Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Tosurako bidea zarratu guran

Publizitatea

Gizartea

Tosurako bidea zarratu guran

Ibarbengoako metro geltokiko aparkalekuaren aurkako kanpaldia hasi dute, Getxon. Ekintzaileek okupatua duten Tosu orubea hustea eragotzi nahi dute.
Algortako Telletxe kalean (Getxo, Bizkaia) errail bat itxi zuten atzo, herritarren artean kontzientzia sortzeko.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-09-02 / Ibai Maruri Bilbao

Birritan oztopatu dute, eta hirugarrenean proiektua «behin betiko geratu» nahi dutela ohartarazi dute. Epaileak Ibarbengoako (Getxo, Bizkaia) metro geltokiaren aparkalekua eraiki gura duten orubea husteko agindua eman zuen uztailean, eta atzo sartu zen indarrean. Egitasmoaren aurka sortutako Tosu Betirako mugimenduak epaitegietan ezin du besterik egin. Horregatik, herenegun arratsaldetik kanpaldian daude, orubean bertan, Tosu izeneko landan. Atzo eguerdian Algortara eroan zuten protesta: 12:00etan hasita Telletxe kalean errail bat itxi zuen gazte batek, bidoi batera kateatuta.

Elkarretaratzea ere egin zuten dozenaka lagunek. Eta, bide batez, handik zebiltzan herritarrei informazioa banatu zieten. Auzoko kale jendetsuena da Telletxe. «Kanpotik ikusita, badirudi aparkaleku baten aurka dauden zoro batzuk garela. Baina ez da horrela. Azken batean, hemen jendarte eredua dago jokoan», zehaztu du Xabier Albisu Lasak. Zergatik egiten duten protesta azaldu zieten entzun gura zuten guztiei. Eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia ere egin zieten.

Egunotan gertatzen ari denaren abiapuntua zehazteko, 1997ra egin du salto Albisuk. Urte hartan onartu zituen Eusko Jaurlaritzak lurralde antolamendurako gida lerroak. «Garai hartako proiektuak makro hiriak ziren. Eta horietako bat Bilboaldea zen», gogoratu du. Eredu horrek proiektu komunitarioak eta nekazaritza baztertzen zituela salatu du. 2006an Bilboaldeko Lurralde Zati Plana onartu zen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak inguru zabalago horretan sartu zuen Uribe Kosta. «Bilbon lan egin eta herrietan lo egingo zuten biztanleentzako eskualdea sortzea zen asmoa. Getxo eta gainontzeko herriak lotarako toki bihurtu nahi zituzten. Asmo horrekin, Andra Mari auzoa urbanizatzeko proiektua sortu zen».

Getxori geratzen zaion landa inguru bakarra da Andra Mari. Lursail haietan 8.000 etxebizitza eraiki gura izan zituzten, 20.000 biztanle berri erakartzeko. «Existitzen ez zen auzo bat sortu nahi zuten ezerezetik». Getxoztar asko egitasmo haren aurka agertu ziren, eta herritarren mobilizazioek egitasmoa behin betiko baztertzea lortu zuten.

Metro geltokia, lehen harria

Bilboko Metroaren lehen linea paraje horietatik igarotzen da. Inguruan ia ez da inor bizi. Baina badu geltokia: Ibarbengoa. Eraiki zenetik, zabaldu gabe dago. Zortzi urte igaro dira harrezkero. «Irekitzeko aparkalekua behar dutela esaten dute, metroa hartzera doan jendeak ibilgailua non utzi izan dezan. Baina inor ez bada inguruan bizi, zertarako egin dute han?». Metrorik ez duten eskualdeko herrietako biztanleentzako geltokia izango dela esan dute agintariek. Baina Albisuk beste asmo batzuk ikusi ditu. Garraio publikoa badu, badu aparkalekua... Uste du auzoa epeka urbanizatzen hasteko lehen pausoa dela: «Lehen kolpean egitea lortu ez zutena apurka-apurka egin nahi dute orain». Badu hori pentsatzeko motibo bat. Dioenez, uda honetan Viviendas de Vizcayaren kartel bat agertu da orube batean, salgai dagoela iragarriz.

Aparkalekua egiteko proiektuarekin hasi zirenean, haren aurkako mugimenduko kideek orubea okupatu zuten. Ordutik ortu komunitarioak dituzte. Egunotakoaren aurretik, beste bi kanpaldi egin dituzte: desjabetze aginduekin joan zitzaizkienean, eta, joan den ekainean, husteko aginduarekin joan zitzaizkienean. Baina uda hasieran ezin izan zuten hustu, badelako Tosun bizi den eta bertan erroldatuta dagoen pertsona bat.

Hasierako proiektua geltokia eta aparkalekua batera eraikitzea izan zen. Albisuk azaldu du orduan tren azpiegiturek ez zutela ingurumen baimenik behar. Baina gerora, Europako Batasuna eskatzen hasi zen. Ekintzaile hauen ustetan, orain eraiki gura bada, aparkalekuak baimen hori beharko luke. Baina agintariek ezetz erantzuten diete, orduko proiektu berbera dela, eta orduan ez zuela baimenik behar izan. «Gure ustez, hori tranpa da. Baina epaitegietan hori salatzen hastea oso nekeza izango litzateke. Ebazpenen bat jaso orduko, denbora asko pasatuko litzateke. Seguruenik ordurako obrak hasita egongo lirateke. Agian bada norbait borroka horretan dabilena epaitegietan, ez dakit, baina ez dakit merezi duen ere».

Azken helburua obra behin betiko geratzea da. Eta horretarako herritarren babesa behar dutela esan du Albisuk. «Agintariek esaten dute legea dagoela, eta hori bete behar dela. Guk ikusten dugu legitimitatea ere badagoela, eta hori herriak ematen duela. Jendea proiektuaren kontra agertzea lortzen badugu, badakigu ez dutela aurrera egingo, horren kostu politikoa oso handia izango litzatekeelako eurentzat». Getxoztarren artean kontzientzia sortu nahi dute. Kanpalditik pasatzeko deia egin diete. «Auzo baten modukoa da Tosu».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak