Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia LPEEk aitortu du agindu zuen baino petrolio gehiago ekoizten ari dela

Publizitatea

Ekonomia

LPEEk aitortu du agindu zuen baino petrolio gehiago ekoizten ari dela

Produkzioa 32,8 milioi upelera igo duen arren, gehiegizko ekoizpena txikitzen ari dela dio. Gasolinaren eta gasolioaren prezioa igo egin da
Khalid al-Falih Saudi Arabiako Energia ministroa. LPEEren azken bileran, maiatzean, Vienan.
Argazkia: LISI NIESNER / EFE

2017-08-11 / Iker Aranburu

Emandako hitza betetzeko arazo handiak dituztela erakutsi dute berriro (LPEE) Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideek. Petrolioaren prezioa igotzearren, ekoizpena gutxituko zutela agindu zuten iazko azaroan, eta konpromiso hori berretsi zuten maiatzean. Hala ere, uztailean ekoizpena handitu dute, eta urteko mailarik handienean dago. Upelaren prezioa, berriz, ekainaz geroztik igotzen ari den arren, ez da 55 dolarretara hurbildu.

Bileretan esandakoa betetzeko arazoak izateak erakusten du uztailekoa ez dela datu bakartu bat. Izan ere, laugarren hilabetez jarraian handitu du produkzioa LPEEk. Egia da, hori bai, produkzioa gehien handitu duten bi herrialdeak murrizketetatik salbuetsita zeuden biak direla: Libiak egunero 154.300 upel gehiago atera ditu putzuetatik, eta 34.300 upel gehiago, berriz, Nigeriak. Bi herrialdeetan dauden gatazka armatuek eragin zuten haiei murrizketarik ez eskatzea.

Baina bi horiena baino esanguratsuagoa da LPEEko kide handiagoen jarrera. Karteleko aita pontekoak, Saudi Arabiak, %0,3 handitu zuen, 10,06 milioi upeleraino; haren aurkariak, Iranek, %0,2 handitu du, 3,8 milioiraino.

Musulman suniten gidari izan nahi duenaren eta xiismoaren gotorlekuaren arteko gatazka da LPEEren eraginkortasun txikiaren arrazoietako bat. Prezioen jaitsiera eragin zuen Saudi Arabiak, gehiegizko produkzioari eutsi ziolako ekoizle garestiagoak merkatutik kanporatzeko —Ipar Amerikako ekoizle ez konbentzionalak, nagusiki—. Estrategia horrek huts egin zuen: fracking bidezko ekoizle gehienek iraun dute, baina Saudi Arabiaren kutxak hustu dira. Iaztik, Riadek norabidea aldatu du, eta ekoizpena txikitu nahi izan du, baina Iranek ez dizkio gauzak erraztu. Teheranek aldarrikatu du eskubidea duela gehiago ekoizteko, Mendebaldeko zigorrek petrolio ekoizpenari egindako kalteak berreskuratu arte behinik behin.

Uztailean, batez beste, egunean 32,86 milioi upel ekoitzi zituzten LPEEko kideek, ekainean baino %0,3 gehiago. Abuztuan horrela jarraituz gero, 33 milioiren langa gaindituko lukete. Hain zuzen ere, kopuru horretan zeudela erabaki zuten ekoizpena 1,2 milioi upel jaistea; Errusiak eta beste ekoizle handi batzuek beste 600.000 upel kendu behar zituzten.

Edonola ere, bere hileroko txostenean, LPEEk ziurtatu du bere helburua betetzen ari dela, eta gehiegizko ekoizpena txikitzen ari dela. Batetik, munduko ekonomia uste baino bizkorrago hazteak kontsumoa ere handitu duelako. Bestetik, erreserbak txikitzen ari direlako.

Euskal Herrian, garestiago

Upelaren prezioa igo egin da azken asteetan: 45 dolarretan zegoen ekainaren erdian, eta 52 dolarretan zegoen atzo arratsaldean. Eurotan aldea txikiagoa da, 40tik 44ra, tarte horretan Europako diru bakarra indartu egin delako dolarraren aldean.

Garestitze txiki hori antzeman da gasolindegietan: EBn, zentimo bat gasolina eta bi zentimo gasolioa. Euskal Herrian, gehiago: bi zentimotik gora gasolina, eta ia lau zentimo, berriz, gasolioa.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak