Euskarazko arreta bermatu nahi du laukoak administrazio publikoan

Foru dekretu berri baten proposamena aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, UPNren araua indargabetzeko. Gaur egun, funtzionario lanpostuen %0,9tan bakarrik eskatzen da euskara
IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2017ko otsailak 1
Joko arau berriak ezartzeari ekin dio Nafarroako Gobernuak. Iragan astean Euskararen I. Plan Estrategikoa onartu ostean, administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko foru dekretuaren proiektua aurkeztu zuen atzo. Arau berri horren bidez, administrazioaren eta herritarren arteko harremanak «Nafarroako berezko bi hizkuntzetan» izateko aukera ziurtatu nahi du lauko gobernuak, euskarazko arreta bermatuta.

Atzo aurkeztu zuten agiria Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean, eta gaurtik aurrera, ikusgai egonen da Nafarroako Gobernuaren webgunean, herritarrek eta gizarte eragileek ekarpenak egin ditzaten.

Dekretu berriak eragin zuzena izanen du administrazioaren komunikazioan, lan deialdi publikoetan —irizpide berriak ezarriko baititu euskara eskakizun nahiz meritu gisa baloratzeko tenorean—, baina baita egungo lantaldean ere. Izan ere, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok atzo azaldu zuenez, neurrietako bat izango da gaur egun jardunean diren langile elebidunak arreta postuetan jartzea.

Gobernuak emandako datuen arabera, Nafarroako 3.500 funtzionario baino gehiago euskaldundu dira azken urteetan Euskarabidearen euskaltegian, eta horietatik, milak baino gehiagok lortu dituzte B2 edo C1 gaitasun tituluak. «Nafarroako Gobernuak ez du baliabide handi hori aprobetxatu, orain arte», esan zuen kontseilariak.

Etorkizuneko lan eskaintza publikoei dagokienez, ele biko lanpostuak zeintzuk diren zehaztuko du dekretuak; besteak beste, herritarrekiko arreta zuzenean oinarritutakoak —telefonoguneetan, erregistro bulegoetan eta larrialdi zerbitzuetan—, eta ahoz eta idatziz informazioa eman behar dutenenak lehenetsiko dituzte. Euskara eskakizun izanen da lanpostu horietan, eta, dekretuaren proposamenean zehazten denez, «kopuruz nahikoak» izanen dira, herritarren eskubideak bermatze aldera.

Hala ere, gaur egun jardunean diren funtzionarioen eskubideak bermatuko dituztela ziurtatu zuen Ollok: «Euskarazko prestakuntza jardueretan beren borondatez parte hartzeko aukera eskainiko zaie horiei, eta, bestela ere, euskarazko zerbitzua bermatua egonen da talde bereko beste langileekin».

Gainera, ele bikoak ez diren lanpostuetarako ere, euskara meritua izanen da, Nafarroako hizkuntza propioa den heinean, oposizioetan nahiz barne promoziorako lehiaketetan. «Orain arte ez da planifikaziorik egin, eta, ondorioz, huts handiak daude; besteak beste, ingelesari edota alemanari baino balio txikiagoa eman zaio euskarari hainbat deialditan», esan zuen kontseilariak. Halako kasuak saihesteko, baremazio berria prestatu du Nafarroako Gobernuak.

Aldaketa mailakatuak

Foru dekretu berria onartuko balitz ere, aldaketak ez lirateke lehen egunetik aurrera ezarriko. Langileak lekualdatzen eta deialdiak egiten hasi aurretik, departamentu bakoitzaren beharrak zeintzuk diren aztertu nahi du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, diagnostikoa eginen dute datozen hilabeteetan: «Jakin behar dugu, gaur-gaurkoz, zenbat langilek eman dezaketen arreta euskaraz, non dauden gabeziak, zeintzuk diren baliabideak...». Departamentu bakoitzak urtebeteko epea izanen du diagnostiko hori egiteko. Euskarabidea institutuari dagokio departamentuen artean koordinazio lana egitea eta aholkua ematea.

Behin ebaluazioa eginda hasiko dira aldaketak, «Nafarroako euskal hiztunen kopuruaren eta administrazioaren euskarazko eskaintzaren arteko alde handia murrizteko xedez». Gaur egun, Hezkuntza Departamentua kenduta, funtzionarioen %0,9 soilik dira euskaldunak. Osasunbidean, esaterako, postuen %0,64 dira elebidunak, eta zenbait departamentutan ez dago euskara eskakizun duen postu bakar bat ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna