrotasun eguneko desfilea aurten, New Yorken. / ©Peter Foley, EFE

AEBetan 'X' genero izendapena duen lehen pasaportea eman dute

Jon Ordoñez Garmendia

Datorren urterako pasaporte sistema erabat egokituta egotea eta izendapen berria normalizatuta egotea espero dute.

Poloniako presidnte Andrzej Duda, urri amaieran Varsovian egindako ekitaldi ofizial batean. / ©Radek Pietruszka, EFE

Egunean milioi bat euroko isuna ezarri dio Europako justiziak Poloniari

Berria

Uztailean Europako Justizia Auzitegiak agindu zion Varsoviari behin-behinean eten zezala Poloniako Auzitegi Goreneko diziplina batzordea, baina hark ez zuen agindua bete. Poloniak «xantaia» egitea egotzi dio Bruselari.

Jair Bolsonaro presidentea Boa Vistan, Venezuelako mugatik gertu. / ©Isac Nobrega, EFE

Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkio Brasilgo Senatuak Bolsonarori

Arantxa Elizegi Egilegor

Sei hilabeteko ikerketa baten ostean onartu du Senatuak txostena, eta fiskaltzaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku geratuko da orain.

<b>Karbono isuriak.</b> Auto pilaketa bat, ke eta behe laino artean, Nigeriako Lagos hirian. ©AKINTUNDE AKINLEYE / EFE

Egungo konpromisoekin, «klima hondamendira bidean» da mundua

Gorka Berasategi Otamendi

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak baino askoz ere ausartagoak behar dira klima aldaketa bortitz bat ez gertatzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.