Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Abenduaren 9a mugarri, '12 ordu bakearen alde' ekinbidea aurkeztu dute

Publizitatea

Politika

Abenduaren 9a mugarri, '12 ordu bakearen alde' ekinbidea aurkeztu dute

Ehundik gora artista batuko dira hilaren 30ean Luhuson, «bake prozesua» sostengatu eta Parisko mobilizazioa finantzatzeko helburuarekin
Kulturgileak, ekinbidearen berri ematen, atzo, Luhusoko Herriko Etxean.
Argazkia: ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-09-12 / Eneko Etxegarai Urain

Irailaren 30ean egingo da Luhuson (Lapurdi). Kulturgileek berek antolatu dute ekinbidea, eta 12 ordu bakearen alde lelopean egingo dute. Hamabi orduko egitarau oparoa prestatu dute egun horretarako. Musika, dantza, bertsoa, hitzaldiak... izanen dira. Izen batzuk jakinarazi dituzte: besteak beste, Willis Drummond, New House, Polygorn ariko dira, eta Sustrai Colinaren eta Maialen Lujanbioren bertso saioa izanen dira. Artista guziak urririk etorriko dira, eta atal teknikoan «indarrak» egiten ari direla azaldu du Stephane Etxegaraik. Helburu bikoitza finkatu dute antolatzaileek: «Euskal Herriko bake prozesuari publikoki sostengua adieraztea» bata, eta «abenduaren 9an Parisko manifestazioa antolatzeko dirua biltzea» bestea. Eguna burutu ahal izateko, 200 laguntzaileren bila ari dira; artisansdelapaix.eus webgunean eman daiteke izena.

Azken hilabeteetan zendu diren bi pertsona ere izan dituzte gogoan antolatzaileek: Mixel Bergouignan eta Mixel Thikope. Biak bakegileak izateaz gain, hurbiletik inplikatuak ere baziren. Bergouignan Luhusoko operazioan atxilotu zuten, eta Thikoipe kultur ekimeneko kide zen. «Beti hor eta parte hartzeko prest» zela nabarmendu du Etxegaraik.

2016ko abenduaren 16an atxilotu zuten atzo kulturgileen ekinbidea aurkeztu zuen Etxegarai musikari eta bideogilea. Biharamunean kultur eremuko eragile andanak adierazpen bat egin zuen. Atxiloketak eta estatuen jarrera salatzeaz gain, bake prozesuari beren ekarpena egingo ziotela iragarri zuten. Geroztik, Hor dago kantua grabatu dute dozenaka artistak, baita bi bideoklip aurkeztu ere. Etxegaraik oroitarazi du iehke.blogspot.fr webgunearen bitartez kolektiboan izena emateko aukera emana dela. Artista gehienak Ipar Euskal Herrikoak direla azpimarratu dute, baina Hego Euskal Herritik ere sostengu franko erdietsi dituztela.

Paris, abenduak 9

Apirilaren 8an, ETA erakundearen desarmatze egunetik antolatua den ekitaldirik garrantzitsuena izango da abenduaren 9a bakegileentzat. Desamartze biharamunean, maiatzaren 16an eman zuten Parisko mobilizazioaren berri. Hiru puntu nagusi identifikatu zituzten orduan bakean aurrera egiteko: presoak eta iheslariak, biktimak eta elkarbizitza. Biktimen arloan gogoeta talde bat eratuko zutela iragarri zuten, errealitate eta esperientzia guziak bildu eta lantzeko. Bide beretik jo zuen atzo Etxegaraik; «apirilaren 8a etapa soil bat izan da, ez amaiera». Orain presoak leloa darama Parisko karrikak hartuko dituen mobilizazioak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak