Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Legebiltzarreko talde guztiek izango dute tokia Gogora institutuan

Publizitatea

Politika

Legebiltzarreko talde guztiek izango dute tokia Gogora institutuan

Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu du lege aldaketa egitea PP egon dadin. Orain arte, soilik lau taldek parte hartzen zuten zuzendaritzan
Aintzane Ezenarro eta Carmelo Barrio, joan den astean, legebiltzarreko batzorde batean.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-02-17 / Edurne Begiristain

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren estatutuak aldatu egingo dira, PP bertan ordezkatuta egon dadin. Hala, aurrerantzean, legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek izango dute tokia Gogora institutuan. EAJk, PSEk eta PPk aurkeztu dute lege proposamena, Eusko Legebiltzarrean, eta aho batez onartu dute osoko bilkuran. Lege egitasmoa premiaz tramitatu du ganberak; duela bi aste jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren oniritzia eta, atzo, irakurraldi bakarreko prozedura erabilita eztabaidatu zuten osoko bilkuran. Legearen aldaketa ahalik eta epe laburrenean egitea nahi zuten talde proposatzaileek.

Gogora institutua 2014an sortu zen. Hura arautzen duen legeak zehazten du «pluralismo» eta «parte hartze» printzipioek gidatuko dutela erakundearen jarduera, bai eta irizpide horiek isla izan behar dutela zuzendaritza kontseiluan ere. Zehazki, legearen 8. artikuluak dio Eusko Legebiltzarrak aukeratu behar dituela erakundean ordezkatuta egongo diren lau alderdietako kideak, «ahal den aniztasun handiena» bilatuz. Beste era batera esanda, legebiltzarrean eserleku gehien duten lau taldeek ordezkatuta egon behar dute zuzendaritzan.

Joan den legealdian, UPD Gogora institututik kanpo geratu zen, baina, hark ez zuenez eskatu legea aldatzea, bere hartan geratu zen. Orain, baina, Elkarrekin Podemos da laugarren indarra, eta PP izan da zuzendaritzatik at geratu dena. Lege proposamena onartuta, PPk ere tokia izango du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuan.

Aniztasun politikoa bermatzea du xede Gogora institutuaren legeak, eta horixe gogoratu du Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak. «Guztien parte hartzerik gabe, erakundea hankamotz zegoen». Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean ere parte hartzeko gonbita egin dio Iturratek PPri. Harekin bat egin du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ere, eta nabarmendu du proposamenari agertutako babesak berekin dakarrela eztabaidagune horretan «errespetuz eta ikuspegi orokorrarekin» aritzeko konpromisoa hartzea.

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak, berriz, eskatu du alderdi guztiek ordezkatuta egon beharko luketela laguntza publikoak dituzten erakundeetan. Jose Antonio Pastor sozialistak txalotu egin du Gogoraren «ateak» talde parlamentario guztiei «ireki» izana, eta poztu egin da hemendik aurrera «inor ez delako baztertuta» sentituko erakunde horretan.

Elkarrekin Podemoseko Pili Zabalaren ustez ere, positiboa da hauteskundeen osteko «errealitate politiko berria» islatuta geratzea Gogora institutuan.

Publizitatea

Sortu kontua
Edurne Begiristain Edurne Begiristain

Publizitatea

Politika saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak

Zerrenda osoa ikusi

Gaiarekin zerikusia duten albisteak