Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Jaurlaritzak dio Poliziaren Biktimen Legearen xedea ez dela zigorrak ezartzea

Publizitatea

Politika

Jaurlaritzak dio Poliziaren Biktimen Legearen xedea ez dela zigorrak ezartzea

Espainiako Gobernuaren helegitearen kontrako alegazioak aurkeztu ditu. Legea ez eteteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari
Jaurlaritzaren eledun Josu Erkorekak azaldu ditu alegazioen nondik norakoak.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-13 / Gotzon Hermosilla

Eusko Jaurlaritzak alegazioak aurkeztu dizkio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, Poliziaren Biktimen Legea bertan behera uzteko erabakiaren kontra. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen Eusko Legebiltzarrak onartutako lehen horren kontra, eta, helegite horri erantzunez, legearen zenbait artikuluren kautelazko etendura ezarri zuen Konstituzionalak, auziaren mamiaz ebatzi bitartean. Alegazioetan, etendura hori kentzeko eskatu du Jaurlaritzak, eta argudiatu du legea bat datorrela Espainiako konstituzioarekin, haren xedea ez baita zigorrak ezartzea.

Espainiako Poliziaren indarkeria pairatu duten biktimei «errekonozimendua eta erreparazioa» eskaintzea da 12/2015 legearen helburua, eta, Jaurlaritzaren ustez, ez da Espainiako konstituzioaren kontrakoa, «nazioarteko zuzenbidearen eskakizunekin bat» datorrelako eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiolako gaia arautzeko eskumena.

Alegazioetan, Jaurlaritzak adierazten du legea «nazioarteko tratatu eta akordioetatik datorren doktrinan» oinarritzen dela, eta biktimen errekonozimendu eta erreparazioa «zuzenbideko estatu baten berezko eskakizunetan» txertatzen den helburua dela.

«Jurisdikzio eskumenen inbasioa» zegoela argudiatu zuen Espainiako Gobernuak legearen kontrako helegitea aurkeztu zuenean, uste zuelako horrelako auzien inguruan ebaztea epaileei dagokiela eta ez bestelako instituzioei. Horren aurrean, Jaurlaritzak erantzun du onartutako legeak ez duela inolako zigorrik ezartzen, ez duela oztopatzen zigor arloko prozesua horrelakorik balego, eta gertatutakoak delitu gisa kalifikatzea edo egileak nortzuk izan ziren zehaztea ere ez dagoela haren eginkizunetan.

Bestalde, Jaurlaritzak gogorarazi du balorazio batzorde bat eratuko dela kasu guztiak aztertzeko, eta, legean aurreikusitakoaren arabera, batzorde horrek preskribatu gabeko espedienteen berri emango diela epaitegiei, epaileek erabaki dezaten horien inguruan prozesuren bat abiarazten duten ala ez, eta balorazio batzordeak edozein auziren inguruko prozesu guztiak eten egingo dituela baldin eta auzi horri buruz kausa judizial edo administratibo irekiak daudela jakiten bada.

Poliziaren Biktimen Legea duela urtebete sartu zen indarrean. iazko abuztuan hain zuzen, baina Espainiako Gobernuak horren kontrako helegitea aurkeztu zuen aurtengo maiatzean. Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen legearen zenbait atal —Espainiako Gobernuak ezbaian jarritakoak, hain zuzen— behin-behinean etetea, eta horren inguruan erabakiren bat hartu behar du urriaren 10a baino lehen. Auziaren mamiaz ebazteko, berriz, Konstituzionalak ez du eperik.

Atzo, Espainiako Gobernuari egindako kontrol saioan, legeari jarritako helegitearen alde egin zuen Rajoyk. Argudio berdinekin: horrelako auzien inguruan ebaztea epaileei dagokiela.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak