Molekulen argazkilari

Kimikako Nobel saria jasoko dute kriomikroskopia elektronikoa garatu duten hiru ikertzailek. Zientziako Nobel sari guztiak gizonak dira aurten
Sarituetako bat, Richard Henderson, artxiboko irudi batean.
Sarituetako bat, Richard Henderson, artxiboko irudi batean. CAMBRIDGEKO UNIBERTSITATEA / EFE

Arantxa Iraola -

2017ko urriak 5
Hiru izen berrik luzatu zuten atzo Nobel saria lortu duten ikertzaileen zerrenda; Kimikako saria jasoko dute Jacques Dubochetek, Joachim Frankek eta Richard Hendersonek. Hirurek kriomikroskopia elektronikoa garatzeko egindako aurrera urratsak aintzat hartu ditu epaimahaiak; horiei esker biomolekulen irudi aski doiak lortu dira, eta, ondorioz, biokimika zidor berritzaileetan dabil, muga berrietara hurbiltzen. Hiru izenok jakinda, ikusi da beste urte askotan errepikatu den egoera bera: Nobel sarietako zientziako saritu guztiak gizonezkoak dira.

Izan ere, aurreko egunetan jakin dira Medikuntzako eta Fisikako saridunak ere, eta horietan ez da andrazko bakar bat ere. XX. gizaldi hasieran sariak banatzen hasi zirenetik, 920 pertsonari eman diete saria, eta horien artean 49 emakume bakarrik daude. Iaz, esaterako, ez zen bakar bat egon. Aurten, Literaturakoa, Ekonomiakoa eta Bakearena falta dira oraindik jakiteko, baina zientzia arloan bederen andre bakar batek ez du jaso aitortzarik. Gaur jakinaraziko dute nork jasoko duen Literaturako saria, ostiralean Bakearena jakingo da, eta astelehenean Ekonomiakoa.

Suediako Zientzien Errege Akademiako arduradunek atzo, sarien berri ematean, adierazi zuten hiru ikertzaileek biomolekulen «hiru dimentsioko irudiak» lortzeko bidea egin dutela, eta horregatik merezi dutela saria. Aurkikuntza horri esker biokimikariek hainbat ekarpen berri egin ahal izan dituztela adierazi zuten, eta aski praktikoak direla horiek. Azaldu zuten, esaterako, botikekiko erresistenteak diren proteinak ikusteko era izan dela, eta lortu dela botika berriak garatzea hainbat eritasunen kontra, esaterako zika birusari aurre egiteko. Suitzakoa da Dubochet, Erresuma Batukoa Henderson eta naziotasun bikoitza du Frankek, Alemaniakoa eta Ameriketako Estatu Batuetakoa. Epaimahaikideen arabera, hiru ikertzaileek egin dituzte hobekuntzak kriomikroskopia garatuz joateko, eta elkarren osagarriak izan dira egin dituzten aurkikuntzak. Teknika hori oso tenperatura baxuetan egiten da, eta zelulak maila atomikoan atzematen ditu.

Aparteko entzutea lortu zuten atzo Dubochetek egin zituen adierazpenek, izan ere, umetan, dislexiaren eraginez ikasteko arazoak izan zituela oroitarazi zuen. Zailtasuna «ofizialki» onartu zuela azaldu zuen, eta eskolako martxan agerikoa izaten zela bere arazoen ondorioa. «Txarra izan nintzen ikasturte guztietan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: