Martxoak 3 elkarteak egiaren batzorde bat sortzeko eskatu du

Erakundeei eskatu die nazioarteko legedia betearazteko neurriak har ditzatela. Gasteizko gertakarien 41. urtemuga oroituko dute ostiralean
Martxoak 3 elkarteko kideak, atzo, Memoria Gunean eskainitako agerraldiaren une batean.
Martxoak 3 elkarteko kideak, atzo, Memoria Gunean eskainitako agerraldiaren une batean. JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2017ko otsailak 28
Egia eta justizia eske jarraitzen dute Martxoaren 3ko biktimek, 41 urte igaro eta gero. Espainiako «zigorgabetasuna» salatzeko arrazoiek bere horretan diraute, eta, horregatik, memoriaren alde urrats berriak egiteko garaia iritsi dela uste dute. Bereziki instituzioei eskatu diete nazioarteko legedia betearazteko neurriak har ditzatela. Besteak beste, beharrezkoa ikusten dute Eusko Legebiltzarrak egiaren batzorde bat sortzea, frankismoko eta trantsizioko krimenak ikertzeko eta «estatu terrorismoak» azken hamarkadetan eragindako kasu guztiak argitzeko. Horrez gain, Memoria Historikoaren lege bat onartzeko eskaera ere egin diote legebiltzarrari; lege horrek 1936tik izandako giza eskubideen urraketa guztiak jaso beharko lituzke, «inor baztertu gabe».

Ostiralean 41 urte beteko dira polizia armatuak bost langile tiroz hil eta beste ehunka zauritu zituenetik Gasteizen. Aldarrikapen eta oroimen eguna izango da biktimentzat, eta, urtero legez, egia, justizia eta erreparazioa eskatuko dute kaleetan. Bezperan, elkarretaratze batean salatuko dute Gasteizko instrukzio epaitegiak artxibatu egin duela Gasteizko gertakariak argitzeko Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek aurkeztutako kereila, argudiatuta 40 urte pasatu direla eta delituak preskribatuta daudela. Martxoak 3 elkartearentzat delituak «preskribaezinak» dira, nazioarteko zigor zuzenbideak gizateriaren kontrako krimenak hala jotzen dituelako. 1976an Zaramagako elizan hasi zen sarraskia gizateriaren kontrako delituen artean kokatu dute kideek.

Osteguneko elkarretaratzearekin bat egin dute jada ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, CCOO eta UGT sindikatuek. Martxoak 3 elkarteko kideek herritarrei, alderdiei eta elkarteei dei egin diete protestan parte hartzeko.

Gasteizko gertakariak ikertzeko «borondaterik eza» egotzi dio Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak Espainiako Gobernuari. Hori horrela, elkarteak erabaki du gertatutakoaren berri Pablo de Greiff eta Ariel Dulitzky Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen kontalari bereziei jakinaraztea, haiek Espainiaren aurkako neurriak har ditzaten.

Urtemugarako egitaraua

Asteon, justizia eta memoria presente egongo dira Gasteizen, sarrasakiaren urtemugaren harira antolatu diren ekitaldietan. Nerea Martinez elkarteko kideak jakinarazi duenez, ostiraleko omenaldiez gainera, bestelako ekinbideak ere martxan jarri dituzte. Batetik, Martxoaren 3ko gertakarien berri jaso du Ipar Irlandako Bloody Sundayko biktimen elkarteak aldizkari batean, eta egunotan Derryko hainbat kioskotan saltzen ari dira; bestetik, Sociedad Alkoholika musika taldeak sarraskiari buruzko kanta bat grabatu du.

Gaur eta bihar, berriz, Montejurrako (Nafarroa) gertakariei buruzko dokumental bat eta Jorge Videlaren diktadurari buruzko beste bat ikusteko aukera izango da Gasteizko Memoria Gunean, 19:00etan. Ostiralean, berriz, egun osoan izango dira ekitaldiak: EH Bilduk gorazarre egingo die biktimei eguerdian, Zaramaga auzoko oroitarrian, eta beste horrenbeste egingo du biktimen elkarteak, 18:30ean. Ondoren, manifestazio bat irtengo da Zaramaga auzotik Andre Maria Zuriko plazara, sindikatuek deituta. Martxoaren 4an, berriz, EH Bilduk beste omenaldi bat egingo du Dulantzin (Araba) eta egun berean Madrilen (Espainia) Justizia eta Memoriaren aldeko hiriak jardunaldietan parte hartuko dute Andoni Txaskok eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna