Albistea entzun

Kalteak arintzea helburu

ELE eragin linguistikoaren ebaluazioaren izaera transbertsala aldarrikatu dute 'Lurraldea eta Hizkuntza' jardunaldietan, haren eraginkortasuna frogatutzat jota.
Josu Labaka (Uema), Mikel Irizar (Gipuzkoako Diputazioa), Iñaki Alegria (UEU) eta Paul Bilbao (Kontseilua), atzo, jardunaldiaren inaugurazio ekitaldian.
Josu Labaka (Uema), Mikel Irizar (Gipuzkoako Diputazioa), Iñaki Alegria (UEU) eta Paul Bilbao (Kontseilua), atzo, jardunaldiaren inaugurazio ekitaldian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2016ko maiatzak 13 - Donostia

Nola gutxitu edo arindu daiteke hirigintza proiektu batek arnasguneetan eragin dezakeen inpaktua? Zein tresna legal beharko lirateke halako egoerei aurre egiteko? Kontseiluak eta Uemak 11 printzipio orokor proposatu zituzten atzo, neurri zuzentzaile horietara iristeko, UEUrekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan.

Izan ere, ELE eragin linguistikoaren ebaluazioak hirigintza proiektuek arnasguneetan zer kalte eragin ditzaketen ezagutzeko balio du, baina harago joateko beharra ikusi dute. «ELErekin etxe baten hezurdura jarri dugu, baina etxe hori mamitu egin behar da oraindik: ELE tresna bat da, baina eraginkorra izango bada, testuinguru bat eta oinarri bat behar ditu», azaldu zuen Iker Salaberria Kontseiluko koordinatzaileak.

Bi erakundeen artean pentsatutako 11 printzipioen berri eman zuen Salaberriak. Zeharkakotasuna edo transbertsaltasuna, politika guztietan ELE kontuan hartua izan dadin; zuhurtzia eta prebentzioa, kaltea eragin aurretik arriskuak balora daitezen; lurralde antolaketa eta hizkuntza antolaketa eskutik lantzearen garrantzia; arnasguneen kategorizazioa, arnasguneak zer diren eta zer ez diren definitzeko: horien trataera berezia, egoera linguistiko desberdinak dituzten guneei trataera desberdina emateko, arnasguneen aldeko desoreka eginez; arnasguneen eskualde buruen rola; ELEren aplikagarritasuna definitu eta legez jasotzeko beharra; herritarrekin eta gizarte eragileekin batera, euskalgintzaren parte hartzea sustatzea; neurri zuzentzaileak hartzeko beharra, kalteak arintzeko; prebentzioaren finantzaketa zeini dagokion zehaztea eta araudiaren garapena, arnasguneen kategorizazio eta tratamendurako, lurralde eta hizkuntza antolamendurako eta ELE beraren aplikaziorako.

Miren Segurola Uemako koordinatzaileak kalteak eragin ditzaketen hirigintza planen aurrean har daitezkeen neurri zuzentzaileentzako marko orokor bat osatzeko beharraz hitz egin zuen. ELE mahaia deituriko guneari legokioke neurriak proposatzea: proiektuaren sustatzaileak, udalak, herri eragileek eta euskalgintzak parte hartuko lukete bertan.

Segurolak gidatutako ariketa praktiko batekin bukatu zuten saioa, entzuleei kasu hipotetiko bat planteatuz: 2.154 biztanleko Artzaineta udalerrian egin nahi duten hirigintza plan bat proposatu zieten, eta izango lituzkeen ondorioak arintzeko zein neurri proposatuko lituzketen galdetu zieten. Eskualdeburutik lau kilometrora legoke herria, euskararen %89ko ezagutzarekin. Plan horretan, besteak beste, zortzi lokal aurreikusten dira etxepeetan, merkataritza gune bat ordura arte nekazaritza gunea den lekuan, errepide berria etxebizitzen gune horretara sartzeko eta enpresa pribatu batek kudeatuko lukeen igerileku bat.

Entzuleek hainbat neurritan bat egin zuten. Esaterako, lokal bat edo batzuk udalak berak erosi eta horietan zerbitzu publikoren bat eskaintzea. Edo, lokal horiek errentan jartzerakoan, zenbait baldintza jartzea, hizkuntzarekin lotuta. Igerilekuko langileak herrikoak eta euskaldunak izatea ere hainbatek proposatu zuten. Merkataritza guneari ere jarri beharko litzaizkieke baldintzak.

Etxebizitzei dagokienez, familia bakarreko gune berri eta handiak saihesteko eskatu zuten. Eta, halako etxeak eraikitzekotan, sakabanatuta eraikitzea proposatu zuten. Eta, horrekin bat eginez, euskalduntze programak aktibatzea edo erraztasunak ematea.

Etxebizitzak landa eremuan eraikiko liratekeenez, hango nekazariak hantxe gelditzea eskatu zuen beste batek, haiek lekuz aldatu beharrik izan gabe —arnasgunea arnasgune izatearen erantzule direlakoan—. Herriari iritzia eskatzea ere galdegin dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatetik, COVID ziurtagiria eskatu behar dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako establezimendu batzuetan. Irudian, Donostiako Aratz jatetxea. ©JON URBE / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete

Gipuzkoako intzidentzia metatua 1.183 kasukoa da, pandemiako handiena. Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan protokoloak zorroztera egingo dute, eta diskotekak-eta itxi egingo dituzte hilabetez

Manifestazioa, atzo, Durangoko kaleetan. ©FOKU

«Euskararen Errepublika» helburu, hizkuntza politika burujabea exijitu du EHEk

Maite Asensio Lozano

Ehunka lagun bildu dira Durangon, Euskal Herrian Euskaraz-ek egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu du

COVID-19aren aurkako txertaketa Illunben, Donostian, abuztuan. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Txertoak: bakarrik ez dira aski

Edurne Begiristain

COVID-19aren aurkako txertaketa ez da nahikoa kutsatzeak eta transmisioa eragozteko. Adituen ustez, bestelako neurriak behar dira, eta errefortzu dosiak ere bai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.